Azkenarik desiratuena

Azkena Rock jaialdia Mendizabalara itzuliko da bihar. Patti Smith, Social Distortion, The Offspring, Fu Manchu eta Emmylou Harris dira izen handiak. Hirugarren eguna berreskuratu du

Fu Manchu. Hard rockaren eta stoner rockaren ordezkarietako bat da AEBetako talde hori. AZKENA ROCK.
aitor biain
Gasteiz
2022ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Artean Stray Cats taldearen lehen akordeak jotzear zirela iragarri zituzten Azkena Rock jaialdiaren antolatzaileek 2020ko aldian parte hartuko zuten aurreneko bi taldeen izenak: Social Distortion eta Fu Manchu. Bi urte igaro dira ordutik, eta bata zein bestea Gasteizen izango dira aurten. Baina 2020 hura 2022 bilakatu da, eta hemeretzigarrena behar zuen aldia hogeigarrena da orain. Tarte horretan, jada ahaztuta dirudien pandemia batek bi urte luzeko etena eragin du Azkenan, jaialdi birtual bat eta tamaina txikiko beste bat izan bazituen ere.

Azkena Rock bueltan da, halere, eta ez nolanahi, gainera. Hogeigarren urteurrena baliatu dute antolatzaileek Mendizabalako ohiko gunea berreskuratu eta egitarauari hirugarren egun bat gehitzeko. 2012an galdu zuen egun hori jaialdiak, krisi ekonomiaren ondorioz. Bi urteko hutsunea bete, eta entzuleen zuzenekoen egarria asetzera dator, beraz, bihar hasi eta larunbata bitarte egingo den jaialdia.

Egitarauari dagokionez, ez dago berritasun handirik: rock and rolla izango da jaialdiaren bihotz eta arima aurten ere. Baina rockaren askotariko aldaerak izango dira entzungai Mendizabalan: pop rockaren melodiak, punk rockaren doinu gogorrak, hard rockaren edota stoner rockaren erritmo pisutsuak, eta country nahiz americanaren doinu lasaiak. Hori da jaialdia bereizgarri egiten duena, hain zuzen ere, Alfonso Santiago Last Tour International enpresako zuzendariaren hitzetan: «Azkenaren errezeta ia beti bera da, baina funtzionatzen du».

Egitaraua «klasikoa» izango da, ildo horretan, berritasun eta arrisku handirik gabekoa, baina izango du berezitasunik. «Kartelburuetan nahasketa interesgarriak daude: 60ko eta 70eko hamarkadetako artistak daude alde batetik, eta 90ekoak, bestetik». Hala ere, «orekatua» izango da kalitateari eta sonari dagokionez. Rock izar ospetsuez gain, bestelako taldeek ere leku nabarmena izango baitute Mendizabalako agertoki nagusietan. Horien artean izango da euskal ordezkaririk ere. Guztira, 55 talde eta bakarlari ariko dira.

Punk rocka ardatz

Punk rock musika izango da aurtengo egitarauaren ardatzetako bat. The Offspring eta Social Distortion dira horren ordezkari izango diren aurtengo talde nagusietako bi. Punk rock musikaren munduan ezagunenetakoak eta zabalduenetakoak baitira biak ere. 1980ko hamarkadaren bueltan Orange Countyn sortuak (Kalifornia, AEB) punka underground eszenatik atera eta mundu osoan milioika jarraitzaile izatea bultzatu zuten.

The Offspringek Let The Bad Times Roll diskoa argitaratu zuen iaz, eta hori aurkeztuko du Gasteizen. Social Distortionek, berriz, iraganeko arrakastatik irautea posible dela erakutsiko du, dagoeneko ikur bilakatu diren kantuak eskainiko baititu. Ostegunean ariko da lehena, ostiralean bigarrena.

Molde eta ildo bereko taldea da The Toy Dolls ere. 1979an sortu zutenetik, etenik gabeko 40 urte baino gehiagoko ibilbidea ondu du hiruko ezagunak, eta hasierako asmoei eusten die oraindik: punk dibertigarri eta jolasgarria egitea. 2009an izan ziren Azkena Rocken, eta orduan utzi zuten zapore onari eusteko erronkari helduta iritsiko dira Gasteizera.

Doinu gogorragoak eskainiko ditu Fu Manchu taldeak. Hura da aurtengo beste izen handietako bat. Kaliforniako Orange Countyn (AEB) sortutako taldea, hard rockaren eta stoner rockaren ordezkari ezagunenetako bat da. 1990eko hamarkadaren hasieran, 1970eko hard rock taldeen soinua zaharberritu, eta rock molde berri bat proposatu zuten taldeetako bat izan zen.

90eko hamarkadako rock alternatibora lerratzen da The Afghan Whigs taldearen musika ere. Baita Jerry Cantrellena ere. Alice in Chains taldeko gitarrista eta abeslariak bakarkako bidea ondu du modu paraleloan, baina hogei urte ziren diskorik argitaratzen ez zuela. Iaz eman zuen Brighten, eta hura aurkeztuko du.

Larunbatean beste molde bat hartuko du Azkenak, halere, eta trantsizio horretan lagundu dezake Drive By Truckers taldearen country rock alternatiboak. Ezaguna da AEBetako taldea Gasteizen, 2005ean izan baitzen aurreneko aldiz, eta duela bi urteko aldi birtualean ere parte hartu baitzuen. 2020an bi disko argitaratu zituen taldeak: The Unraveling eta The New OK. Kaleratu berri duen Welcome 2 Club XIII diskoa aurkeztuko du Azkenan.

Emakumeak oholtzan

Rockaren hiru emakumezko musikari izango dira protagonistak larunbatean: Patti Smith, Suzi Quatro eta Emmylou Harris igoko dira Mendizabalako agertoki nagusira. Hirurak ere bide urratzaileak izan dira rockaren munduan andrazko musikarien artean, eta belaunaldi berrientzat erreferente bilakatu dira.

1975. urtean, punkaren loraldi betean argitaratu zuen Horses diskoarekin hasi zuen bere ibilbidea Smithek. Ahots urratu eta adierazkorra ikur, sona handia lortu zuen punk rockaren eszenan, bereziki bere balada eta aldarrikapen feministez betetako kantuei esker. Egun, rockaren ikur handietako bat da.

Aitzindarietako bat da Quatro ere. Rockak eman duen aurreneko emakumezko izarra da askorentzat. Nerabezaroan ikasi zuen baxua jotzen, eta, The Pleasure Seekers taldean aritu ostean, bakarkako bideari ekin zion 70eko hamarkadan. Erreferente bilakatu zen atzetik etorriko ziren beste andrazko musikarientzat, tartean, Patti Smithentzat.

Country rockaren ahots nagusietako bat da, berriz, Emmylou Harrisena. 1960ko hamarkadan hasi zen jotzen, New Yorken, eta arrakasta handiko lanak argitaratu ditu mende erdiko ibilbidean. Hamalau Grammy sari jaso ditu guztira.

Hain zuzen ere, country rockera edo folkera gehiago lerratzen diren doinuak eskainiko dituzte Robyn Hitchcock eta Hiss Golden Messengerrek. Iturri beretik edaten du Ryley Walkerren musikak ere, baina blues eta psikodelia doinuekin nahasten du tarteka. Israel Nash bakarlariak ere countrya, rock psikodelikoa eta indie rocka uztartzen ditu. Lehen aldiz izango dira jaialdian horiek guztiak.

Badakite zer den Mendizabalako oholtzara igotzea Morgan taldeko kideek. 2019an izan ziren azken aldiz, eta aurten jaialdian izango dira ostera. Indie rock eta pop rock doinuak lagun, The River and The Stone kaleratu zuten iaz, eta lan hori aurkeztuko dute.

Azkenak «aspaldiko zorra» kitatuko du Soziedad Alkoholikarekin, aurreneko aldiz joko baitu jaialdian. Baita Delirium Tremensek ere. Haiekin batera, Vulk eta Joseba Irazoki eta Lagunak izango dira euskal ordezkariak.

Aurreikuspen onak

Kultur eskaintza horren handia den garaiotan, publikoa jaialdietara berriz erakartzea zaila izaten ari dela aitortu du Santiagok, baina datozen egunetarako aurreikuspen onak dituztela: hiru egunetan 45.000 lagun baino gehiago biltzea espero dute. Izan ere, 2020an saldutako sarreren %95 inguru ez zituzten itzuli jaialdia bertan behera geratu zenean, eta hori Azkenak publiko «leiala» duelako da, eta jaialdiak izaera propioari eusten diolako, Santiagoren arabera. Edonola ere, agenda hori gehiago ez puzteko, aurten ez dute 2023ko izenik aurreratuko. «Aurtengo jaialdiaz gozatzea tokatzen da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.