Musika. The Night Flight Orchestra 'Sometimes the World Aint Enough'

Gaitasun siderala

Diskoetxea: Nuclear Blast.

Inaxio Esnaola Aranzadi.
2018ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Suediako musika hezkuntza aberatsak askorako ematen du. Metal doinuen unibertsoan badira sormenari norabide berri bat eman dioten musikariak. Gogortasunean zaildutako hainbatek atzera begiratzeko joera hartu dute AOR zein rock melodikoaren esentzia landu eta berreskuratzeko. Tobias Forge fenomenoak Ghost banda laudatu zein kritikatuarekin egin bezala, Bjorn Strid eta David Andersson Soilwork taldeko kideek atzera begirako bidaia interesgarriari hasiera ematea erabaki zuten: The Night Flight Orchestra.

Konturatu gabe, laugarren diskoa kalean dute. Amber Galactic txalotuaren ondorengoa da Sometimes the World Aint Enough berria. Maila berari eutsi diote pop rock, funk eta disco musikari ere tartea eskainita. Nostalgia klasikoa berreskuratzeko lanetan jarrita 70eko eta 80ko hamarkada bitarteko esentzia bere osotasunean harrapatzeko prest daudela dirudi. Freskotasuna ekarri dio horrek suediarren proposamen deigarriari. Izan ere, oso bitxia da taldea osatzen duten musikarien norabide paraleloa. Death metal melodikoa jorratuz bizi dira Soilwork eta Arch Enemy talde titularrekin.

Sormena, ordea, ezin da giltzapean geratu. Orkestra bat dute arnasa hartzeko, estudioan nahiz zuzenean. Hasi zirenean, kontzertu gutxi eskaintzeko aukera izan zuten, agenda arazoak zirela tarteko, baina lehentasunen zerrenda zertxobait egokitu dute. Kontzertu birak egiten hasi dira, eta seguru lan berriarekin ere agertokiak zapalduko dituztela. This Time lehen singleak, besteak beste, hori merezi du.

Hard rockaren zigilu melodikoa mantendu arren, kantu bilduma berriak altxor ugari gordetzen ditu. Aipaturiko singlea bezain zuzenak dira Speedwagon, Can't Be That Bad eta Barcelona. Espaziora eramaten zaituzten erritmo lasaiagoa dute Turn to Miami, Moments of Thunder eta Lovers in the Rain itsaskorrak. Eta zein ederra den Paralyzed funk zein disco abestia. Zaharrak berritzen dituzten horietakoa da. Hamabikoa osatzeko bederatzi minutu pasako kantu batekin ausartu dira, patxadarekin gozatzen dena.

Aldarte hau nahiago duenik izango da. Hau da, ez da gauza bera ahotsa urratzea edo melodia atseginak sortzea. Benetan harrigarria da Strid abeslariaren gaitasuna. Kamaleoien antzera aritzen da kantatzeko orduan; baita rock talderako darabilen estetika ikusita ere. Gainerako musikariak ere ez dira motz geratzen. Koherentzia puntua eman diote jorratzen dutenari, batzuek txantxetan ari direla pentsatuko duten arren. Umore puntua dutenik ezin da baztertu, baina seriotasunez egiten ari dira bidaia propio eta siderala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.