Halere, itxaropentsu

COVID-19ak eragindako krisi sozioekonomikoaren ondorioz, martxotik maiatzera nabarmen jende gehiagok jo du Euskal Herrian elikagai bankuetara. Bankuen arabera, azkeneko asteotan gertatutako «donazio erauntsiari» esker hurrengo hilabeteei aurre egiteko moduan dira.

Igor Susaeta.
2020ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Elikagai bankuek biltegiratutako produktuak banatzen dituzten instituzioek eta elkarteek mezu argi bat helarazi dute: COVID-19ak eragindako krisi soziosanitarioaren ondorioz, Euskal Herrian janari eske jo dutenen kopurua nanabarmen handitu da azken hiru hilabeteotan. Lurralde bakoitzeko elikagai bankuek emandako datuen arabera, batez beste %23. Araban izan da igoera handiena (%38), eta Lapurdi eta Nafarroa Beherean apalena (%10). Baionako elikagai bankuak ohartarazi du uste dutela igoera %20koa izango dela «aste edo hilabete batzuk barru» —2017an 6.390 pertsona artatu zituzten, eta iaz 8.200 —.

Iritzi bera du Luis Crovettok: «Uste dut oraindik ez garela gailurrera iritsi». Bizkaiko Elikagai Bankuko presidenteordea da, eta, haren arabera, 2014an artatutako pertsona kopurura iritsi dira, kolpetik, azkeneko asteotan. Atzeraldi Handiaren ondorengo urteak ziren. «Horregatik naiz beldur». Halere,iruditzen zaio «gutxienez» hurrengo hiruzpalau hilabeteetan «arrakastaz» aurre egin ahal izango diotela egoerari. «Bikaina izan da gizartearen erantzuna. Instituzioak, fundazioak, norbanakoak... Donazio erauntsi bat gertatu da». Eta horrek ahalbidetzen du, hain zuzen, ia urte bukaera arteko banaketa «bermatuta» egotea.

Gipuzkoako Elikagai Bankuko presidenteorde Carlos Martinezek izurriak baldintzatutako azken hiruhilekoaren zenbakiak plazaratu ditu. Donazio bidez 248.000 euro jaso dituzte: 121.000 euro enpresek eta elkarteek eman dituzte, eta 127.000 norbanakoek. Hori dela eta, herritarren «elkartasuna» nabarmendu du. «Hornidura aldetik arazorik ez dago». Datozen hilabeteei begira iritzi berekoak dira Nafarroako, Lapurdi eta Nafarroa Behereko, eta Arabako bankuak. Hori bai, normaltasun berria deitutakoak ezarritako neurriak direla eta, ez dakite urte bukaeran egin ohi duten eta urte osorako oso garrantzitsua izaten den bilketa handia betiko moldean egin ahal izango duten.

Apirilean ohiko jarduerari heldu zioten Bizkaikoan, martxoko azkeneko bi asteetan Basauriko biltegia itxi ondotik. Eta zailtasunekin ekin zioten berriro, boluntario gazteak bilatu behar izan zituztelako. «Kontuan hartu behar da gehienok adin bat daukagula, eta arrisku taldean geundela», zehaztu du Crovettok. Gogoan dauka, gainera, banaketa egiten duten instituzioek nola adierazten zieten geroz eta pertsona gehiago bidaltzen zituztela udaletako zerbitzu sozialek.

Instituzio horietako bat da Gurutze Gorria, eta Bizkaiko bankuko boluntarioek egin ohi duten Azken minutua jardueraren ardura hartu zuen behin-behinean. «Bost furgonetarekin bost ibilbide egiten ditugu Bizkaian, eta supermerkatu guztietatik igarotzen gara ia iraungitzear dauden elikagaiak biltzera. Funtzionatzen jarraitu zuen», azaldu du Crovettok.

Banaketa «duintzea»

Bizkaiko Elikagai Bankuko presidenteordearentzat, banaketa «duindu» behar da, eta horrek arduratzen du. «Jendearentzat bada nahikoa zoritxar beharra izatea, gainera ilara batean ikus ditzaten». Horregatik, Lagun Artea «esperimentua» abiarazi zuen Bizkaiko bankuak iaz, BBK Fundazioarekin, Bilboko Udalarekin, Gurutze Gorriarekin eta Bizkaiko Diputazioarekin batera. Lagun Artea gune bat da, Santutxun (Bilbo) dago, eta, Crovettoren esanetan, familiak hara joaten dira «supermerkatura» joango balira bezala. «Pertsona bakoitzak puntu batzuk ditu, eta, horien arabera, behar duena hartzen du». Bizkaiko Elikagaien Bankuan gero instituzioek banatuko dituzten paketeak egiten dituztenean, «dagoena» ematen dute. «Lagun Artean, aldiz, produktu batzuk daude, eta, puntuak kontuan hartuta, pertsona bakoitzak ondo datorkiona hartzen du», zehaztu du. Beharra dutenei txanda bat jartzen diete, eta, horrela, «jendetzak» saihesten dituzte, eta dena «humanitate zein diskrezio handiagoarekin» egin dezakete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.