ETAren jardun armatuaren amaieraren 10. urteurrena. PSE-EE

Zapaterok «garrantzi handiko» pausotzat jo du biktimen oinazea aitortzea

Espainiako gobernuburu ohiak adierazi du «demokraziak eskuzabal» jokatu behar duela. PSE-EEk ekitaldi bat egin du sozialistek bakegintzan izandako rola goresteko

Patxi Lopez, Jose Luis Rodriguez Zapatero eta Idoia Mendia, atzo, Gernika-Lumon. MIGUEL TOÑA / FOKU.
jon olano
Gernika-Lumo
2021eko urriaren 20a
00:00
Entzun
«Transzendentzia handikoa». Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidente ohiak horrela definitu du astelehenean Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak eta Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak ETAren biktimen oinazea aitortzeaz eginiko adierazpena. Rodriguez Zapateroren iritziz, adierazpenean jasotako hitzak «nahikoa adierazgarriak» dira, eta «demokraziaren eskuzabaltasunaren alde» mintzatu da.

Gernika-Lumon (Bizkaia) izan zen atzo Rodriguez Zapatero, batzar etxean, ETAren jarduera armatuaren hamargarren urteurrenaren harira PSE-EEk prestatutako ekitaldi batean. Bertan hartu zuen hitza, Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiarekin eta Patxi Lopez Jaurlaritzako lehendakari ohiarekin batera, eta hainbat ordezkari eta hautetsi sozialistaren begiradapean.

ETAren amaierako prozesuan PSOEk eta PSE-EEk jokatutako rola goraipatzeko eta erakunde armatua zenaren biktimak gogoan izateko ekitaldia izan da Gernikakoa, eta, zuzenean aipatu gabe, Rodriguez Zapaterok mintzagai izan ditu ezker independentistak biktimen oinazearen aitortzaren inguruan esandakoak: «Hamar urte hauek eta egun hauek transzendentzia berezia dute Euskadirentzat eta Espainiarentzat. Esana dago: ez zuen gertatu behar. Mina ez da joango, baina hobeto arnasten dugu. Historia ezin da aldatu, baina etorkizuna bai». Ondoren prentsari eginiko adierazpenetan aipatu du Zapaterok «transzendentzia handia».

Hitzaldian, ordea, nagusi izan dira biktimen aipamenak: «Gure bihotzean iraungo du biktima guztiekiko eta senideekiko oroimenak, aitortzak, gertutasunak, jasandako min bidegabearengatik. Biktima guztiak, guztiak, gure anai-arreba gisa sentitzen ditugu. Haien memoriak iraun egingo du. Aitortza obligazio moral bat da; gizartea ez da duina ez badira oroitzen eta aitortzen bizia modu bidegabean galdu zutenak».

«Biktima guztiak, den-denak, kondizio guztietakoak, gure sentitzen ditugu», gaineratu du Rodriguez Zapaterok. Aurrerantzean «prozesua azkartzea» espero duela gaineratu du, eta eskuzabaltasuna aipatu du: «Gizarteak abiada azkarrean egin du aurrera, eta baliteke datozen hamar urteetan erritmoa azkartzea. Ez da ahaztu behar; bakarrik gorrotoa ahaztu behar da».

Urriaren 18ko Adierazpenean, Otegik eta Rodriguezek «atsekabea eta mina» adierazi zieten ETAren biktimei, «jasan duten sufrimenduagatik». Hitzez hitz, honela dio adierazpenak: «Gure egiten dugu haien mina, eta sentimendu zintzo horretatik baieztatzen dugu hura ez zela inoiz gertatu behar, inork ezin du gogoko ukan hura guztia gertatu izana, ezta denboran hainbeste luzatu izana ere».

Lopezek ere hizpide izan du adierazpena: «Lehen aldiz aitortu dute ETAren biktima guztien oinazea. Euren iraganaren —hau da, [ETA] taldearen babesle izatearen— nolabaiteko osoko zuzenketa bat da». Halere, Espainiako eskuinari egin dizkio kritikak: «Espero genuena entzun dugu: erabateko ukazioa. Esaten digute ETAk bizirik jarraitzen duela; hori tamalgarria da. Terrorismoa darabilte berriro sozialistei eraso egiteko».

«Egia bakarra»

Gordinago hitz egin dute Mendiak eta Lopezek; besteak beste, «egia bakarra» babestuta. «Politikak negoziatu ditzakegu, hori egin behar dugu, baina ez dugu egia negoziatuko: hemen hil egiten zuten ezberdin pentsatzen zuena», esan du Mendiak. Eta gisa berean aritu da Lopez ere: «Tentazioa dago ETAren amaiera berrinterpretatzeko, nork bere diskurtsora egokitzeko. Parte hartu ez zuten lasterketetan dominak jartzeko; are gehiago, ETAren amaiera eurenganatzeko. Beti daude kontakizunari buruzko batailak, baina egia bakarra dago: horretan, hiltzaileak ez dio hiltzaile izateari uzten, ezta biktimak biktima izateari ere. Horregatik, oso argi daukagu nork ezin duen idatzi kontakizuna». Kontakizun horretan, Mendiak «bakearen presidentea eta lehendakaria» izendatu ditu Zapatero eta Lopez.

Azken hamarkadetan sozialistek izaniko ibilbidea goretsi du Mendiak: «Haien ondarea heriotza da; gurea, estatutua eta askatasuna». Hain justu, estatutuaz luze jardun du, eta ETAren amaiera eta Gernikako Estatutua lotu ditu: «ETAren amaiera eta gure autogobernuaren handitasuna lotuta daude. Mende erdiko terrorismoak mina baino ez du ekarri.Horregatik ospatzen dugu estatutua; ezberdinen arteko itun bat delako, eta indartsua da suntsitu nahi zutenei ere aurre egin dielako».

Haren hitzetan, «desiragarria» litzateke estatutu «modernoago» bat izatea, «baina errealitatea da haren aurkako jazarpenak galarazi duela hori». ETAren indarkeria igarota, Mendiak nabarmendu du sozialistek «pluraltasuna» defendatzen dutela eta estatutuak «guztiok aterpetzen gaituen aterki bat» izan behar duela.

Lopezek, berriz, uste du duela hamar urte «terroristek galdu eta demokratek irabazi» zutela, eta orain beharrezkotzat dauka gertatutakoa «ikasbide» bihurtzea: «Sufrimendu handia jasan genuen; orain, terrorismoa eraiki zuen arrazoi bakoitza garaitu behar dugu». Lopezen iritziz, «inposatzearen borondate politikoa» da «ekintza terroristaren jatorria», eta, beraz, argudioak «biluztera» deitu du.

Ekitaldia amaitu eta gero hitz egin du Jesus Egiguren PSE-EEko presidente ohiak ere. Azaldu du Otegiren eta Rodriguezen adierazpenak garrantzi «izugarria» daukala eta euskal politika «pixka bat aldatuko» dela adierazpen horren ondoren.

«Nahikoa ez» Madrilentzat

Espainiako Gobernuak ere balorazioa egin du Otegik eta Rodriguezek irakurritako adierazpenaren inguruan. Isabel Rodriguez bozeramaileak esan du «pausoa» ez dela «nahikoa», eta galdegin du biktimei «barkamena» eskatzea eta «hitzetatik ekintzetara» igarotzea; besteak beste, ETAren jarduera gaitzetsita. Zehazki, Rodriguezek azaldu du keinua «ondo» dagoela baina «askoz harago» joan behar dela, esaterako, presoei harrerak egiten zaizkienean biktimak ez «birbiktimizatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.