joxerra senar
GEURE KONTU

2023ak lehengo lepotik burua

2023ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Urtebete atzera eginez gero, pandemiaren ondorioak atzean utzi ahala, 2022a normaltasunera itzultzeko urtea izatea espero zen. Halaber, 2023an susperraldiaren ildo positibo horri jarraipen are sendoagoa emango zitzaiola uste zuten adituek. Erabat oker zeuden. Errusiak Ukraina inbaditzeak eta energiaren garestitzeak perspektiba horiek irauli zituzten, eta aurretik jada antzematen ziren arazoei erregaia bota. Hala, nazioarteko hornidura kateen arazoak ez dira oraindik guztiz amatatu, eta, inflazioa, buruko min arina izan beharrean, iazko jarduera ekonomikoa goitik behera baldintzatu duen gaitza bihurtu da. Dena den, zerbait ez da aldatu: 2023ak lehengo lepotik izango du burua. Diferentzia nagusia da duela urtebete espero ziren goranzko dinamika baikorrak nagusitu beharrean beheranzkoak gailendu direla. Eta ezkortasun horrek, jakina, dena aldatzen du.

Euskal ekonomiak 2022an balaztari sakatu zion, eta 2023an are sakonago sakatuko dio. Zalantza nagusia da noraino hel daitekeen horren efektua. Aurtengo datuekin alderatuta, Hego Euskal Herriko bi gobernuek aurreikusi dute hazkundearen erritmoa erdira murriztuko dela gutxi gorabehera: hala, Jaurlaritzak uste du aurten BPGa %2,1 handituko dela; Nafarroako Gobernuak, ezkorrago, %1,4 haztea espero du. Ziurrenik, duela urtebete halako datuak baldekada bat ur hotz izango ziren, baina, egungo testuinguruan, ez dira hain txarrak. Erresilientzia horren adierazle garbiena da oraingoz enpresek inbertsioari eutsi egiten diotela. Zer esanik ez, urteari ez hain ezkor begiratzeko arrazoi izan beharko luke Europako Next Generation funtsen bultzadak.

Nazioarteko aurreikuspena

Alta, urak oso nahasi daude, eta nor baino nor ezkorrago daude nazioarteko erakunde ofizialak. Atzeraldiaren mamua denen buru gainean dago. Nazioarteko Diru Funtsak iragarri du Mendebaldeko herrialdeetako ekonomia nabarmen motelduko dela: haren arabera, %1 baizik ez da haziko Ameriketako Estatu Batuetako ekonomia eta euroaren eremukoa, %0,5. Ez da atzeraldia, «baina atzeraldian balego bezala nabarituko da», NDFren arabera. OCDE Ekonomia eta Lankidetza Garapenerako Erakundearen aurreikuspenak apur bat ezkorragoak dira, eta denen artean txapeldun, munduko bankuen aholkulari gisa jarduten duten IIF Nazioarteko Finantza Institutua: munduko ekonomia «2009an bezain ahul» egon dela uste du, eta euroaren eremuarentzat atzeraldia iragarri du.

Ziurrenik, ezkortasun orokor horretan zeresan handia izan du 2022ko bat-bateko joera aldaketak. Europaren bihotzean gerrak bizirik dirau, eta etengabeko egonezin iturri da. Gerra bat nola hasi baina nola amaitzen den jakiten ez den bezala, bitarte luze horretan edozein gertakarik edo hondamendik berriro ere dena hankaz gora utz dezakete, batik bat Europan. Neguan, euroaren eremua eta haren motor ekonomikoa, Alemania, atzeraldian sartuko dira. EBZk uste du behin-behineko kontua baino ez dela izango. Inguruneko herrialdeetako zailtasunek, jakina, euskal ekonomiari eta batik bat industriari eragiten diete, eta horren iraunkortasunak eta irmotasunak markatuko du noraino hel daitekeen moteltzea. Kontuan hartu behar da, dena den, energia kostu apalagoak izatea lehia abantaila bat dela.

Beste kezka iturria inflazioa da. Argindar tarifak eta, neurri apalagoan, erregaiak bultzaturik, udatik hona beherantz egin du inflazioak, eta, ustekaberik ezean —eta horiek ezin dira baztertu—, apurka jaisten jarraitu beharko luke. Alta, haren eraginak sakonago nabarituko diren urtea izango da 2023a.

Batetik, ekonomiaren moteltzearen arrazoi nagusia da: enpresek oraindik ere inbertsioari eusten badiote ere, herritarren poltsikoek dagoeneko nabaritu dute KPIaren kaltea. Eta ondorio horrek zerikusi zuzena du aberastasunaren banaketarekin. Nafarroako estatistika erakundeak islatu zuen hori: 2022ko hirugarren hiruhilekoko datuen arabera, urtebetean soldatapekoen errenta inflazioaren azpitik igo zen (%5); enpresaburuena eta autonomoena, berriz, gainetik (%11,5). Gehitu datu horri azaroan EBZren txosten batean esandakoa: errentarik apalena duten herritarrak kalteberago dira inflazioari aurre egiteko orduan, ahalegin bikoitza egin behar baitute ohiko gastuei aurre egiteko. Egungo egoeraren irabazleak eta galtzaileak nortzuk diren adierazten du, baina, luzarora begira, ondorioa da ekonomiatik tira egiten duen barne kontsumoa hozten ari dela inflazioagatik.

EBZk lemari bira eman dio

Eta gehiago hoztuko da. Iragan hamarkadako diru politikaren lemari 180 graduko bira eman diete banku zentralek. EBZk azken hilabeteetan interes tasak nabarmen igo ditu —eta bide horretatik jarraituko du—. Ondorioz, hipoteken garestitzeak tentsioak eragingo ditu zorpetutako familietan, eta ikusteko dago noraino islatuko den arazo hori bankuen kaudimenean. Oraingoz, tasen igoerak negozio marjina handitu egin die finantza erakundeei. Bederen, inflazioak oraingoz lan munduan ez du ondorio zuzenik izan, baina beste arrisku faktore izango da, baldin eta langabeziaren datuek gorantz egiten badute.

Interes tasak igotzeaz gain, EBZ herrialdeen zor publikoa erosteari uzten ari da. Europako herrialdeen zor publikoaren eta enpresen zor pribatuari merkatuek nola erantzuten dioten ere adi jarraitu beharko da. Errenta finkoan zein burtsan, iazkoa urte txarra izan zen, baina ez dirudi urak lasaituko direnik. 2023an, lehengo lepotik burua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.