Albistea entzun

Politika orokorreko eztabaida Nafarroan

Erdigunean izatearen abantaila

Txibitek nabarmendu du akordioak bilatzeko borondatea azaldu duela gobernuak. Nafarroa «EH Bilduren eskuetan» uztea egotzi dio Esparzak
Maria Txibite, atzo, parlamentuko ganberara sartu aurretik.
Maria Txibite, atzo, parlamentuko ganberara sartu aurretik. IÑIGO URIZ/ FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Joxerra Senar -

2021eko azaroak 5 - Iruñea

Legealdiko erdigunea iragan berri, Nafarroaren egoerari buruzko eztabaida berezia egin zen atzo parlamentuan. Orain arte gobernuak egindakoaren inbentario luzea egin zuen Txibitek, hasierako diskurtsoan. Horren aurrean, Navarra Sumako Javier Esparzak «Nafarroaren giltza EH Bilduri ematea» aurpegiratu zion. Bakartxo Ruiz EH Bilduko eledunak, berriz, «anbizio falta» egotzi zion. Gobernuko bazkideen artean, Geroa Baik ohartarazi zionez, kudeaketan «dena ez da argi», eta Ahal Dugu zein Ezkerra kritiko agertu ziren azpiegituren eta fiskalitatearen arloan. Lasai, erdigune politikoaren erosotasunetik erantzun zien guztiei Txibitek, hori baitu abantaila politikoa.

Ikusi gehiago: Analisia: Argazkitik kanpo ez gelditzeko lehia

Goizeko eztabaidan, inor ez zen gidoitik atera, eta hasieratik idatzitako diskurtsoari heldu zion eledun bakoitzak. Hogei bat gonbidatuk entzun zuten eztabaida, horien artean Enrique Maia Iruñeko alkateak. Aurten ez da PSOEko Antolamendu idazkari Santos Cerdan joan, eta haren falta ere kritikatu zuen Esparzak. Argazki bat erakutsi eta haren esanetara egotea aurpegiratu zion Txibiteri: «Hark agintzen du egiazki Nafarroan». Aipu hori ez zuen gustuko izan Txibitek, arratsaldeko saioan, eta «kutsu matxista» zuela ihardetsi zion: «Ni ez naiz inoren laguntzaren beharra duen lehendakaria».

EGOERA POLITIKOA

Gobernua babesten duten indarrek 23 parlamentari dituzte orotara, eta horregatik «beste indar batzuekin hitzartzeko beharra» izan dutela goraipatu zuen Txibitek: «Akordioak bilatzeko orduan, elkarrizketa da eta izango da gure erreminta». Parlamentuko esparrutik harago, gizarte zein ekonomia eragileen eta Madrilen aurrean jarrera bera dutela iritzi dio. «Konfrontazioaren aurka, kontsentsua». Borondate hori txalotu zuen Barkosek, eta gogorarazi zion bazkide «exijente baina leialak» direla. Haatik, Geroa Baiko eledunak ohartarazi zion kontsentsurako bokazioa ezin dela nahasi besteei exijitzearekin «amore emateko».

Hain zuzen ere, duela gutxi hitzartu du gobernuak EH Bildurekin udalen finantzaketa eredu berria edo 2022ko aurrekontuaren aurreproiektua, «inoizko handiena», Txibiteren hitzetan. Bakartxo Ruizek erantzun zion EH Bilduk «arduraz» jokatzen duela, eta «pertsonen bizimodua hobetzea» bilatzen duela, baina bide horretan «anbizio falta» izatea egotzi zion Txibiteri eta PSOEri, bai Madrilen lan erreforma indargabetzeko bai Nafarroan neurri berriak proposatzeko.

Errealitatearen gaineko analisi kritikoa egin zuen Esparzak. Haren hitzetan, Nafarroa atzerriko inbertsioan, sortutako enpresa kopuruan eta langabezia datuetan «gain behera» doa, eta bi errudun nagusi ditu: EH Bildu eta Txibite. «Zoritxarrez, azken sei urteetan, Barkosen zein Txibiteren gobernuarekin, gobernabidearen kontrola EH Bilduri eman zaio, eta politika nagusiak hark zehazten ditu». Haren irudiko, Txibiteren «hanka sartzerik handiena» izan da EH Bildurekin aurrekontuak negoziatzea: «Txibite anderea ez da fidatzekoa, eta historiara pasatuko da EH Bilduri esker gobernatzeagatik».

Txibiteren irudiko, diskurtso horrek «Esparzaren ezintasuna eta bakardadea» baino ez ditu islatzen. «Baztertua zaren antzerkitxoa egin behar duzu, baina ezin duzu esan baztertzen zaitugula. Negoziatzeko zure ezgaitasuna lidergo faltaren emaitza da».

AUTOGOBERNUA

Txibiteren esanetan, Espainiako Gobernuarekiko harremanetan «gobernantza partekatua teoriatik praktikara» eraman dute, eta aurten bi eskumen eskualdatu dira: bata, Iruñeko espetxeko osasun zerbitzua abian da abuztuaren 1etik, eta bestea, akordioa egin berri da gutxieneko bizi sarrera kudeatzeko. Gainera, hiru urteko atzerapenarekin badator ere, abenduaren 1ean sinatuko da trafikoaren eskumena itzultzeko akordioa: «Gure autogobernua gaur sendoagoa da, eta erakusten dugu elkarrizketaren eta akordioaren bidez gehiago lor daitekeela konfrontazioaren bidez baino», goraipatu zuen.

Uxue Barkos pozik azaldu zen «hogei urteko lehortearen ostean», Nafarroak eskumen gehiago lortu dituelako, eta uste du aurreko legealdian egindako lanaren emaitza ere badela. Dena den, kritiko agertu zen 2020tik 2024ra arteko ekarpenaren kalkuluaren inguruan adostasun falta dagoelako. Ekarpenaren zenbateko desberdinak idatzi dituzte euren aurrekontu proposamenetan Madrilgo eta Iruñeko gobernuek. Horregatik, irmo jokatu eta nafarren interes orokorra defenditzera dei egin zion Barkosek: «Autogobernua egunero defenditzen da. Ez ahaztu ere autogobernurik gabe ez garela ibiliko gaurko munduan ez asko ezta gutxi ere».

Txibitek erantzun zion gobernuak «hitz gutxirekin» lan egitea nahiago duela, eta berritasunak dituztenean haren berri emango dutela: «Negoziazioak aurrera doaz, baina ez nahi genukeen erritmo berean».

OSASUNAREN KUDEAKETA

Txibiteren esanetan, herritarren %90 inguruk hartu dute txertaketaren pauta osoa, eta, horri esker, «beste garai batean» daude: «Ezin dugu ahaztu bizi izandakoa eta ikasitakoa. Ikasitakoak balioko digu hobetzeko». Urte amaierarako espero dute lehen arretan pandemia aurreko presentzialtasun mailara itzultzea. Txibitek onartu zuen espezialitateetako itxarote zerrenden «datu txarrak» dituztela, eta lehen arreta pandemiari aurre egiteko «defentsaren lehen lerroa» izan dela. Premien artean jarri du osasun arreta hobetzea, eta, horretarako, zin egin du eutsiko dietela pandemiari aurre egiteko kontratatu behar izan diren profesionalen %70i —legealdian, 1.200 kontratazio egin dira—. Halaber, osasun etxeetan ehun erizain lanpostu sortzeko asmoa dute.

EH Bilduko Bakartxo Ruizen arabera, pandemiak hiru ondorio utzi ditu: «Lehenik, agerian gelditu dira arlo publikoaren ahuldadeak eta gabeziak, urteetako pribatizazioen lorratzak; bigarrenik, osasun kudeaketan oker larriak egin dira, eta ez dugu autokritikarik sumatu; eta, azkenik, agerikoa da Madrilek esanen duenaren zain gaudela beti, eta ezinezkoa da kudeaketa arin eta eraginkor bat egitea burujabetzarik gabe». Ruizek ez du uste osasun sistema iaz bezain tenkatua denik, baina oraindik ere zauriak zabalik direlakoan dago: «Horri aurre egiteko errezeta bakarra da langileek aparteko orduak egitea eta pazienteak sare pribatura bidaltzea». Hala, kezka azaldu du sare pribatuekin hitzartutako laguntzak «nabarmen» handitu direlako 2022ko aurrekontu proposamenean.

GARAPEN EKONOMIKOA

«COVID-19 osteko garai honi itxaropenez aurre egiten diogu», nabarmendu zuen, nahiz eta gaineratu «hodeitzar batzuk» ageri direla ekonomian, hala nola industriaren hornidura arazoak eta inflazioa. Egoera horren jakitun, Txibitek aurreratu zuen errenta apalenei egoera arintzeko zerga arloko neurriak proposatu dituztela. Aurrera begira ere iparrorratza argi dutela aipatu zuen: «Pandemiatik irteteko, baliabideak erabiltzen ari gara, eta ez murrizketak, beste garai batzuetan egin zen bezala. Eta ondo dakigu zein diren haren ondorioak».

Europako laguntzei dagokienez, Txibitek ez zuen datu berririk eman. Nabarmendu zuen elikagai industriari zuzendutako eraldaketa ekonomikora eta suspertzeko planetan laguntza jasoko duten 39 enpresetatik 19 nafarrak direla, eta auto elektrikoaren ekoizpenean eta erabileran «erreferente» izan nahi dutela.

Barkosek ihardetsi zion laguntza horien diseinuan parte hartu beharko lukeela Nafarroak.«Lehentasunezkoa da ardura partekatuari buruzko formulak bilatzea». Barkosen ustez, eztabaidak «deserosotasuna sor dezake eskubide historikoak konstituzioarekin lotzen dituzten indar politiko batzuen artean. Deserosoa izan daiteke, baina batzuen beldurrak ez ditzala hipotekatu etorkizuneko belaunaldiak».

Azpiegiturei dagokienez, hiru asmo azpimarratu zituen: batetik, Nafarroako Ubidearen bigarren fasean Erriberara bi hodi zabaltzeko lanak; bigarrenik, abiadura handiko trena; azkenik, errepideen mantentze lanetarako eta inbertsiorako aurrekontu igoera. Energia berriztagarriei dagokienez, 69 proiektu ditu mahai gainean: 34 parke eoliko eta 35 parke fotovoltaiko.

Ahal Dugu-ko Mikel Buil kritiko agertu zen klima aldaketaren inguruko jarrerarekin: «Produktibitatea, lehiakortasuna eta berrikuntza begian jarri zaizkigun hiru oihal izan dira, eta galarazi egin digute ikustea klima aldaketa kalearen bestaldean genuela». Builen arabera, kontraesana da esatea klima aldaketari aurre egin behar zaiola baina politiketan kontrakoa egitea. Horren adibide jarri ditu parke eolikoak, AHTa edo Mina Muga meatze proiektuari baimena ematea.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Buruntza Mendiko gurutze frankista bota dute

Epaileak deklaratzera deitu du Ernairen legezko ordezkaria, Buruntzako gurutzearen eraisketagatik

Berria

Gazte antolakundeak bere gain hartu zuen ikur frankista hori bota izana. Espainiako Abokatu Kristauen Fundazioak jarri zuen haien aurkako salaketa.

Foro Sozial Iraunkorraren prentsaurrekoa, gaur eguerdian. ©Iñigo Uriz / Foku

Estatuaren biktimak aitortzeko «urrats instituzional garrantzitsuak» nabarmendu ditu Foro Sozialak

Iosu Alberdi

Legealdian emandako pausoen ondoriotzat jo dituzte Nafarroako Parlamentuak eta Gobernuak azken asteetan hartutako erabakiak.

Ahurretan sartu ezinezko 48 ordu

AHURRETAN SARTU EZINEZKO 48 ORDU

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Uztailean beteko dira 25 urte ETAk Miguel Angel Blanco Ermuko PPko zinegotzia bahitu eta hil zuela. 'Euskal' zen ororen aurkako olde bat ekarri zuen atentatuaren aurkako erreakzioak, BERRIAk elkartu dituen orduko hiru kazetariek oroitu dutenez. Abertzaletasunak batuta erantzun zion.

 ©BERRIA

Presoak eztabaidagai

Iosu Alberdi

1990eko hamarkadako tentsio gune nagusietako bat izan zen espetxe politika. Presio egiteko «fronte» propio bat ireki zuen ETAk, eta sakabanaketa amaitzeko exijitu zuen Eusko Legebiltzarrak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...