Kataluniako prozesu subiranista. Urkulluren parte hartzea

Bitartekaritza baten frogagiriak

Urkulluren mezuen arabera, Kataluniako independentzia deklarazioa eragozteko «ahalegin guztia» egin zuen 2017an. Haserre ageri da subiranisten eta Rajoyren jokabidearekin.

Urkulluren parte hartzea jasotzen duten bi liburukiak, Sabino Arana fundazioaren artxibategian.
Urkulluren parte hartzea jasotzen duten bi liburukiak, Sabino Arana fundazioaren artxibategian. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Jon O. Urain -

2020ko uztailak 29

Urteetako prozesu politikoaren ondoren, udazken beroa izan zen 2017koa Katalunian. Urriaren 1ean eginiko autodeterminazio erreferendumak inauguratu zituen urri hartako gertaerak, eta, hilabete amaierarako, Katalunian independentzia deklaratuta, autonomia galduta eta buruzagi independentistak bide judizialean jazarriak zeuden. Bitartekaritza saio ugari egon ziren aste horietan, eta horien artean protagonismoa hartu zuten Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariarenek. Orduko dokumentazioa hiru artxibotan gorde zuen Urkulluk, eta igandean eman zuen parte bat kontsultatzeko baimena. Agiriek eta Carles Puigdemont Kataluniako Generalitateko presidenteak argitaratu berri duen liburuak argi pixka bat gehiago jarri dute lehendakariak aste horietan izandako jardunean.

Esku hartzeko eskariak

2017ko ekainaren 19an hasi zen Urkulluren bitartekaritza Kataluniako prozesu independentistan. Urkullu Hipercorreko atentatuaren 30. urteurreneko ekitaldira joatekoa zela eta, Bartzelonan batzartu ziren bi buruzagiak, lau orduz eta bi txandatan: Jonan Fernandez eta Neus Munterekin, batetik, eta bakarka, bestetik. «Ez dago atzera-bueltarik, lehendakari», esan zion Puigdemontek: «Haiek ez dute nahi. Egin dezakezun oro Rajoy mugi dadin, ongi etorria izango da». Hala baieztatzen dute Urkulluren oharrek.

Kontaktuak areagotu egin ziren irailean eta, batez ere, urrian: «esponentzialki», Urkulluren beraren hitzetan. Puigdemonten liburuak ere agerian uzten du Urkulluren protagonismoa handia izan zela egun horietan, baina Puigdemontekin izandako mezu trukeak ere Urkulluren karpetaren tarte handi bat hartzen du; Rajoyrenak baino askoz handiagoa. Egun horietan, sektore askok eskatu zioten lehendakariari bitartekari aritzeko Madrilen eta Bartzelonaren artean; alor politikokoak, ekonomikokoak eta Eliza katolikokoak. Zeregin horretan, Vatikanoaren atea ere jo zuen Urkulluk. Matteo Zuppi Boloniako artzapezpikuari hots egin zion, Vatikanoak bitartekaritzan izan zezakeen parte hartzearen berri jakiteko. 2017ko apirilaren 8an, ETAren armagabetzea ofiziala egiteko ekitaldian parte hartu zuen Zuppik.

Negoziazio bideak

Kataluniako jardunean, negoziaziorako hainbat proposamen egin zituen Urkulluk; lehena, abuztuaren 14an. Asmoa zen tren talka eragoztea eta «gatazka kudeatzeko bidea moldatzea», eta, horretarako, lehen irizpide gisa ezarri zuen «indar subiranisten erabakigune propioen eta estatuarekiko negoziazioan beharrezkoak diren ardatzak bereiztea». Hala, ardatz bakoitzerako estrategia «eraikitzaileak» osatzea proposatu zuen bigarren irizpide gisa, estatuarekiko negoziazioak ez zitzan baldintzatu ardatz subiranistaren aurrerapausoak. Ardatz bakoitzari zeregin zehatzak jarri zizkion: subiranistenari, «estrategia orokorra birdefinitzea, pluraltasuna indartzea autogobernuaren oinarrien gainean, estatus berri baterako gehiengo sozial bat eraikitzea, Europako esparruan aliantzak sortzea eta auzipetutako politikari katalanentzako babesa bilatzea nazioartean». Urkulluk bere agirietan jasotakoaren arabera, ez zuen erantzunik jaso.

Urriaren 8an, astebete igaroa zen autodeterminazio erreferendumetik, eta bi egun falta ziren Kataluniako Parlamentuan independentzia deklarazioa gauzatu zezakeen osoko bilkura egiteko. Deklarazio hori eragoztea izan zen Urkulluren xedea, urriaren 8 hartan Rajoyri eta Puigdemonti igorri zien dokumentuan ikus daitekeenez. «Adierazpen kateatuak» egitea proposatu zien; lehenik, Puigdemontek esan behar zuen etenda uzten zuela independentzia deklarazioa, «akordio prozesu baten aukerak esploratu ahal izateko»; segidan, Espainiako Gobernuak balioa eman behar zion adierazpen horri, eta prest agertu behar zuen «elkarrizketaren eta akordioaren bidea» aztertzeko.

14:11, Urkulluren mezua Rajoyri: «Presidente agurgarria! Ez dakit zein izango den Puigdemont presidentearen behin betiko disposizioa arratsalde honetan. Soilik nahi dut zuk jakitea azken egunetan ahalegin guztia egin dudala dena minimoki arrazoizkoa izan dadin». Egun horretan, hiru aldiz idatzi zion Urkulluk Espainiako gobernuburuari; arratsaldeko lehen orduan aurrena, eta osoko bilkura hasi baino hiru ordu laurden lehenago bigarrena, 17:15ean:

«Presidente agurgarria!

Ordu honetan, Puigdemont presidentearen hitzartzearen zati nuklearra izan daitekeela susmatzen dudana betetzen bada, futbol simil batekin interpretatuko nuke: joko bertikalaren eta pasea aurrera eman ordez, pasea hegalera da, horizontalean, batzuek atzerako pasetzat ere interpretatuko dutena.

Komeniko litzateke neurrizko balorazio positibo bat egitea, eta erakustea elkarrizketarako prestasuna baita Kataluniako esparru parlamentarioan ere, erabiltzen diren beste kanalez gain, eta Diputatuen Kongresuan».

Hirugarren mezua 20:35ean izan zen, Puigdemontek parlamentuan hitz egin ondoren, aurreko mezuetako jarrerari eusteko: Generalitateko presidenteak ez zuela independentzia deklaraziorik egin eta, beraz, horren balorazio positibo bat egiteko: «Elkarrizketarako borondatea dagoela interpretatzea garrantzitsuagoa iruditzen zait». Hilaren 10ean, Urkulluri kasu egin zion Puigdemontek. Zortzi segundo igaro ziren Puigdemonten independentzia deklaraziotik hura etenda uzteko erabakia iragartzera.

Baina biharamunean iragarri zuen Rajoyk 155. artikulua aktibatzeko asmoa. Eta haserrea areagotu zitzaion Puigdemonti, Urkullu eta beste batzuk seinalatzeraino: «Planifikatuta zeukaten. Ez zegoen elkarrizketarako inolako borondaterik. Lortu dute nahi zuten guztia. Fartsa bat zen. Apezpikuek, Urkulluk, Moragasek... nahi zuten bakarra gu gelditzea zen. Ezeren truke. Lagundu zuten elkarrizketarako borondatea zegoela sinesgarri egiten».

Haatik, baikor zegoen Urkullu; Rajoyri ikusarazi nahi izan zion Puigdemontek ez zuela independentzia deklaraziorik egin; mezu bera helarazi zien Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteari eta Donald Tusk Europar Kontseilukoari, hilaren 19an bidalitako gutun banatan.

Puigdemont, Junqueras, CUP

Adierazgarria da Rajoyri emandako argudioetako bat: «Agerikoa da CUPentzat ez dela onargarria [Puigdemonten adierazpena], eta hori da garrantzitsuena». Ez da lehendakariak bere oharretan CUP aipatzen duen aldi bakarra; gogor mintzo da horien aurka urriaren 19ko apunte batzuetan: «'Elkarrizketa aro' honetan gai izan beharko litzateke CUPekiko arrakalan sakontzeko, eta hura ahalik eta azkarren bultzatzeko udaletan 'aterpea' hartzera, hura baita bere lehentasunezko helburua egonkortasun instituzionala leherrarazteko misioa bete eta gero». «Muturreko zentzugabekeriatzat» dauzka.

Urriaren 19ko oharretan jaso zituen Urkulluk klase politiko subiranistarekiko kezka nagusiak. «Prozesua eta Puigdemont-Junqueras-Masen bilakaera modu arduragabean ari da radarretik kanpo uzten benetako auzia: bi hereneko gehiengo zabal bat dago, ortzimugan autogobernu sakonago bat duena». Bereziki gogor jardun zuen Junquerasen aurka: «[ERCren eta PDECATen arteko] bataila ustez bortitz hori jadanik ez litzateke halakoa izango, Junqueras garaile irten baita bataila horretan, politikaren alderik okerrena harengan mamitu den joko batean».

Puigdemontekin ere ez zebilen gustura. Urkulluk EAJko EBBko hiru kideri igorri zien Kataluniako auzian egindako lanaren laburpen bat; Andoni Ortuzarri, Koldo Mediavillari eta Joseba Aurrekoetxeari; lehendakariak «etengabeko nahasmena sentitu» zuen Puigdemontekin, hark «plantifikatua» zuelako egingo zen guztia baina, aldi berean, esaten ziolako ez zuela independentzia deklarazioa gauzatu nahi. DUIa eragozteko planteamendu «zentzugabeak» egitea ere leporatu zion urriaren 26ko ohar batean, parlamentuak DUIa onartu zuen egunaren bezperan. Halere, Urkullu «berdin» sentitu zen Mariano Rajoyk hartutako neurriekin eta Pedro Sanchezen jokabidearekin.

Urriak 21-25: bozetarako konbentzitzen

Urriaren 21etik aurrera, gutun luzeagoak bidaltzen hasi zitzaion Urkullu Puigdemonti, egoera politikoari buruzko gogoetekin. 21ekoan, Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakariaren garaiko estatutu proposamenak izandako bidea ekarri zion gogora: «Frustrazioa kontzientzia nazionala eta haren etorkizuna erabaki nahi duen herri baten aurrerabidean eginiko bidearen parte da. Baina prozesu horren parte dira pazientzia eta insistentzia demokratikoa». Beharrezkotzat jo zuen, «burujabetza maila handiago bat lortzeko, lortutakoak baino gehiengo sozial sendoagoak, kohesionatuagoak eta integratzaileagoak erdiestea, eta nazioarteko eta enpresa eta ekonomia arloko aliantza zabalagoetan oinarritzea».

Hurrengo egunean mahaigaineratu zion esplizituki hauteskundeetara deitzeko aukera: eskatu zion «ziklo berri bat» zabaltzeko. 23an erantsi zion bozetara deitu zezala instituzioak eta autogobernua mantentzeko, «nahikoa bermerik gabeko erreferendum bat ezin delako izan oinarri legala ezta legitimoa ere independentziarako bidean». Emaitza jakina da.

* Urkulluk eskuragarri jarri dituen dokumentuen artean daude prozesuaren gorenean idatzizko hedabideek kaleratutako zutabeen, erreportajeen, elkarrizketen eta bestelakoen sorta hautatu bat.

* Kataluniako prozesuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan izan zezakeen eraginari buruzko oharrak ageri dira Urkulluren dokumentuetan.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Nekane Murga, atzo, Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzan. ©Miguel Toña / Efe

Eusko Jaurlaritzak osasun larrialdia ezartzeko asmoa du

Andoni Imaz

Urkullu jarduneko lehendakaria litzateke batzorde bereziaren burua berriro ere, eta aukera izango luke jendea bakartzeko eta joan-etorriak mugatzeko. Murgak eta Tapiak agerraldi bat egingo dute bihar, hartuko dituzten neurriak esplikatzeko.

Salvador Illa Espainiako Osasun ministroa gaurko agerraldian. ©Chema Moya/EFE

Diskotekak eta gaueko tabernak ixteko agindu du Madrilek

Berria

Neurriak zorroztuko dituzte Hego Euskal Herrian, egoera epidemiologikoak okerrera egin duela eta. Gainerako taberna edo jatetxeek 01:00ean itxi beharko dute, eta gauerditik aurrera ezingo da bezero gehiagorik sartu. Kalean erretzea ere debekatuta egongo da, bi metroko tartea bermatu ezin bada.

Jendea paseoan Donostiako alde zaharreko kaleetan, atzo. ©Juan Carlos Ruiz/FOKU

618 kasu atzeman dituzte Hego Euskal Herrian

Berria

Bizkaian behera egin dute kasuek; Araban, Gipuzkoan eta Nafarroan, aldiz, igo egin dira.

Osasun langileak PCR probak egiten Donostian, aurreko astean. ©Gorka Rubio/FOKU

Azpeitiko Erdikalean ibili zirenei proba egiteko eskatu die Jaurlaritzak

Berria

Abuztuaren 7tik 9ra bitartean kale horretan ibilitakoek egin beharko dute testa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Jon O. Urain

Informazio osagarria