Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Hego Euskal Herria. Koldo Martinez. Geroa Baiko zerrendaburua

«UPNk ikusi du berak bakarrik ez zuela lortuko Barkos kanporatzea»

«Ez ditugu emaitza txarrak izango». Ustez, apirilaren 28ko bozak ez dira egokienak Geroa Bairentzat, baina Martinezek nabarmendu du ziurgabetasuna orokorra dela. Eskuinaren diskurtsoaren aurrean, demokrazia eta autogobernua babesteko beharra azpimarratu du.

joxerra senar
Iruñea
2019ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Nafarroako Parlamentuan agiri batzuei azken begiratua ematen ari zaie Koldo Martinez (Eskoriatza, Gipuzkoa, 1953). Mikel Laboak kantatu ohi zuen Joseba Sarrionandiaren Hegazti errariak olerkia etorri zaio gogora, eta kantuan dabil bulegoan. Ustez, ez dira hauteskunderik egokienak Geroa Bairentzat, baina alaitsu eta animoz dago Martinez. Geroa Bairen komodina ote den galdetuta, berehala erantzun du: «Ez, militantea».

Nola jokatu hauteskundeotan, jakinik ez direla testuinguru egokiena Geroa Bairentzat?

Oso egoera ziurgabe batean gaude. Batzuek uste dute hauteskundeok euren aldekoak direla, baina hori ez da inola ere ziurra. Emaitza onak izan ditzaketen alderdiak ere oso urduri daude. Segurtasunik gabe gaude denok, gizartea dagoen bezala. Animoz atera gara bi lasterraldi horiek egitera. Biak dira garrantzitsuak, bai oraingoa, bai maiatzekoa. Uxue Barkosek gidatu duen gobernuaren emaitzak ikusita, espero dugu apirilaren 28an ere emaitza oso onak izango ditugula, baina hori ez dago argi...

Diputatua lortzea zaila dela jakinik, zuen boto emaileetako batzuek beste alderdi batzuetara jotzeko arriskua duzue?

Zein da boto erabilgarria? Ez dakit. Batzuk hori saltzen saiatu dira, baina PSN bozkatzea erabilgarria al da nafarrontzat? Edo alderdi antiforalistekin batu den UPNri botoa ematea erabilgarria da? Ez ditugu emaitza txarrak izango.

Zergatik ez zarete aldaketako alderdiak elkartu Kongresurako hauteskundeetarako?

Ahal Dugu-k eta Ezkerrak lehen unetik ezezkoa eman digutelako, uste baitzuten bakarrik joanda emaitza oso onak lortuko lituzketela. Uste dut hanka sartu dutela. EH Bilduk eta Geroa Baik gure arteko elkarrizketak izan genituen, eta ikusi genuen bakoitzaren helburuak eta bideak diferenteak zirela. Bion artean erabaki genuen ez batzea, lasai eta giro onean.

Aldaketa ez da batu; eskuina, aldiz, bai.

UPNk ikusi du berak bakarrik ez zuela lortuko Uxue Barkos kanporatzea, eta horrek bultzatu du edonorekin bat egitera. Ikusi behar da norekin egin duen bat: PPrekin, ziurrenik Europako alderdirik ustelena denarekin, eta Ciudadanosekin, estatuko alderdirik antiforalistenarekin. Haien erabakia izan da. Eta gure artean zer gertatu da? Podemosek ikusi du indarkeriarekiko EH Bilduren jarrera ez zitzaiola komeni estatuan, eta horrek atzera bota du.

UPNren apustua aukera bat da Geroa Bairentzat?

Botoa norberarena da, eta inor ez da besteen botoaren jabe.

Herritarren autonomiak ez ezik,alderdien mugimenduek ere baldintzatu dezakete boto hori. Aukera bat da zuentzat?

Ez dakit. Ez dugu gure proposamena eta ideologia horren arabera osatu. Gurea gurea da, eta datozenak ongi etorriak dira.

Zer dago jokoan boz hauetan?

Demokrazia eta autogobernua. Estatuan eta Nafarroan entzuten hasi gara eskubide sozialen aurkako eta aldi berean gure autogobernuaren aurkako hainbat ahots. Okerrena da foralistak zirenen eskutik datozela.

UPNk dio Ciudadanosek autogobernuaren aldeko konpromisoa duela. Nahikoa al da erantzun hori?

UPNk bere burua foralistatzat dauka, baina, dokumentua sinatu arren, Ciudadanoseko eta PPko buruek argi eta garbi esan dute nolako estatua nahi duten. Adibidez, Daniel Lacalle PPko buruzagi ekonomiko garrantzitsuenak esan zuen pentsioak jaitsi behar direla. Riverak, berriz, esan du autogobernua murriztu egin behar dela.

Nola aurre egin mezu horri?

Horregatik da hain garrantzitsua esatea zer egingo dugun. Gukgobernu demokratiko eta aurrerakoi bat bultzatuko dugu, demokrazian eta autogobernuan sinesten duten alderdiekin bat eginez eta norabide horretan sakonduz.

Vox alderdiaren agerpenaknola eragin dezake Nafarroan?

Orain arte, eskuina bat zen Nafarroan, eta orain lau alderdi dira. Hiruk bat egin dute, baina oso urduri ikusten ditut laugarren horren agerpenarekin.

Hipotesien artean dago Sanchezen inguruan osatu daitekeela Espainiako Gobernua. Geroa Bairen beharrean balego, zer jarrera zenukete?

Guk Sanchezi esaten diogu ez dela gauza bera bide bat hartzea edo bestea. Bide batek demokrazian eta autogobernuan sinesten du, eta beste bidean Ciudadanosekin gobernua osatuko balu, ez genioke botoa emango, Ciudadanos antiforalista delako.

Azkeneko aukera horrek eraginik izango luke Nafarroan?

2015ean esan genuen nahiago genuela Nafarroan aldaketaren aldeko 33 parlamentari izatea 26 baino, eta orain gauza bera diogu. PSNk apustu egin beharko luke eskubide sozialen eta autogobernuaren alde.

Hala ere, maiatzeko bozetara arte bere kartak ezkutatuta, tranpa egin dezake?

Orain gutxi arte, Maria Txibite, foru hauteskundeez mintzo zenean,etengabe ari zen esaten nori jartzen zizkion marra gorriak, baina diskurtso hori egiteari utzi dio. Norbaitek esan dio horri buruz ez hitz egiteko, ez dielako laguntzen. PSN indefinizio hutsa da, baina ez gaitu harritzen. PSNk Nafarroan beti izan du diskurtso bat, baina politika egitean alderantzizkoa egin du. Kontuan dugu, noski.

Demokrazian atzera egiteko arriskua aipatu duzu. Kataluniako egoera da horren adibide?

Arazo politikoak konpontzeko bide bakarra elkarrizketa demokratikoa eta akordioa da. Lehen unetik aldarrikatu dugu bi aldeko harreman bat, lasaia, sakona, egiazkoa, demokratikoa. Horrek esan nahi du elkarrekiko errespetua egon behar dela. Hori gabe ez dago demokraziarik. Alde bakarreko erabakien aurkakoak gara. Kataluniarekin gertatu dena da subiranistek eta Madrilek aldebakartasunez jokatu dutela, eta konponbiderako biderik bidezkoena aldebikotasuna da. Kataluniako arazoa ez da konponduko polizialki edo judizialki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.