Koronabirusa

Madrilek ez du, oraingoz, maskaren erabilera derrigortuko

Erkidegoetako osasun arduradunekin izandako bileran, Illak auzia mahai gainean jarri du, baina ez dute ezer erabaki. Espainiako Gobernuak uste du erabakia «tentuz» hartu behar dela

Maskarak soinean. Bi emakumezko, maskarak jantzita, Bilboko kaleetan, herenegun. M. RAMIREZ / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2020ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Martxoan, ez zen beharrezko. Apirilean, gomendagarria zen. Konfinamenduaren leuntzearekin batera, garraio publikoan behartu egin da maskaren erabilera, eta orain, beste urrats bat egitea aztertzen ari da Espainiako Gobernua: toki publiko orotan maskara jartzera derrigortu dezake. Atzo, erkidegoetako osasun arloko arduradunekin egindako bilera telematikoan, Salvador Illa Espainiako Osasun ministroak mahai gainean jarri zuen auzia, baina oraingoz ez dute erabakirik hartu. Bileraren ostean, Illak zehaztu zuen garraio publikoan maskarak ezinbestean jarri behar direla eta, «bi metroko distantzia gorde ezin den kasuetan, erabat gomendagarria» dela.

Pandemiaren hasieratik Espainiako Gobernuko osasun arloko agintariek maskarekin izan duten jarrera aldaketak anabasa handia dagoela islatzen du. Maskaren eskasiak eta horiek osasun arloko profesionalei emateko beharrak bultzatu zituen agintariak hasieran erabilerari buruz uzkur azaltzera. Egoera aldatu ahala, ikuspegia egokitu dute.

Atzoko bilerari begira, aste hasieran, Illak erkidegoetako arduradunei galdegin zien gaiaren inguruko proposamen bat helaraztea. Hainbatek begi onez ikusten dute derrigortzea. Kontrara, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ez dute ezagutarazi zein den euren ikuspegia.

Eztabaida badago. Herenegun, Espainiako Kongresuan, PPk eta Ciudadanosek maskarak derrigortzeko eskatu zuten, eta EAJko Josune Gorospek aipatu zuen «gero eta pisu handiagoa» duela aukerak. «Hainbat arlo tekniko kontuan hartu behar dira. Ez da hain erraza», erantzun zuen Illak, agerraldi hartan. Osasun ministroaren arabera, «jende batek ezin du eraman».

Asteleheneko prentsaurrekoan Fernando Simon Osasun Larrialdien eta Alerten koordinatzaileak zioen «tentuz» aztertu behar dela. «Arriskuak saihesteko gehiegizko neurriak har ditzakegu, baina jende orok ezin du modu berean erabili, ez eta modu iraunkor batean ere», zehaztu zuen. Arnas arazo larriak dituztenentzat, adin txikiko haurrentzat edo antsietatea jasaten dutenentzat gehiegizkoa izan daitekeela deritzo.

Atzo erabaki zuten Madrilek eta Bartzelonak zero fasean jarraitzea. Halaber, lehen fasean hainbat aldaketa ezarri dituzte: adibidez, astelehenetik aurrera saltoki handiek ateak ireki ditzakete, gehienez 400 metro koadroko eremua erabiliz gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.