Kolonbiako bake prozesua. Latinoamerikako gerrillak

Borroka armatuaren azken gerrillariak

Abuztuan Habanan Kolonbiako Gobernuaren eta FARCen artean sinatu zen Kolonbiako Bake Akordioaren ondotik, eta ELN taldearekin norabide bereko akordioa sinatzea falta dela, badirudi amaitu dela borroka armatuen bide luze eta korapilotsua Latinoamerikan.

Hugo Chavezek 1999an Venezuelako hauteskundeak irabazteak mugarri bat ezarri zuen. MIRAFLORES / EFE.
Orsola Casagrande. Jose Miguel Arrugaeta
2016ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Edozein historialari edo adituk ez luke zalantzarik izango harrigarritzat jotzeko bizardun kubatarren arrakasta azkarra. Izan ere, bi urte eta erdian lortu zuten Fulgencio Batistaren diktadura eraistea. Gertaera horrek aldatu zuen gerrilla armatuen borroken erabilera politikoa, autodefentsarakoizan ondoren, boterea hartu eta eraldaketa iraultzailearen tresna bihurtu baitziren.

1959TIK CHE HIL ARTE. GERRILLARI MUGIMENDUA

Kubako iraultza prozesua laster izan zen AEBen erasoen jomuga, herrialdean bertan sustatu zituzten kontrako talde armatuen sorrerarekin. Bien bitartean, porrot egin zuen Bahia de Cochinoseko inbasioa gertatu zen, 1961ean, Fidel Castroren arabera, «inperialismoaren lehen porrota Latinoamerikan». Ipar Ameriketako mehatxu militarraren gorena 1962ko urrian iritsi zen Misilen krisia delakoarekin. Eta Gerra Hotzean sartu zuten Latinoamerika.

1960ko eta 1962eko Habanako Lehen eta Bigarren Deklarazioekin erantzun zien Kubak. Deklarazio horien bitartez, Kubak babesa eman zien Latinoamerikako, Afrikako eta Asiako gerrillei. Jarrera hori indartu egin zen 1966an Habanan izaniko Hiru Kontinenteetako Bilerarekin. Kongoko oihanetatik Chek bidalitako mezuak laburbiltzen zuen izpiritua: «Vietnam bat, bi, hiru, asko» sortzeko beharra aldarrikatzen zueninperialismoa garaitze aldera.

Kuban hainbesteko arrakasta izan zuen mugimendu gerrillariaren ondotik, talde armatuak agertu ziren urte horietan Venezuelan Romulo Gallegoren gobernuaren kontra. Guatemalan ere agertu ziren, hango armadako soldadu gazteen parte hartzearekin. Bien bitartean, Nikaraguan FSLN sortu zen, eta, hamarraldi horren lehen urteetan, FARC eratu zen Kolonbian. Geroago, berriz, ELN.

Erronka horiei era askotariko neurriekin erantzun zien AEBek:Kennedyren Aurrerabiderako Aliantza; hedabideen lobby konplexuak; eta bertako hainbat ofizialen trebatzea, «segurtasun nazionala eta barruko gerra» bezalako matxinatuen kontrako teorietan oinarrituta. Panaman egoitza zuen Ameriketako Eskolan trebatzen zituzten ofizialak.

Honi guztiari 1964ko Brasilgo kolpe militarra gehitu behar zaio gero jazo zena ondo ulertzeko. Ipar Amerikaren babesaren erakusgarri, torturari eta errepresioari buruzko aholkularitza zuzena eman zuten hango AEBen interesentzat mehatxu ziren barneko etsaia delakoaren kontra egiteko. Horri erantzunez, hiriko gerrilla txiki baina oso aktiboak sortu ziren ezkerreko iraultzaileen aldetik. Horrek talde armatu gehiagoren sorrera eragin zuen urte batzuk geroago Hego Konoan.

Gerrillari mugimenduak, sorrera egun bat eduki zuen bezala, amaiera egun bat eduki zuen, 1967an, gogorra eta dramatikoa: CIAk zuzenean aholkatuta, Che Guevarak aukeratu eta prestatutako gerrilla bolivartarra suntsitu eta Guevara bera hil zutenean Boliviako armadako tropa bereziek.

Hala ere, Chek gidaturiko gerrillaren amaiera tragikoak ez zuen ekarri borroka armatuaren estrategiaren amaiera. Oraindik bide asko falta zen egiteko.

HIRIKO BORROKA ARMATUA ETA MENDIETAKO GERRILLA

Boliviako esperientziaren ondotik sortutako gerrillak beste garai eta baldintza batzuetara joan ziren egokituz. Salvador Allenderen gobernuak, artean, ezkerretik irekitzen zion aukera sozialismoaren legezko eraikuntza demokratikoari. Aldi berean, nabarmena zen Kubak babesa eskaini zien eta Latinoamerikan zeuden Afrikako mugimendu kolonien kontrako aukerak nahikoa mugatuak zirela.

Guatemalako, Nikaraguako eta Kolonbiako gerrilla oihanetan eta mendietan babesten zen bitartean bere sareak, praktikak eta esperientziak garatzeko, Hego Konoan hiriko gerrillari hasiera eman zieten antolaketak garatu zituzten; 1973an diktaduren kontra batu ziren Uruguain eta Txilen; Argentinari 1976an heldu zitzaion txanda.

Ekintza armatu ikusgarriei esker hasi ziren agertzen hedabideetan hiri gerrilla horiek. Uruguaiko tupamaroen, montoneroen, Argentinako ERTkoen eta kolpe militarraren osteko Txileko MIRen identitate zeinuak izan ziren horiek. Iritsi zen AEBetako Gobernuak sustatutako diktadura militarren gau luze eta beldurgarria. Aurreko hamarkadan Ameriketako Eskolan Latinoamerikako indar armatuetako hainbat ofizialek ikasitako errepresio taktikak jarri ziren praktikan.

Errepresio odoltsu hori politika ekonomiko neoliberalaren aplikazioarekin eskutik emanda zetorren. Gauzak horrela, etsaienatalean jada ez ziren soilik gerrillak sartzen, baizik eta gizarte zibila bere osotasunean.

Berreskuraturiko urte horietako agiri ofizialek agerian utzi dute praktika horiek ekarri zutena. Paraguain berreskuraturiko Kondor Operazioaren artxiboak, Guatemalako polizia etxeetan aurkituriko heriotzaren artxiboa eta AEBek gerora desklasifikatu dituen agirietan irakur daitezke diktaduren eta AEBetako gobernuen arteko koordinazio eta konplizitate harremanen nondik norakoak urte horietan garatu ziren errebolten kontra.

HEGOAREN PORROTETIK IRAULTZA SANDINISTARA ETA ERDIALDEKO AMERIKAKO SUMENDIA

Hego Konoan izaniko altxamenduen porrotaren ondotik, urte gogorrei egin behar izan zitzaien aurre, harik eta diktadurak, domino fitxen gisan, bata bestearen ondotik jausi ziren arte haien kontrako erresistentzia sozialagatik eta Malvinetako gerra bezalako egoerengatik.

Eremu hartan estrategia armatua huts egiten ari zela, kontinentearen erdialde estuan errebolta armatu batek munduaren arreta bereganatu zuen 1979ko uztailaren 19an FronteSandinistak (FSLN) Managua hartu zuenean. Garaipena Habanan hasi zen lehenago, Frontearen hiru adarrak batu zirenean Fidel Castroren gestioari esker.

Erupzioan dagoen sumendi baten gisan, garaipen sandinistaren beroak Faranbundo Marti Frontea (FMLN) sortu zuen El Salvadorren, eta gerrillen gerra luzeari ekin zion. Bien bitartean, Guatemalan, bizirik iraun zuten lehengo taldeak elkartu eta bizi seinaleak ematen hasi ziren.

Sobietar Batasunaren Afganistango inbasioak eta Ronald Reaganek eta George Bushek ordezkatu zuten AEBetako olatu neokontserbadoreak Gerra Hotzaren jokalekuan jarri zituzten Kubaren babesa zuten Nikaraguako, El Salvadorko eta Guatemalako prozesuak. Hamarkada batez, norgehiagoka bizi eta odoltsua izan zen.

Kolonbian M-19 agertu zen, hiriko eta mendiko gerrillaren arteko nahasketa bat. Lehendik zetozen FARCek eta ELNek mendietara egin zuten atzera. Perun, Tupac Amaru (MRTA) hiri gerrilla sortu zen, eta fenomeno endogeno eta harrigarri baten gisan agertu zen, berriz, Sendero Luminoso. Pentsaera maoistaren aplikazio bat zen, nekazaritza giroko gerrilla indigena bat aurreikusten zuena. Azkar hedatu zen eremu txiro eta baztertuetan, eta gerra zibil luze eta ilun batera bultzatu zuen, Alberto Fujimoriren diktadurarekin bukatu zena.

ESTRATEGIA ARMATUAREN AMAIERAREN HASIERA ETA BESTE ALTERNATIBA BATEN SORRERA

Gertaerak bata bestearen ondotik jazotzen dira, eta 1990eko hauteskundeetan Fronte Sandinistak izan zuen porrotari bloke sozialista jaustea gehitu behar zaio. Horri nazioarteko akordioei esker Angolatik erretiratu ziren tropa kubatarrena erantsi behar zaio, baita Namibiako independentzia eta Hego Afrikako sistema arrazistaren amaiera ere. Handik gutxira, Kuba krisi bizi batean sartu zen, Aro berezia deiturikoa.

Sandinisten eskuetatik oposizioko Violeta Chamorroren eskuetara igaro zen boterea Nikaraguan. Egoera berri horretan, El Salvadorko eta Guatemalako gerrillek bake akordioak sinatu eta geratu egin ziren, ez aurretik El Salvadorren hiriburua armaz hartzeko azken saiakera egin gabe.

Borroka armatu iraultzailea atzera egiten ari zen, nahiz eta kontinentearen zenbait tokitan segitzen zuen, non bai baitzirudien ez zegoela beste aukerarik; Kolonbian, esate baterako. Hala ere, beren artean ustez loturarik ez zeukaten hainbat prozesuk argia jarri zuten ezkerra egiten hasi zen hausnarketa autokritikoan. Besteak beste, 1994an, Lacandona oihanean agertu zen Fronte Zapatista, zeinak armak autodefentsa komunitario eta indigena gisa erabili zituen, eta ez boterea hartzeko. Beren diskurtso eta metodo berriek garrantzi handiko aldaketa ekarri zuten.

Bestalde, diktadurek trantsizio demokratiko konplexuei eman zien bide Brasilen, Argentinan, Uruguain eta Txilen. Presoak kartzelatik irten ziren, eta exiliatu ugari beren jaioterrietara itzuli ziren. Ezkerra indarrak batzen ari zen, erakundeak antolatzen eta espazio politiko eta sozialak hartzen. Aldi berean, bere iragana kritikoki aztertzeari ekin zion.

Baldintza hauek guztiek gauzatu zuten 1990eko Sao Pauloko gizarte foroa. Indar iraultzaileetako mugimendu politiko eta sozialen aliantza, zeinak estrategia aldaketa bat adierazten zuen. Izan ere, indarkeriari eta armen erabilerari uko egin eta borroka sozial eta politikoa metodo eta bide demokratikoetatik egitea aldarrikatzen zuen.

Esfortzu honek bere lehen ordainsaria 1999an izan zuen, Hugo Chavez teniente koronel ohiak Venezuelako hauteskundeak irabazi zituenean. Herri mugimendu zabal batean oinarritu zen Chavezen garaipena, eta urrats erabakigarria izan zen Latinoamerikako ezkerraren estrategia berrirako.

Poliki-poliki, eta ia 15 urtez, Latinoamerikan antzeko aurrerapausoak eman ziren: Brasilen, Lula da Silvak irabazi zuen; Bolivian, Evo Moralesek; Uruguain, Pepe Mujikak eta Ekuadorren, Rafael Correak. Bien bitartean, Erdialdeko Amerikan Daniel Ortega berriro itzuli zen presidentetzara Fronte Sandistarekin, eta El Salvadorren, azkenean, Farabundo Marti Fronteak irabazi zituen hauteskundeak.

KOLONBIAKO KASUA: AZKEN GERRILLAK

Esan daiteke borroka armatuaren estrategiari toki hartu zion legezko borroka demokratikoak arrakasta handia izan zuela, baina edozein zikloren bukaera inoiz ez da ez erraza eta ez argia. Kolonbiako auziak halaxe erakusten du.

Gobernatzen ari zen oligarkia zaharrak, naziosegurtasuneantrebaturiko bere indar armatuek, narkotrafikatzaileek eta paramilitarrek muturreko indarkeria erabiltzen segitzen zuten. Eta AEBetako interesek oraindik indar handiegia zuten ezkerrari segurtasun eremuak baimentzeko. Akordioetarako edozein saiakera ezkerreko mugimenduaren kontrako sarraskiekin amaitu ziren. Horrela geratu ziren M-19 eta Union Patriotica.

XX. mendearen amaieran, FARCek eta ELNk beren erasoaldi gaitasunaren erakustaldiak egin zituzten, eta hainbat herri eta hiriak hartzea lortu zuten. Orduko presidente Andres Pastranak denbora irabaztea erabaki zuen, eta negoziazioak hasi zituen FARCekin. Paraleloan, ELNekin hasi zituzten negoziazioak. 1998tik 2002ra iraun zuen prozesua izan zen.

Negoziazioen porrota Kolonbiako oligarkiaren azken saiakeraren atarikoa izan zen. AEBen laguntza zuzena izan zuten gerrillak garbitzeko. Alvaro Uribe presidentea gogor saiatu zen horretan. Uriberen politikek defentsarako jarrera hartzera eraman zituen bai FARC eta bai ELN; eta gerrillek bizirik irautea lortu zuten erasoaldi gogorraren barruan.

Azkenean, presidente berri batek erabaki zuen negoziazioen bide zailari berriro eustea: Juan Manuel Santosek. Elkarrizketa luze horiek Habanan izan ziren, bi aldeentzat toki fidagarria.

Urte askoan, Kuba ezkerraren borroka armatuaren estrategiaren eredu izan bada, 1980ko urteen azkenetan, Kubako liderrak urrundu egin ziren borroka armatutik. Gauzak horrela, ez da kasualitatea Kubako Gobernuak, zeina orduko gerrillari arrakastatsuek gidatzen duten, Latinoamerikako historia luze honen ziklo luze hau bukatzen lagundu izana.

Oraindik zintzilik dago ELNrekin antzeko zerbait egitea orrialdea behingoz pasatzeko, baina, aditu eta protagonistentzat, FARCen eta gobernuaren arteko bake akordioaren sinatze eguna erreferentea izango da ezbairik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.