joxerra senar
Nafarroako inbestidura saioa. Txibiteren hitzaldia. ANALISIA

Iraganak zama handiegia du

2019ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Gaur, 11 urte beteko dira PSNk abuztuko kolpe sonatu hura egin zuenetik, eta hamarkada oso bat ez da alferrik pasatu. Gobernua osatzeko prozesua, maiatzaren 26ko biharamunean hasi eta atzo burutu zena, ziurrenik inoiz ez zen iritsiko atal hura gertatu izan ez balitz. Eskuinari boterea ahalbidetzearen faktura gogotik ordaindu dute sozialistek, eta filmeko gaiztoaren rola jokatzeaz aspertuta edo, PSNk beste bide bati ekin dio.

Zalantzak, ordea, ez ditu erabat uxatu. Aurrekoak ez bezala, 23 parlamentarik osatutako gehiengoa besterik ez du hiruko gobernu honek. Horregatik, giltzarri da argitzea zein den legealdira begira PSNren benetako asmoa. Etorkizunerako jokaleku berria eratzeko borondatea du, ala Nafarroan agintzen duten beste botereen zerbitzuan, gobernu barrutik, aurreko legealdian eraikitakoa desegiteko asmoa du? Galdera horren erantzunak markatuko du ezinbestean X. legealdiaren patua. Ezer ez dago aurrez idatzia, eta, abiapuntu honetan, alderdi bakoitzak bere arriskuak hartu ditu.

EH Bilduk abstentzioaren alde egingo du azkenik. Betoarekin, irudi luke PSN EH Bildu gonbidatzen ari zela hauteskundeak berriz egitera, gobernu «aurrerakoi» bat oztopatu izanaren errudun gisa seinalatzeko, eta, nork daki, beste erremediorik gabe, eskuinaren gobernu bati bide emateko... Bide hori itxi du koalizioak, jakinda hauteskunde batzuek ez luketela ekarriko maiatzaren 26ak utzitako mapa politikoaren oso desberdina litzatekeen jokaleku bat; ez, bederen, euren interesekoa. Orain, jakinik gobernuak euren edo Navarra Sumaren botoen beharra izango duela gehiengoa osatzeko, eskuak libre ditu oposizioa egiteko edo politiketan eragiteko.

Arrisku handiagoa hartu dute haren bazkide ohiek. Ezkerra parlamentutik desagertzear geratu da ozta-ozta, eta gobernuan eragiteko modua aurkitu du. Ahal Dugu-k gainbehera handia jasan du. Nahiko lan izango du xurgatua izateko arriskua saihesten eta datozen lau urteotan egonkortasuna ematen bere proiektuari. Neurri batean, akordio programatikoarekin, aurreko lau urteetako politika batzuk onartu ditu PSNk, baina gobernuaren departamentu nagusiak bere eskuetan izango ditu. Horregatik, Ahal Dugu-k eta batik bat Geroa Bai-k gobernu barrutik soka motzean lotu nahiko dute PSN. Gobernu ekintza bateratua behar den heinean, PSNk biekin hitzartu beharko du ildo politikoa. Euren arteko konfiantza horren araberakoa izango da gobernuaren sendotasuna. Uneotan zail egiten da antzematen legealdia amaitzeko moduan izango diren.

Ahultasun horren jakitun, gogor joko du Navarra Sumak. UPNk oraindik ez du barneratu PSNk nahiago duela bide zail honi ekin, eskuinaren morroi gisa agertu baino. Azken orduan Esparzak Txibiterekin biltzeko deia egiteak asko du etsipenetik. Gobernura iristeko edozein saiotarako, gaur-gaurkoz ezinbesteko dute PSN, eta, horregatik, are eskuinerago joateak ez dirudi hauturik onena. Gobernua higatu eta etekinak bil ditzakete, baina, halaber, zentroan kokatuko dute PSN. Navarra Sumaren apustuak derrigorrean behar zuen boterea ukitzea, eta ikusi beharko da hiruren artean banatzeko eserlekurik gabe zer gertatzen den aliantza horrekin. PPk eta Ciudadanosek presentzia ziurtatu dute parlamentuan, baina ahotsik gabe geratu dira, eta UPNk, berriz, haiekin partekatu behar du mezua. Zenbat iraun dezakete elkarrekin? Espainiako eskuin gogorrenari kateatuta egoteak UPNren ahuldadea islatzen du.

Legealdiak galdera marka handi baten tankera hartuko du. Erregimenaren instrumentu moduan, abuztuko kolpearen ideia legealdi oso batera eraman dezake PSNk, azken lau urteetan egindakoa eta lortutako kohesio politikoa desegiteko helburuarekin. Azpikeriaz jokatuz gero, Nafarroako politika are zailago egingo lukeen jokaleku baterantz eraman dezake. Haatik, euren ikuspegitik abiatuta, lau urteotan egindako bidean aurrera egin eta beste erritmo batzuekin, jokaleku berri bat sortzen has daiteke. Bere diskurtsoan hori islatu nahi izan zuen Txibitek. Erantzunaren araberakoa izango da legealdiaren iraupena. Ez dago oraintxe arrazoi ugari pentsatzeko garai berri baten hasiera izan daitekeela, baina, mesfidantzan kateatuta, iraganak zama handiegia du batzuetan: ez soilik PSNrentzat, bai eta gainerako eragileentzat ere. Egia esan, guztiontzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.