Miguel Angel Blancoren hilketa. 20. urteurrena

Lurrikara baten modukoa

Miguel Angel Blancoren bahiketak eta hilketak inoiz ez bezala astindu zuten euskal gizartea. Egun haietako mobilizazioak inoizko jendetsuenak izan ziren zenbait tokitan. Eraso ugari ere gertatu zen. Bideoa albistearen amaieran.

gotzon hermosilla
2017ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Lurrikara. Deskarga elektrikoa. Baldekada bat ur izoztua. ETAren ekintza gutxik inarrosi dute euskal gizartea Miguel Angel Blancoren bahiketak eta hilketak bezainbeste. Estonaturik gelditu ziren guztiz herritar gehienak albistea jakindakoan, erreakzionatu ezinik, sinetsi nahi ezta. Astinduaren gogorrak arrakala handiak ireki zituen euskal gizartean, eta hurrengo egunetako giro nahasian gertaturiko istilu larriek arrakalak amildegi eta erabateko haustura bilaka zitzaketela pentsarazi zioten bati baino gehiagori.

Hogei urte igaro dira egun latz haietatik: atzo izan zen Blanco bahitu zuteneko 20. urteurrena, bihar beteko dira hogei urte Lasarte-Orian (Gipuzkoa) aurkitu zutela, eskuak lotuta eta bi tiro buruan, eta etzi izango da hil zeneko urtemuga.
 

AURREKARIAK



Seguru asko, Blancoren bahiketa eta hilketaren jatorria bilatzeko, 1997ko uztailaren 1era jo behar da. Egun hartan, Guardia Zibilak aurkitu zuen, Arrasaten (Gipuzkoa), Jose Antonio Ortega Lara espetxe funtzionarioa bahiturik zegoen lekua, hura askatu, eta haren zaintzaz arduratzen ziren ETAko lau kideak atxilotu zituen. Ortega Lara 1996ko urtarrilaren 17an atzeman zuten; hortaz, 532 egun eman zituen bahiturik, ETAk inoiz egindako bahiketarik luzeena.

Ortega Lara askatzearen truke, euskal presoak Euskal Herriko kartzeletara eramateko eskatu zuen ETAk, bahiketa bere gain hartzeko plazaratutako agirian. Pentsatzekoa da Guardia Zibilak Ortega Lara askatu izana kolpe gogorra izan zela erakunde armatuarentzat, eta atoan beste bahiketa bat egitea eta bahitua askatzeko baldintzak hain epe laburrean gauzatzeko eskatu izana —bi egun eman zizkion ETAk Espainiako Gobernuari presoak Euskal Herrira ekartzeko— kolpe hari erantzuteko modua izan zela.

Izan ere, ETAren jokabidea ez zen batere ohikoa izan. ETAm-k Jose Maria Ryan ingeniaria 1981ean bahitu eta hil zuenetik —hura askatzearen truke, Lemoizko zentral nuklearra eraisteko eskatu zuten, eta astebeteko epea eman zuten horretarako—, ETAren ohiko jokabidea izaten zen bahiketak luzatzea. Ortega Lararena da horren adibidea, edo Emiliano Revillarena —249 egun bahiturik—, eta Jose Maria Aldaia enpresariarena —341 egun—.

Biktima Alderdi Popularraren zinegotzi bat izatea ere ez zen ohikoa. 70etako hamarkadaren amaieran eta 80etakoaren hasieran, ETApm-k eta CAA Komando Autonomo Antikapitalistek maiz jo zuten zenbait alderditako hautetsien kontra, baina ETAm jokabide haren kontra azaldu zen. Hurrengo urteetan, ETAk eutsi zion alderdietako hautetsien kontra atentaturik ez egiteko estrategiari; 1995eko urtarrilean Gregorio Ordoñez PPko zinegotzia hil zutenean, ETAk argudiatu zuen haren kontra jotzeko arrazoia ez zela izan bere militantzia politikoa, «errepresioan hartutako ardurak» baizik.

Blancoren hilketa aldaketa estrategikoa izan zen ETAren jokamoldean. Sei hilabete geroago, Jose Luis Caso PPren Errenteriako zinegotzia hil zuen; ordurako, PPren eta PSOEren hautetsi oro «xede militar» izendatuak zituen ETAk, eta haien kontra egin zuen bereziki. Hurrengo urtean, 1998an, ETAk hil zituen sei lagunetatik lau zinegotziak ziren.
 

BAHIKETA ETA HILKETA



Poliziaren ikerketen arabera, ETA uztailaren 9an saiatu zen Miguel Angel Blanco bahitzen, baina ez zuten lortu, normalean egiten zuen ibilbidea aldatu zuelako. Hurrengo egunean, baina, Eibarreko geltokian atzeman zuten, trenetik jaitsi zenean lanera joateko.

29 urteko gaztea zen Miguel Angel Blanco Garrido, PPren Nuevas Generaciones gazte erakundeko kidea bi urte lehenagotik, eta alderdiak Ermuan zituen lau zinegotzietako bat, bere jarduera politikoan gehiegi nabarmendu gabea.

Bahiketa 15:30ean izan zen. Handik hiru ordutara, ETAk agiria plazaratu zuen, bahiketa bere gain hartzeko eta Blanco askatzeko baldintzen berri emateko: Espainiako Gobernuak 48 orduko epea zuen presoak Euskal Herriratzeko. Epemuga uztailaren 12a zen, 16:00etan. Iluntze hartan, Espainiako Barne ministro Jaime Mayor Orejak agerraldia egin zuen, eta argi utzi zuen ez ziotela «xantaiari» men egingo.

Espainiako Gobernuak jarrera horri eutsi zion publikoki, baina egon zen ETAren zuzendaritzarekin harremanetan jartzeko saialdirik. PSOE agintean egon zen garaian Barne Ministerioko idazkari izandako Margarita Roblesek telefonoz deitu zion Euskal Herriko zenbait eragileri, eta Jose Maria Setien gotzaina eta Jonan Fernandez ere—orduan, Elkarri-ko idazkari nagusia— saiatu ziren gestioak egiten.

Uztailaren 12an, 16:00etan, ETAk ezarritako epea bete zen, euskal gizarteak arnasari eusten zion bitartean. Denbora amaitu eta albisterik iristen ez zela ikusteak esperantzari leihotxo bat zabaltzen ziola zirudien.

Gutxi iraun zuen esperantza hark. 16:50ean, bi ehiztarik Blanco aurkitu zuten Urnieta bidean, Lasarte-Orian. Artean bizirik zegoen erietxera sartu zutenean, baina atzera-bueltarik ez zuen koma egoeran. Ordu gutxi batzuk geroago hil zen, uztailaren 13ko goizaldean, 04:55ean.
 

ERREAKZIOAK



Samina nagusitu zen euskal gizartean lehenengo orduetan, eta, gero, horrek mobilizazioari eman zion bide. Apenas egon zen Hego Euskal Herrian manifestazio edo elkarretaratzerik egin ez zuen herririk, eta, kasu askotan, inoizko mobilizaziorik jendetsuenak izan ziren Miguel Angel Blancoren hilketa gaitzesteko egindakoak. Geroago, Ermuko izpiritua deitu zioten egun haietan bizitakoari.

Baina mobilizazioak ifrentzua ere izan zuen. Hiri eta herri askotan, manifestazioen ostean istilu larriak suertatu ziren, horietan parte hartutako zenbaitek Herri Batasunaren egoitzetara, herriko tabernetara, manifestariek ezker abertzalekotzat jotzen zituzten tabernetara edo, besterik gabe, manifestazioek iraun bitartean aterik itxi ez zuten denda eta saltokien kontra jo zutenean. Erasoak, jipoiak, txikizioak eta su emandako saltokiak izan ziren Donostian, Bilbon —batez ere, jaietan zegoen Santutxu auzoan— Gasteizen, Tuteran, Balmasedan, Barakaldon eta beste zenbait herritan. Orduko kronikek hainbat zaurituren berri ematen dute, baina ez eraso haiengatik inor atxiloturik izan zenik.

Egun haiek gogoratuz hogei urte geroago egindako hainbat erreportaje eta saiotan oharkabe antzean igaro dira orduko eraso eta istiluak, baina garai hartan beldurra eragin zuten sektore askotan, hainbatetan astinduriko gatazka zibil delakoaren mamu hura inoiz baino gertuago zegoelakoan.
 

ONDORIOAK



Ekaitzaren ostean, barealdia iritsi zen, baina egun hits haiek soka luzea ekarri zuten euskal politikagintzan. Ermuko izpiritua izenekoari jarraipena eman nahian, Ermuko Foroa plataforma eratu zuten zenbait eragilek 1998ko otsailean. ETAren kontrako arbuioa sustatzea zuen eginkizun nagusi, baina, laster, euskal abertzaletasunaren kontrako jarduerara lerratu zen, eta behin baino gehiagotan EAJ hartu zuten euren kritiken jomugatzat. Hurrengo urteetan, oso eragile aktiboa izan zen Ermuko Foroa, Espainian nagusitu zen giro oldarkorraren adierazgarri.

ETAri eta alderdi abertzaleei ere zer oldozturik eman zion egoera berriak. Handik urtebetera, 1998ko irailean, Lizarrako Ituna izenpetu zuten alderdi eta sindikatu abertzaleek, eta ETAk hamalau hilabete iraungo zuen su etena ezarri zuen.

Bideoa: Miguel Angel Blancoren hilketa irudietan (Lara Madinabeitia / BerriaTB).

[youtube]https://youtu.be/jL2gY345wto[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.