Urriaren azkenean, gaztaina etxean

Lehen, oinarrizko jakia zen gaztaina, baina, orain, gutxitan jaten da; esportatu egiten zen lehen, eta inportatu orain. Azken mendeetan, harremanak sortzen lagundu du. Batzuek historia ahaztu izan arren, badira gaztainari bizi berria eman dioten pertsonak, proiektuak eta ekintzak ere.

Gaztaina erreak. Gaztainak erre baino lehen, hozka bat egin behar zaie, beroarekin dilatatu egiten baitira. IDOIA ZABALETA / @FOKU.
Olaia L. Garaialde.
Iruñea
2021eko abenduaren 9a
00:00
Entzun

Hator, hator, neska-mutil, etxera, gaztaina ximelak jatera», esaten du gabon kantak. Ez da bakarra; Eguberrietako euskal kanta askok gaztainei erreferentzia egiten diete. Gabonetako egun guztietan gaztainak plater nagusia zirela dio Felix Mugurutza ikerlariak: «Oso gureak ziren, baina orain erabat ahaztuta dauzkagu». Gaztainen historia eta erabilera ikertu ditu, eta lehen oinarrizko elikagai zela dio: «Gure elikagaien artean puntakoenak izan dira, eta horrekin bizi ginen; batez ere neguan. Goseari aurre egiteko modu bat zen». Modu askotan jaten ziren: adibidez, erreta, egosita eta zopan.

 

Euskal Herrian, gaztainak jateaz gain, esportatu ere egiten zituzten. «XVII. mendean izan zen aldi gorena. Baserriak handitu ziren; Luxenburgo, Belgika eta halako herrialdeekin harreman handia genuen; eta itsasoan oso ondo moldatzen ginen». Produkzioa «ikaragarria» izan zela azpimarratu du: «Kubara ere iritsi ziren gaztainak. Historia uste dugun baino askoz zabalagoa da». Garai batean Euskal Herria ekoizle indartsua izan arren, gaur egun ekoizlerik handiena Txina da: bi milioi tona inguru ekoizten ditu.

XIX. mendearen amaieran, izurrite bat egon zen, eta oinbeltzak ia gaztainondo guztiak desagerrarazi zituen. «Orain, Portugaletik inportatzen ditugu, gehienak izurritean galdu zirelako», nabarmendu du Mugurutzak. Hala ere, gaztainondoak landatzeko proiektuak martxan dira: «Eukaliptoa eta pinua landatu ordez, gaztainondoak landatzen hasi dira». Ikerlariaren arabera, gaztainondoen paisaiak «oso politak» dira, eta kolore «ederrak» sortzen dituzte: «Berreskuratzeko borrokatu behar dugu».

Duela bost urte, gaztainen inguruan ikertzen hasi zen Beñat Itoiz; besteak beste, historia, gaztaina eta zuhaitz motak eta erabilerak aztertu ditu. Euskal Gaztain Etxea sortu du, Makean (Lapurdi), eta, bertan, gaztainak ekoizten ditu. Guztira hamasei tona jasotzen ditu Itoizek: «Hamazazpi biltzaile ditugu; hiru tona biltzen ditugu, eta gainerakoak inguruko herrietatik ekartzen ditugu».

Txumari Borda gaztaina saltzailea gaztainak prest ote dauden begiratzen, Iruñeko Oliveto kondearen kalean.IDOIA ZABALETA / FOKU

Jasotako gaztainekin, esate baterako, zopa, garagardoa, marmelada, ogia, ozpina, galletak, txokolatea, pasta eta risottoa egiten ditu Itoizek. «Ez dut ezer asmatu. Historian izan diren jateko moduak hartu ditut, eta, hortik abiatuta, historiari eta ohiko jateko moduari lotuta, gaztainak ekoitzi ditut». Urriaren azkenean, gaztaina etxean, dio esaera zaharrak; hala ere, urrian ez ezik, sasoi guztietan erabiltzen ditu gaztainak Itoizek. Beraz, modu batean edo bestean egunero jan daitezke gaztainak Euskal Gaztain Etxean.

Udazkenean, hostoekin batera, morkotsak erortzen dira, eta gaztainak jateaz gain, lehen azala oihalak tindatzeko erabiltzen zutela esan du Mugurutzak: «XVIII. mendeko dokumentuetan agertzen da, baina, egia esan, ez dakigu asko. Gaur egun, azala ez da deusetarako erabiltzen, eta jan ere, oso gutxi».

Urriaren erdialdetik urtarrilaren hasierara, asko dira kalean lanean egoten diren gaztaina saltzaileak. Txumari Borda duela hamasei urte hasi zen gaztainak saltzen, eta Sara Agirre duela hogei, biak Iruñean. Sasoikako lana denez, gainerako hilabeteetan beste jardun batzuetan ibiltzen dira. «Gaztainetatik bakarrik ezin da bizi; agian, erdigunekoek gehiago saltzen dituzte», azpimarratu du Agirrek.

Urritasuna

Egunero berdin hasten da gaztaina saltzaileen lana: gaztainak aukeratu, sua piztu, eta, txingarrak egiten diren bitartean, gainerako guztia muntatzen dute: argiak eta euritik babesteko gauzak. Ordu erdi pasatuta, gaztainak erretzen hasten dira. Gaztaina onak aukeratzeko moduak azaldu ditu Bordak: «Batzuetan, uretan jartzen ditut; ur gainean geratzen direnak dira txarrak. Beste batzuetan, eskuz aukeratzen ditut, edo amak laguntzen dit hautaketa egiten». Beroarekin, gaztainak dilatatu egiten dira; hortaz, erre baino lehen, ebaki txiki bat egin behar zaie. «Gaztaina txarrak baztertzeko beste teknika bat da», azaldu du Bordak.

Iaz, ez zituzten hain maiz erosi behar izan gaztainak, baina, aurten, errazago usteltzen direnez, hiru egunetik behin eskatzen ditu Agirrek: «Lehortea egon da; gaztainondoek ez dute eguzkirik eduki abuztuan, ezta urik ere irailean. Gainera, har pila bat dituzte». Hortaz, prezioa ere garestitu egin da.

Sara Agirre gaztaina saltzailea Iruñeko Baiona etorbidean, gaztainak poltsa batean sartzen, bezeroari emateko.IÑIGO URIZ / FOKU

«Dozena bat, mesedez», eskatu dio bezero batek Agirreri. «Hiru euro», erantzun du hark. Txin-txin, diruaren hotsa. Dozena batean hamabi gaztaina jarri ordez, hamabost edo hamasei jartzen ditu Agirrek: «Batzuk txarrak ateratzen direlako egiten dut; ez dago gaztaina txarrak saihesteko modurik».

Irailaren erdialdetik urtarrilaren hasierara ibiltzen dira gaztaina saltzaileak lanean. Sasoikako lana denez, gehienetan beste lan batzuk egiten dituzte. Bordak mantentze lanak egiten ditu ospitalean; Agirre Correosen aritzen da.

Goizeko zortzietan hasten da lanean Agirre, eta gaueko hamarretan amaitzen du; hala ere, lana «oso gustuko» duela esan du: «Jendearekin sortzen diren harremanak oso bereziak dira, baina kale hau oso txarra da, haizeak gogor jotzen du eta».

Dioenez, txikitako ametsa du gaztaina saltzailea izatea: «Eugin beti ibiltzen ginen gaztainekin; esaten nuen gaztaina saltzailea izanen nintzela, eta, azkenean, lortu dut». Iruñeko Baiona etorbidean lan egiten du, baina hasi zenean Golem zinema aretoetako plazan lan egiten zuen: «Oso hutsik zegoen, eta oso iluna zen plaza. Mutilak izorratzera etortzen ziren; hori ez diote gizon bati egiten».

Bordaren postua Iruñeko Oliveto kondearen etorbidean dago. Autobus geltoki zaharraren ondoan saltzen ditu gaztainak, 18:00etatik aurrera: «Okerrena da ura zapatetan sartzen denean; bestela, txingarrekin berotzen gara». Bo-bo, entzuten dira kotxeak. Hasieran, Atarrabian (Nafarroan) eta Iruñeko Iturrama auzoan lan egiten zuten. «Periferian gutxiago saltzen da», esan du Bordak. Agirrek eta Bordak elkarri laguntzen diote askotan; hala ere, orokorrean gainerakoekin harremanik ez duela esan du Agirrek: «Erdigunekoak gaztaina saltzaile peto-petoak dira, eta gu, aldiz, bazterrekoak». Beste saltzaile batek behin esan ziona kontatu du: «Zuk hiru euroan salduko duzu dozena; nik, berriz, bost euroan, eta zuk baino gehiago salduko dut».

Ligatzeko gaztainak

Batzuek familiarekin biltzeko eta jateko ohitura dute; beste batzuek, egun berezietan jaten dituzte. «Nostalgia eta erromantizismo puntu batekin jaten dira gaztainak, oso barneratuak baititugu», esan du Mugurutzak. Dena den, azaldu du gaztainak biltzeak eta jateak harremanak sortzen dituela, modu batean edo bestean: «Lehen, jai berezia zen gaztaina bilketa. Lan handia zegoen, eta kanpotik aldi baterako langileak etortzen ziren; batez ere, oso neska gazteak». Gizonek makilekin zuhaitzak astintzen zituzten, eta emakumeek gaztainak biltzen zituzten: «Lan gogorrena ematen zieten emakumeei».

Gaztainak biltzea gazteen artean harremanak sortzeko modua zen: «Gazteen arteko harremanak oso zainduta zeuden, eta asko kritikatzen zituzten. Eliza oso gainean zegoen, eta dena bekaturako proposamena zen. Gutxitan zuten elkartzeko aukera, eta, gaztainak biltzen denbora asko ematen zutenez, harremanak egiten zituzten; bikoteak ere sortzen ziren».

Orozkon (Bizkaia), esate baterako, garai batean egiten zuten erromeria berreskuratu dute. Hortaz, urriko azken igandean Gaztaina Eguna egiten dute. Mendeetan, funtsezko jakia izan da Orozkon, herriko ekonomia gaztainetan oinarritzen zelako. Beraz, Orozkoko Udalak iragana berpiztu nahi izan du. Bilketaren osteko besta agurtzeko modu bat zen. «Lehen, gazteek dantzatzeko eta elkartzeko zuten aukera bakarra zen agurra. Beti mezatara joan behar zuten, eta gurasoak eta apaizak begira egoten ziren; batez ere, neskei begira». Hortaz, horrelako topaketak «oso deigarriak» izanen zirela nabarmendu du ikerlariak.

Gaztainen eta hildakoen arteko harremanak azaldu ditu Mugurutzak: «Gaztainekin lortutako lehenengo diruarekin, hildakoentzako meza bat antolatzen zuten. Arimen gauak gaztaina batzea markatzen zuen». Hortik dator urriaren azkenean, gaztaina etxean esaera zaharra. Azarotik aurrera jasotzen ziren gaztainak hildakoen arimentzat ziren. «Egun horretatik aurrerakoak ez ziren hartzen, hildakoentzat zirelako», nabarmendu du ikerlariak. Hilabete horretatik aurrera, ez zituzten astintzen gaztainondoak; gaztainak erori arte esperoan geratzen ziren. Helburua gosea saihestea zela dio Mugurutzak: «Haize gaztainak deitzen zieten: haizeak botatzen zituenean, libreak ziren. Nahiz eta zuhaitzak pribatuak izan, edonork hartu zitzakeen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.