Kartzelan dira Bilbon neska adingabe bati sexu erasoa egitea egotzitakoak

Arantxa Iraola - Maddi Ane Txoperena Iribarren
2020ko otsailaren 29a
00:00
Entzun
Iragan asteburuan sexu eraso bat pairatu zuela salatu du neska adingabe batek Bilbon, eta, horren harira, ertzainek hiru gizon gazte atxilotu zituzten herenegun, 18 eta 21 urte artekoak. Atzo goizean, atxilotuek epailearen aurrean deklaratu zuten, eta epaileak Basauriko (Bizkaia) kartzelan espetxeratzeko agindu zuen. Dagoeneko preso sartu dituzte hirurak. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, gazteek aurrekariak dituzte.

Erasoa asteburuan gertatu zen. Ertzaintzaren arabera, Solokoetxe kalean gertatu zen. Horren ondorioz, neska ospitalean artatu behar izan zuten, eta orduan izan zuten ertzainek gertatutakoaren berri. Ikerketa bat hasi zuten zer jazo zen argitzeko; adingabeak salaketaren berri eman zuen, eta horren ondorio dira hiru atxiloketak. Hainbat iturrik adierazi dutenez, biktimak 13 urte ditu.

Bilboko Udalak adierazpen bat onartu zuen atzo goizean, gertatutakoa gaitzesteko. Udal talde guztiek egin dute bat. Adierazpenean salatu dute eraso matxista bat izan dela eta giza eskubideak larriki urratzen dituela. Bilboko Udalak emakumeenganako errespeturik gabeko edozein jarrera baztertu du, eta herritarrak deitu ditu horrelako erasoen aurka agertzera. Udalak bat egin du eraso horren aurka deitzen diren protesta guztiekin.

Andreen salerosketa delitua

Espainiako Poliziak hamar lagun atxilotu ditu Donostian, erakunde kriminal bateko kide izatea eta emakumeen salerosketan aritzea leporatuta. Horietako lau lagun espetxeratu egin dituzte.

Jaioterrian zirela, lan duin bat lortuko zietela agintzen zieten andreei, eta, Donostiara ailegatzerakoan, prostituzioan aritzera behartzen zituzten, taldearekiko 4.500 eurorainoko «zorra» kitatu arte. Atxilotuei prostituzioarekin loturiko delituak, osasun publikoaren aurkakoak eta langileen zein atzerritarren eskubideen kontrakoak ere egotzi dizkiete.

Emakume horietako batek salaketa jarrita abiatu zuen Poliziak ikerketa. Horren arabera, atxilotuek gutxienez 52 emakume salerosi zituzten, eta prostituziorabehartu. Venezuelan engainatzen zituzten emakumeak, gero Euskal Herrira ekartzeko, eta 90 egunez prostituzioan aritzera behartzen zituzten —epe hori pasatuta libre uzten zituzten, baina egoera irregularrean egoten ziren—. Zeukaten dirua kendu, eta bideoz kontrolatzen zituzten.

Poliziak egindako operazioan, lau emakume atera dituzte Donostian prostituzioan ibiltzera behartzen zituzten pisuetatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.