Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Hego Euskal Herria. Carlos Garcia Adanero. Navarra Sumako zerrendan bigarrena

«EAJ da kupoaren etsai handiena, mozkina atera dutela esaten baitu beti»

Nafarroan, UPNk, PPk eta Ciudadanosek bat egin dute, helburu bakar batekin: eskuinean ez dadila boto bakar bat ere galdu. Ciudadanosek kontzertu ekonomikoaren aurka egin izanagatik, lasai dago Garcia Adanero: «Guztiok zor gatzaizkio sinatutakoari».

joxerra senar
Iruñea
2019ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Ia bizitza erdia Nafarroako Parlamentuan egin ostean, azken egunak ditu bertan Carlos Garcia Adanerok (Talavera de la Reina, Espainia, 1967). Hauteskunde akordioaren diskrezioa gorde nahirik, UPNn oso jende gutxik zuen PP eta Ciudadanosekin bat egiteko operazioaren berri. Behin Navarra Suma osatuta sostengu zabala lortu duela nabarmendu du Adanerok, zerrendako bigarrenak. «Alderdi edo erakunde bateko lema duen orok arriskuak hartzen ditu. Duela lau urte ikusi genuen egungo gehiengoa oso alde gutxigatik gertatu zela. Ezin dugu boto bakar bat ere galdu».

Espainian, eskuinean bada non aukeratu; Nafarroan, aldiz, bat egin duzue. Zergatik?

Funtsezko helburu batekin elkartu gara: Nafarroak Nafarroa izaten jarrai dezala. Alderdi batzuk helburu gisa dute EAEko lurralde bat gehiago izatea Nafarroa. Horrek indarrak batzera garamatza.

Vox alderdiari beldur diozue?

Ez. Alderdi orok du aurkezteko eskubidea, baina abertzaletasunak agintzen segitu ez dezan nahi dutenentzat edo Espainiako presidentea independentisten menpe utzi nahi ez dutenentzat formularik egokiena da Navarra Suma. Bestela, Uxue Barkos edo Pedro Sanchez sendotuko dituzte.

Ciudadanosek eta PPk gero eta mezu gogorragoa dute. Horrek baldintzatzen zaituztete?

Ez, kanpainan gaude. Mundu guztiak daki zer pentsatzen dugun guk. UPNk bere ibilbide osoan erakutsi du koherentzia duela ezaugarri. Gainera, guztiok zor gatzaizkio sinatutakoari.

Eta fidatzen zarete?

Bai; bestela, ez genuen sinatuko. Ez dugu arrazoirik mesfidantzarako, lasai gaude.

Bozei begirako akordio bat da, ala legealdiari begirakoa?

Hauteskunde aliantza bat da, bi xede dituena: Espainian gobernua ez dadila nazionalisten menpe egon, eta Esparzaren inguruan osatzea Nafarroako Gobernua.

Espainia eta Nafarroa desagertu daitezkeela diozue. Ez al da alarmista?

Ezin dugu ahaztu egungo Nafarroako presidentearen alderdiaren helburua dela Nafarroa EAEko lurralde bat gehiago izatea, eta hori egiteko modua laugarren xedapen iragankorra da. Ez da alarmismoa. Helburu hori dute; ez dute ukatzen. Gernikako Estatutuan jasota dator, eta guretzat hori bai dela drama bat.

Zergatik kendu laugarren xedapena baldin eta nafarren erabakian oinarritua badago?

Uste dugu bat egiteko aukera hori ez datorrela inon, ez Errioxak Aragoirekin bat egiteko aukera, ezta Aragoik edo Valentziak Kataluniarekin bat egitekoa ere. Zergatik izan behar du Nafarroak salbuespenEspainian? Zergatik egon behar dugu nahi baten menpe?Moncloa lortzeko, nazionalistei amore eman zitzaien, eta beti egon gara kontra.

Ciudadanosek, konstituzioa aldatzeko ezinbestekoak diren bi herenak lortu gabe, eskubide historikoekiko errespetua aitortzen duen lehen xedapena kentzea nahi du. Nola?Proposatzen du kupoaren kalkulua estatuaren eskuetan uztea, aldebikotasuna eta kontzertu ekonomikoa baliogabetuz. Ez al zarete aukera hori elikatzen ari?

Lehen xedapena ez da kenduko. Baina esan behar dut EAJ dela kupoaren etsai handiena, beti ari baita harrokeriaz esaten zenbateko mozkina atera dion euskal kupoari. Nafarroan bezala, normal negoziatu beharrean, beti ari dira esaten kuadrillako azkarrenak direla. Azkenean, lortzen dute Espainia guztiaren fokuen pean jartzea.

Kontzertuaren aurka egitea ez al da Hitzarmena ere mehatxatzea?

Kontzertua eta Hitzarmena gauza diferenteak dira.

Benetan? Anai-arrebak dira.

Nafarroako egoera ez da EAEko bera. Nazionalismoari interesatzen zaio biak nahastea, baina diferenteak dira. Antzekoak, baina diferenteak.

Ciudadanosek «iluna» dela dio.

Estatuko finantza zamatik ehuneko baten arabera kalkulatzen da. Zer da kontua? EAJk hainbeste iragarri nahi ditu bere arrakastak, partxis jokoan bezala jokatu nahi baitu: fitxa bat irentsi, eta hogei urrats egin.

Orduan, EAJren errua da dena?

EAJk kalte handia egin du.

Alta, kontzertuan egin diren berrikuntzetako asko ondoren Hitzarmenean aplikatu dira.

Espainian salbuespenezko zerbaiten gisan ikusten dute askok.

Deseroso zaudete gai honekin?

Ez. Ideiak argi ditugu. Sinatutakoa sinatu dugu. Ezin daiteke autogobernuaz hitz egin eta gero aurka egin. Baina nola defendituko duzu autogobernua baldin eta Nafarroak berezko gobernurik ez izatea nahi baduzu?

C's-ek kupoa estatuko erakunde baten esku utzi nahi izatea mehatxua da?

Jakin gabe hitz egiten da. Alda daitekeela esan dezakezu, baina, azkenean, aldatu izan denean, bidea argia da: administrazioen arteko akordioa, eta arazorik ez.

Noren alde egingo duzue inbestiduran?

Navarra Sumari lotutako hautagai baten alde.

Eta Pedro Sanchezen alde?

Ez diogu botorik emango. Akordioak dio plataformari lotutako norbait izan behar dela.

Ciudadanosen eta PSOEren arteko akordio batek lagundu diezazueke maiatzean...

Gure hautagaia izango da koalizioak aurkezten duena.

Espainian aliantzak behar dira, baina maiatzean bozak dira...

Bai, eta hozkailuan sartuko dira.

Hori egitea ez al da joko zikina?

Gu argiak izan ohi gara; besteek nola jokatuko duten jada ez dugu kontrolatzen. Nafarroan, nahi dena esan daiteke, baina edo Javier Esparzak gobernatuko du, edo Uxue Barkosek.

Eta Txibitek bere botoen truke gobernatzea eskatuko balu?

Saia daiteke, baina, lehen edo bigarren indarra ez bada, ez dagokio. Hauteskunde emaitzak errespetatu egin behar dira.

Eta Voxekin itunik egingo zenukete?

Vox alderdiak ez du nahi Nafarroa foru erkidego izatea. Ondorioz, hori marra gorri bat da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.