Beste bost euskal preso hurbilduko dituzte, eta bat Euskal Herriratu

Oier Urrutiaren baldintzapeko askatasuna berretsi dute. Francisco Mujika libre utzi dute, 29 urteko espetxealdia bete eta gero

maddi ane txoperena iribarren
2020ko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Azken hilabeteotan astero gisan, atzo ere iritsi zen Espainiako Espetxe Erakundeen iragarpena: bortz preso Euskal Herri inguruko espetxeetara hurbilduko dituzte, eta bat Euskal Herriratu eginen dute. Karlos Apeztegia Jaca da Euskal Herrira ekarriko dutena: Iruñeko espetxera mugituko dute, Ocañatik (Toledo, Espainia, 520 kilometro). Ocañan zegoen azken euskal presoa zen Apeztegia, eta, beraz, hura hurbilduta, ez da euskal presorik izanen kartzela horretan.

Bertze bortz presoak El Dueso (Kantabria, Espainia, 170 kilometro), Soria (Espainia, 260 kilometro) eta Dueñasera (Palencia, Espainia, 310 kilometro) mugituko dituzte. Hiru dira El Duesora eramango dituztenak: Angel Telleria Uriarte, Jon Crespo Ortega eta Jon Etxeberria Oiarbide. Estremeratik (Madril, 520 kilometro), Murtziatik (Espainia, 820 kilometro) eta Castellotik (Herrialde Katalanak, 575 kilometro) mugituko dituzte, hurrenez hurren. Soriara Jexux Mari Altable mugituko dute, Castellotik hura ere. Jon Mirena San Pedro Blanco, berriz, Herreratik (Espainia, 640 kilometro) Dueñasera eramanen dute.

Apeztegiak, Telleriak eta Altablek bigarren graduan beteko dute zigorra, Espetxe Erakundeen arabera.

Bestalde, Francisco Mujika Garmendia Pakito Ordiziako presoa (Gipuzkoa) atzo irten zen Zuerako espetxetik (Aragoi, Espainia), ia 29 urteko kartzelaldia bete eta gero.67 urte ditu.

Era berean, Oier Urrutia Gasteizko presoari baldintzapeko askatasuna ematen zion ebazpena berretsi du Espetxe Zaintzako Epaitegiak. Urrutia hirugarren graduan zegoen uztailetik. 11 urte egin ditu preso.

Aurrekontuei lotu gabe

Hain justu, presoen gerturatzeaz galdetu zioten atzo Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroari. Gogorarazi du «modu jarraituan» ari direla presoak hurbiltzen azken bi urteetan, eta, beraz, nabarmendu zuen lekualdaketa horiek ez dutela harremanik Espainiako datorren urteko aurrekontuen negoziazioarekin.

Biktimen elkarte batzuk ere mintzatu ziren atzo. APAVT elkarteak Espainiako Auzitegi Nazionalari eskatu dio debekatu ditzala Sarek urtarrilaren 9rako deitu dituen mobilizazioak, uste baitu «Sareren atzean legez kanporatutako talderen bat» egon litekeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.