Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Bel Pozueta. EH Bilduko zerrendaburua Nafarroan

«Demokrazia bera dago jokoan; atzerakada gero eta nabariagoa da»

Bidegabekeria salatzen dutenen ahotsa izan nahi du Madrilen. Haren ustez, Nafarroan eserlekua lortzeko aukera gertu dago, baina funtsezkotzat jo du haserrea bideratzea. «Zer egiten dugu etxean, mugitu gabe? Kalea eta instituzioak, bi borrokak dira uztargarriak».

joxerra senar
Iruñea
2019ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Berriz ere, Iruñean milaka pertsona elkarretaratu ziren Altsasuko auziaren bidegabekeria salatzeko. Altsasuko gazteen senideentzat «oso emozionala» izan zen berriro ere, kalean, elkartasun hori nabaritzea. «Betiere baduzu beldur hori, denbora daramagulako eta jendeak nekea nabaritu dezakeelako, baina oholtzara igo eta aurrean zegoena ikustean... Hunkituta gaude, indartsu». Bizitakoa gogoan, apirilaren 28an bezala, EH Bilduren hautagai izango da Bel Pozueta (Zudaire, 1965). «Nik hartu nuen konpromisoa. Ez nuen inongo kalkulurik egin ea aterako ote nintzen. Konpromisoa bete egin behar da».

Urrian Gorenak bi epai garrantzitsu kaleratu zituen: Altsasukoa eta Kataluniakoa. Nola eragingo du hauteskundeetan?

Jordi Cuixart eta Jordi Sanchez 2017ko urriaren 15ean atxilotu zituzten, eta gure istorioa, berriz, urtebete lehenago hasi zen. Bi auzietan eskubideak urratu dira. Kataluniaren kasuan, erabakitzeko eskubidea; eta Altsasukoan, neurrigabekeriaz jokatu dute. Horrek guztiak arrazoi gehiago ematen digu esateko hau bukatu egin behar dela; ezin dugu onartu orain arte bizi dugun egoera. Justiziaren aldeko aldarriak presente egon behar du erabat. Zerrendaburu ez banintz ere, argi eta garbi nuke zerbait egin behar dela. Kalera atera behar da, bai, ez da utzi behar dena instituzioetarako; baina instituzioetan ere badago lana aurre egiteko.

Zer dago jokoan?

Demokrazia dago jokoan, argi eta garbi. Urteak daramatzagu nabaritzen, baina azkenaldian gero eta gehiago nabari da atzerakada. Hilabeteotan ikusi da PSOE ez dela ausartzen bide bat hartzen. Edo aurre egiten diogu horri eta esaten diogu hemen gaudela eta asko garela, edo bestela... Estatu mailan subiranotasunaren eta demokraziaren aldeko taldeok hemen gaudela esan behar diogu, eta behartu.

Zer analisi egiten duzu udan gertatutakoaz?

Eskuak libre izan nahi zituen, eta bazekien indar subiranistok kontuan hartu behar gintuela. Hala ere, haren gainetik benetako botereak daude zer egin behar duen esanez.

Zein dira botere horiek?

Ibex-35 aipatzen denean, zerbaitegatik aipatzen da. Botere ekonomikoaz gain, estatuko indarrak daude, eta, adibidez, ikusi da botere judizialak nola baldintzatzen duen. Espainia bakar eta handi horren aldekoak dira.

Llotja de Marreko Adierazpena izenpetu duzue Galiziako eta Kataluniako beste indar batzuekin batera. Zer balio dauka?

Nahiz eta indar diferenteak izan, berriro ere gai gara elkartzeko eta aldarrikatzeko demokraziaren bidea hartu behar dela elkarrizketaren bidez. Nazioartean ikusi behar dute zer- nolako egoera tamalgarrian gauden, estatuan demokrazia kili-kolo dagoela.

EAJk ez du adierazpena izenpetu. Zer iruditzen zaizu?

Orekaren bila dabil beti, ea honekin elkartuz gero zer ondorio dituen. Madrilera eta autonomia erkidegora begira dago, ea norekin gobernatu dezakeen eta PSOEripresio eginez gero zer gal dezakeen. Oreka jokoan ez da bustitzen inoiz. Zoritxarrez gure herriarentzat hautu oso arriskutsua da hori.

Bozak errepikatu izanaren ardura nagusia norena da?

Lehen ardura PSOEk du, baina Unidas Podemosek erakutsi du ez dela alderdi indartsua. Buruzagi batzuek euren burua indartzeko gogo handiegia dute .

Nafarroan panorama irekia dago. Nola ikusten duzu?

Guk uste dugu oraingoan baietz, badugula aukera argia. Hainbat talde daude, eta jendeak zalantza izan dezake. Errespetu handiz diot, baina Geroa Bairi botoa emateak ez darama inora. Guk dugu aukera bakarra.

Apirilaren 28an oso gutxigatik ez zenuen lortu eserlekua. Hortaz, egingarri ikusten duzu?

Bermatu behar ditugu jasotako botoak. Ilusioa berpiztu behar dugu, eta jendeak nabaritu behar du gutxi-gutxi falta zaigula; baina denon ardura da lortzea Nafarroakoa izango den ahots kritikoa. Ez dadila izan Madrilera joandako nafar bat, baizik eta Madrilera doan eta hemengo ikuspegia izango duen ahots bat.

Maiatzeko bozen gertutasunak bultzada eman zion EH Bilduri. Arriskua da boto emaile batzuk desmobilizatzea?

Goizero, berriak entzun bezain pronto, jabetzen naiz zer-nolako egoera dugun aurrean. Horrek eraman zaitzake kexatzera eta politikari guztiak berdinak direla pentsatzera. Baina zer egiten dugu etxean, mugitu gabe? Kaleko borroka eta erakundeetako borroka, biak dira uztargarri.

Zeren ahotsa izan nahi duzu?

Injustizia salatzen dutenena.

PSOEk kalkulatu du diputatu gehiago lor ditzakeela, baina eskuineko gobernu bat izateko arriskua dago?

PSOEk ezkertiarra zela aldarrikatu zuen, baina zer ikusi dugu? Franco goraipatu egin dute, ikusi besterik ez dago zer egin duten Katalunian, edo nola Arantza Zulueta Valentziako espetxera eraman nahi duten, eta Jon Enparantza Madrilera eraman duten. Esan zuten espetxe politika aldatuko zutela, baina berriro eskuinera jo dute. Hau al da PSOE?

PSOE baldintzatu dezakezuela uste duzue?

Horregatik gaude hemen berriro.

Nafarroako Gobernuak egin ditu lehen urratsak. Nola ikusten duzu?

PSOE ere orekaren bila ibiltzen da, ez galtzeko batetik eta bestetik. Ausardia falta zaio. PSOE ez da ausarta, beti dago besteen menpe.

Navarra Suma aurkeztuko da berriz. Emaitza onak lortu dituzte orain arte.

Errespetuz diot, baina hemen ez dago kultura politiko handirik. Ciudadanosek aldarrikatzen du transferentziak eta foraltasuna kendu behar direla, eta gero UPNrekin elkartzen da. UPNren diskurtsoa desagertzen ari da, zaila da bestela horri eustea. UPN desager daiteke eta sor daiteke Navarra Suma, eskuinaren marka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.