Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Maria Solana. Geroa Baiko hautagaia

«Nafarroarentzat baliagarria izango den botoa eskatu nahi dugu»

Geroa Baik Espainiako hauteskundeetan emaitza txarrak lortu ditu 2015etik, eta joera hori eten eta egoera horri buelta ematea du erronka Solanak. Maiatzean 60.000 boto lortu zituen koalizioak, eta Madrilen ere Nafarroako interesak defenditu ditzaketela dio irmo.

joxerra senar
Iruñea
2019ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Joera eteteko egin behar du kanpaina Geroa Baik. Apirilaren 28an, 22.150 boto eskuratu zituen, diputatua lortzeko behar zen langatik urrun. 2015ean eta 2016an ere urruti geratu zen. Errealitate horri buelta ematea du helburu Maria Solanak (Iruñea, 1975), eta maiatzaren 26ko 60.000 botoek ematen diote indarra. «Uste dugu gure botoa erabilgarria dela Nafarroarentzat. Badugu aitzindari argi bat: Uxue Barkosek egindako lana eta lortutako nabarmentasuna».

Aurreko hiru bozetan zuen boto-emaileek beste indarrei eman diete botoa. Arazo hori duzue?

Geroa Baik 2011n izan zuen diputatua, eta EH Bildu Nafarroak izan al du diputatua? Sabino [Cuadra] 2011n Amaiurrekin aurkeztu zen. Orduan, zergatik dago gertuago baldin eta parlamentuan boto gutxiago baditu? Eta zer esanik ez Podemosen kasuan. Bi jarleku besterik ez du parlamentuan; aldiz, badu diputatua Nafarroan. Gure emaitzek zerikusi handiagoa dute 2015etik Madrilen gertatu den aldaketarekin, hemen gertatu denarekin baino.

Baina ez du zerikusia zuen hautesleen pertzepzioarekin?

Uste dute boto baliagarria dela Espainian gobernua osa dezaten. Gure erronketako bat da pedagogia egitea eta azaltzea ez dela baliagarria, PSNk edo Podemosek ez baitute lortu helburua.

Beste indarrek boto baliagarria eskatzen dute. Hori geraraztea duzue erronka?

Bai, ulertarazi nahi dugu botoa erabilgarria dela Nafarroarentzat erabilgarria bada eta onura ekartzen badu. Ulertzen bada botoa erabilgarria dela alderdi batzuk Madrilen euren arteko kontuak argitzeko, edo Euskal Herrian ez dakit zer estrategia egiteko... Nafarroarentzat baliagarria izango den botoa eskatu nahi dugu.

Herritarren atsekabea orokorra da. Gakoa da nork galtzen duen gutxien?

Bai. Jendea motibaziorik gabe dago, nekatuta, aspertuta. Kanpainek ez dute hasierarik eta amaierarik. Etengabea da. Herritarrei eskatu nahi diet haserre hori konponbide bilakatu dezaten. Ez bazaude konforme egin dutenarekin, zoaz eta zure amorru hori modu eraginkorrean erakutsi, botoa emanez eta ez etxean geratuz. Guri konfiantza eman badiguzu zure kontuak defenditzeko, zergatik ez eman orain konfiantza hori Madrilen gauza bera egiteko?

Espainian zergatik ez da gobernua osatu?

Ez direlako gai izan akordio bat egiteko. Akordioa egiten aritu direnak dira erantzule.

Neurri berean?

Bai. Alderdi sozialistak ardura handiagoa zuen, boto gehiago zituelako. Hari zegokion lehen urratsa egitea, eta horraino ardura handiagoa du, baina hortik aitzin denak dira arduradun. PSOEk joko maltzur hori egiten du batzuetan, eta hemen ere gauza bera egiteko tentazio bera sumatzen dugu: aurrekontua onartzen ez bada, besteena da ardura, ez gurea. Ezin duzu ardura gainetik kendu, eta arduraz jokatu behar duzu babesa lortu nahi baduzu.

Jokaldia izan daiteke gobernua osatzea posible izan ez dela irudikatzea, eskuinera jotzeko. Nafarroan eragin dezake?

Jakina. Ez da lehen aldia Ciudadanosekin gora eta behera ibili dela. Zabalik dago aukera hori. Badakigu Ciudadanosek zer dioen autogobernuaz, eta nola eskatzen duen birzentralizazio bortitz bat hezkuntza eta osasun eskumenak itzultzeko.

Udan, Nafarroako Gobernua osatzeke zegoela, PPk lehenik eta Ciudadanosek gero baldintza gisa jarri zuten ez zuela PSNk zuekin edo Ahal Dugu-rekin gobernua osatu behar. Nafarroako Gobernua hautsi daiteke?

Guk salatu izan dugu hori xantaia egitea dela, eta Nafarroa baliatzea objektu moduan. Casadok hori esan izan duenean, zer esan nahi du: gobernua eratzeko prest dagoela PSOErekin? Ez dut uste. Aukera hori errealitatetik kanpo dago. Baldintza hori UPNk jarri du, eta PP eta Ciudadanos behartu ditu sinatzera, baina Ciudadanosek zer egingo du: saiatuko da gobernuan sartzen eta Nafarroaz paso egingo du, ala ez du akordiorik egingo PSOErekin Nafarroako Gobernua hausten ez bada?

Gorenaren epaiaren ostean, Kataluniako gaia oso presente dago. Zer eragin izango du?

Eragina begi bistakoa da. Sanchezek elkarrizketarako deia egiten du, baina gero ez du Kataluniako inor deitzen. Oso adibide adierazgarria da. Defenditzen dute arazo politikoei konponbide demokratiko bat eman behar zaiela, baina ez dute ezer egiten. Orduan, hori borondate falta da.

Nola ikusi dituzu Nafarroako Gobernuaren lehen urratsak?

Denetarik egon da. Zenbait gauza ez dira ongi egiten ari, eta eskatu dugu gauzak egiteko beste modu bat. Akordiorako kultura falta hori sumatzen zaio PSNri, ez dute ohiturarik eta bere kabuz joateko tentazioa batzuetan gailendu zaie.

Urtea bete da Sanchezek promes egin zuela Nafarroari trafiko eskumena itzuliko ziola, eta oraindik ezer ere ez.

Orain bai dio haren leloak. Guk diogu hitza eman baduzu bete behar duzula. Egia da urtebetean bi hauteskunde egon direla, eta jardunean egon dela gobernua hilabeteotan. Baina maiz entzun izan diogu Kongresuan [EAJko] Aitor Estebani salatuz eurekin zituzten konpromisoak ere ez dituztela bete borondate faltagatik.

Aurrekoetan egin zen saio bat EH Bildu eta Geroa Bairen artean elkarrekin joateko; oraingoan, ez. Bakoitzak bi bide diferente hartu dituelako?

Ez, bakoitzak bere bideari jarraitu dio, ez du diferentea hartu. Martxoan saiakera bai egin zen, baina oso txikia. Interesgarria al da Nafarroan bloke abertzale bat egitea? Ez dugu uste. Navarra Suman oso pozik leudeke.

Beste alderdiren batekin, Errejonekin, egon da saiakerarik?

Ez, ez. Zurrumurru bat izan zen Errejonek deituko ote zigun, baina ez zuen egin. Handik gutxira jakin zen ez zitzaizkiola interesatzen zazpi diputatu baino gutxiagoko lurraldeak. Gu ez ginen interesgarriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.