Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Katalunia

Elkarrizketa eta batasuna eskatu dute Junquerasek eta Turullek

Madrilgo Soto del Real espetxetik hitz egin dute JXCat eta ERCko hautagaiek. Gaur Romeva eta Rull arituko dira kanpainan

Oriol Junqueras Kataluniako buruzagi independentista espetxeratua eta ERCko hautagaia, ostiralean. ANDREU DALMAU / EFE.
Arantxa Elizegi Egilegor - Maider Galardi F. Agirre
2019ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Azken unean, baina, hauteskunde batzordearen baimenarekin, hitza hartu zuen atzo Jordi Turull Junts Per Catalunya alderdiko hautagai eta buruzagi independentista katalan espetxeratuak Madrilgo Soto del Real kartzelatik. Seu d'Urgellen (Lleida, Herrialde Katalanak) egindako hauteskunde ekitaldi batean bideokonferentziaz aritu zen Turull, eta «batasuna» eskatu zuen indar subiranistentzat. Datorren igandeko Espainiako Gorteetako bozetako hautagai da Turull, eta hitzaldian eskatu du «aukerarik» ez galtzeko, datorren igandean «elkarrizketa sustatzeko». Ez da hauteskunde kanpainan aritu den preso kataluniar bakarra: Jordi Sanchez izan zen lehenena joan den ostegunean, eta ERCko zerrendaburu Oriol Junquerasek hartu zuen hitza ostiralean. Gaur, berriz, Cambrilseko(Tarragona, Herrialde Katalanak) ERCren ekitaldian Raul Romeva hautagai eta presoa, eta Josep Rull, berriz, Reuseko (Tarragona, Herrialde Katalanak) JXCat-en ekitaldian.

«Gure esku dagoen guztia egingo dugu eskuineko gobernu bat egon ez dadin», ohar egin zuen Junquerasek.Ostegunean Sanchez JxCATeko hautagaiak bideokonferentzia egin zuen gela beretik aritu zen Junqueras, Soto del Realeko espetxetik (Madril). Haren espetxekidearen kasuan ez bezala, ordea, Espainiako banderarik eta Felipe Borboikoaren argazkirik gabeko irudia eman zuten telebista kamerek.

Ironiaz deskribatu zuen egoera buruzagi subiranistak, esanez penagarria dela kazetarien aurpegiak ikusi ezin izatea, berak prentsaurrekoak horren «gustuko» izanik. «Ezin dugu normaltasunean kokatu gu hemen, kartzelan, egotea; ez bakarrik hauteskunde kanpainan gaudelako, baita nik egin dudana Zigor Kodean jasota ez dagoelako ere, eta, beraz, ezin liteke zigortu». Izan ere, azken egunetan argi geratu da ez dela ohikoa izaten ari Espainiako Gorteetarako bozetarako kanpaina. Prentsaurrekoa antolatu duen agentziak berak—ACNk— gogorarazi duenez, 534 egun daramatza ERCko zerrendaburuak behin-behineko espetxealdian, urriaren 1eko erreferenduma antolatzeagatik.

Bozetarako hautagai izanik, Junquerasek eta Sanchezek kartzelatik irteteko baimena eskatu du kanpainan parte hartzeko. Baina epaitegiek ez diete halakorik onartu. Espainiako Kongresurako ERCren zerrendaburua da Junqueras, eta JXCat-ekoa Sanchez, baina, preso egonda, ez dago argi zer gertatuko den haien hautagaitzekin. Hori argitu bitartean, buruzagi errepublikanoak argi utzi zuen zein izango den euren helburua Madrilen: «Demokrata bakar batek ere ez luke eskuin muturreko gobernu bat ahalbidetuko bere esku balego, eta guk ere ez dugu hori egingo».

Sozialisten jarrerarekin ere ez dator bat buruzagi katalana. Haren arabera, Ciudadanosen aldera joko du Sanchezek horrek gobernu egonkor bat ahalbidetzen badio, eta PSCri ematen dizkioten botoak ere Ciudadanosen eskuetan amaituko dute. «Tamalgarria litzateke 155.aren blokeak irabaztea. Inor ez da asaldatzen Sanchezek esaten duenean ez duela erreferendumik edo independentziarik onartuko. Baina gure helburua hori da oraindik ere, eta horretarako balio du demokraziak, gure helburuetara ahalik eta gehien gerturatzeko», adierazi zuen.

Elkarrizketetan oinarritutako irtenbide bat defendatu zuen Kataluniako auzian. «Erreferenduma eta errepresioaren amaiera defendatuko ditugu, eta zein da horra heltzeko bide hoberena? Elkarrizketa, horrek ahalbidetzen duelako gehiengo demokratikoak eraikitzea».

Iglesiasen erantzuna

Pablo Iglesias Unidas Podemoseko idazkari nagusiak, ordea, Junquerasi erantzun zion ahal izatekotan PSOErekin soilik gobernatuko duela. Datorren igandeko bozen emaitzak jakin aurretik «partida jokatzea» egotzi dio ERCko zerrendaburuari, eta adierazi du eskuin muturreko gobernu bat osatzea «eragotzi» nahi badu ere, espero duela PSOEz gain beste babesik ez behar izatea gobernua osatzeko. Edonola ere, ohartarazi du Kataluniako buruzagi independentistak espetxean egotea «Espainiako justiziarentzat irudi txarra» dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.