EITB

«Zentsura» dago EITBn, taldeko enpresa batzordeek salatu dutenez

EITBko zuzendari nagusiak aitortu du berak agindu zuela Maddalen Arzallusek Ion Paroti buruz eginiko bertsoak erretiratzeko, baina esan du bertsolariak «askatasun osoz» jarduteko aukera izan zuela

Elkarretaratzea. EITBko zenbait langileren protesta, atzo. A. L. / FOKU.
Julen Aperribai - Irati Urdalleta Lete - Gotzon Hermosilla
Bilbo
2022ko urriaren 25a
00:00
Entzun

«Zentsura» erabili da eta erabiltzen da EITBn, Maddalen Arzallusen bertso musikatuaren kasuan eta beste hainbatetan. Hala uste dute EITB Mediako enpresa batzordeek, ohar bidez azaldu dutenez. «Zentsura» salatzeko eta «EITB publiko eta askotarikoa» aldarrikatzeko, 50 bat langilek elkarretaratzea egin zuten atzo EITBk Bilbon duen egoitzaren aurrean, EITB Mediako langile batzordeek deituta. Ordu erdi geroago, EITBren administrazio kontseiluaren bilera egin zuten. Bertan, BERRIAk jakin duenez, Andoni Aldekoak, EITBko zuzendari nagusiak, aitortu zuen berak erabaki zuela Arzallusen bertsoak erretiratzea, baina ez zuen zentsuratu izana onartu, «abestiaren egilea askatasun osoz aritu ahal izan baitzen».

Bestelako iritzia du enpresa batzordeak. Bertsolariarekin gertatutakoa «zentsura» horren «azken adibidea» da, haien esanetan. Urriaren 16an Arzallusek kartzelaldi luzeen gaineko gogoeta plazaratu zuen Euskadi Irratiko Faktoria saioan, musikatutako bertsoen bidez, Ion Parot euskal presoaren egoeratik abiatuta —32 urte egin ditu kartzelan, eta baldintzapean aske dago egun—. EITBk kendu egin zuen bideoa webgunetik; zuzendaritzaren aginduz, erredakzio kontseiluen arabera. «Inork pentsatzen al du bideo hori webgunetik kenaraziko zutela gogoeta hori Ameriketako Estatu Batuetako heriotza korridorean dagoen preso baten harira egin izan balitz? Bistan da ezetz», salatu dute erredakzio kontseiluek, eta «nabarmena» dela bideoa «irizpide politikoen eta ideologikoen arabera» ezabatu zutela.

Ikusi gehiago:Andoni Aldekoa: «EITB euskarazko edukiak lehenesten ari da»

Gertakari horrek agerian utzi du, haien arabera, EITBn zentsura aplikatzen dela, baina, hala ere, zehaztu dute «hainbat modutan» egiten dela, sarritan baita kanpotik erraz antzematen ez direnetan ere. «EITBko medioetan ohikoa da Eusko Jaurlaritzari komeni ez zaizkion eta EAJren irudia kaltetu dezaketen albisteak ez ematea edota horiei ahalik eta denborarik gutxiena eskaintzea». Enpresa batzordeen arabera, hori gertatu da, besteak beste, De Miguel auziarekin, Alonsotegiko (Bizkaia) EAJko hiru alkate ohiri ustelkeriagatik eginiko inputazioarekin eta AHTren gaineko informazioarekin.

Horrez gain, ETBko hainbat programatan parte hartu duten gonbidatu, elkarrizketatu eta lehiakideak jantzita zeramatzaten kamisetak kentzera behartu izan dituztela ere azaldu du. Hala gertatu da, diotenez, Altsasukoak aske eta Independentzia leloa zeramaten batzuekin. Kontrara, beste zenbaitetan halakorik ez dela egin gehitu du; esaterako, Honoring Courage; Blue Lives Matter (Ohore adoreari; Bizitza Urdinek Axola Dute) leloa zeraman ertzainarekin.

EITBko komunikabideetako audientzia datuak ez direla onak ere gogorarazi dute, eta, horren atzean «hainbat faktore» egon badaitezke ere, zentsurarekin zerikusia duela uste dute: «EITBk ez du irudi onik, ezta sinesgarritasunik ere, euskal gizartearen zati handi batentzat. Eta agerikoa da sinesgarritasuna galtzeak ez duela ekarriko ikus-entzuleen eta erabiltzaileen hazkundea».

EITBren zuzendaritzari dagokio, diotenez, norabidea aldatu eta «hausnarketa» hori egitea. Hala ere, aurreratu dute ez dutela «jarrera aldaketarik» espero: «Tamalez, ziur gaude EITBko zuzendaritzan erabakiak irizpide politikoen eta interes partidisten arabera hartuko direla aurrerantzean ere».

Kendu izanaren defentsa

Aldekoak, aldiz, EITBren jokaera defendatu du administrazio kontseiluan. Zuzendari nagusiaren esanetan, Arzallus «askatasun osoz» aritu zen; ordea, irizten zaio EITBk ezin duela «berea balitz bezala zabaldu elkarbizitzarekin duen konpromisoa irudikatzen ez duen eduki bat, defendatzen dituen balioetatik aldentzen dena». Eta nabarmendu du ezin dutela «inhibitu» produktu hori zabaltzeko eta sustatzeko erantzukizunetik, behin edukia zein den jakin eta gero.

Horiek horrela, aitortu du berak erabaki zuela bertsoak kentzea: «Jakin nuenean EITB eduki horren kontsumoa zabaltzen eta sustatzen ari zela bere webgunearen eta sare sozialen bidez, nik neuk hartu nuen hura erretiratzeko erabakia, albistegi zuzendaritzarekin batera. Eta nik neuk eskatu nien eduki digitalen arduradunei kentzeko».

Eta erabakiaren arrazoiak eman ditu. Aldekoaren esanetan, bertsoak «ETAko preso bati eta haren kondena denborari» buruzkoak dira, eta «Terrorismoaren Biktimei Aitorpena eta Erreparazioa egiteko Legearen printzipioen eta artikuluen aurka doa, baita EITBk Euskadiren bizikidetzan lagundu dezakeen eragile izateko hartu duen konpromisoaren aurka ere». Esan du bazekitela bertsoak kentzeak «polemika eta zarata» sortuko zuela, baina baita «euskal gizartearen beste zati bat» bideoa zabaltzearen aurka agertuko zela ere. «Erabakia izan zen EITBren konpromiso etikoari, memoria eta bizikidetza esparruarekiko errespetuari eta arlo honetan hedabide publiko bati dagokion lanari eustea guztiaren gainetik».

Bilera bukatu bezain laster hedabide publikoko langileei ere ohar bat igorri die Aldekoak. Administrazio kontseiluan esandakoa berrestearekin batera, esan du EITBk «argi eta garbi» jardun behar duela «horrelako egoeretan»: «Ekintzaren batek biktimak zauritu eta haien mina berpiztu dezakeela edo taldea bizikidetzarekiko konpromisotik aldendu dezakeela konturatuz gero, ekintza hori saihestu egin behar du».

Etorkizuneko asmoen berri ere eman du: «Gustatuko litzaidake aurrerantzean ere EITBren konpromisoa iritzien eta ikuspuntuen aniztasuna eta dibertsitatea izatea, baina betiere EITBren konpromiso etikoaren barruan eta euskaditarrok gure legeen bidez geure buruari eman diogun elkarbizitza esparruaren barruan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.