KAMIOIAK BETE DEZALA ZULOA

Nafarroako Gobernuaren arabera, errepide sarea egoki mantentzeko behar lukeen diruaren erdia baizik ez du inbertitzen, eta azken hamar urteetan obra berrietan mila milioi euroko inbertsio defizita eragin du. Dirua biltzeko asmoz, proposatu du ibilgailu astunei bidesariak jartzea N-121 errepidean, Leitzarango eta Sakanako autobideetan, Ziordia eta Altsasu arteko tartean eta A-68an.

JAGOBA MANTEROLA / @FOKU.
joxerra senar
2020ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Denborarekin, errepideetan zuloak azaleratu ohi dira, baldin eta asfaltatzen eta egoki mantentzen ez badira. Uneotan, bi zulo handi ageri dira Nafarroako errepide sarean: batetik, behar baino diru publiko gutxiago jarri da mantentze lanetarako; bestetik, azken hamarkadan mila milioikoinbertsio defizita dagoela kalkulatu du gobernuak. Horregatik, Bernardo Ziriza Lurralde Kohesioko kontseilariak proposatu du bost errepidetan kamioiei bidesariak jartzea. Parlamentuan, PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak bat egin dute.

Politikoki bidea libre izan dezake gobernuak, baina Gipuzkoaren adibidea dator gogora. Gobernuak ez du oraindik bertako garraiolarientzako konpentsazio neurriez hitz egin, baina Geroa Baik azpimarratu du bertako enpresak bi aldiz ez zigortzeko formulak bilatu behar direla. Hain zuzen, horrek buruko min franko eragin dizkio Gipuzkoako Aldundiari, 2018an N-1 eta A-15 autobideetan 3,5 tonatik gorako ibilgailuei ordainsaria ezarri zienetik. Foru arauak tokiko garraiolariei saria apaltzeko sistema bat ezarri zuen, baina EAEko Auzitegi Nagusiak bi aldiz baliogabetu du, Europako Batasuneko legedia urratu eta kanpoko garraiolarien aurkako bazterketa dela iritzita. Gorenak izango du azken hitza.

Nafarroako Gobernuaren planteamendua ustekabean etorri da. Alarma egoera ezarri aurreko astean, iragarri zuen N-121 errepideko tuneletan ibilgailu astunentzako ordainsariak jarriko dituela, «disuasio neurri gisa». Aspalditik, N-121ak zeharkatzen dituen herrietako biztanleak eta udalak protesta ugari egin dituzte kamioien joan-etorri handiaren aurka, eta proposamena errealitate horri loturik zegoela zirudien.

Haatik, maiatzaren 15ean, gainerako errepide nagusietara zabaldu zuen kamioiei bidesariak jartzeko planteamendua: A-15 Leitzarango autobidean, A-10 Sakanako autobidean, Altsasutik Ziordiara arteko A-1 autobidean, eta Castejon eta Cortes arteko A-68 autobidean. Nafarroa ekialdetik mendebaldera zeharkatzen duten Bideko eta Pirinioetako autobideak bidesarietatik libre geratuko lirateke, kontzesio enpresei ibilgailu kopuruaren arabera ordaintzen dielako; Tuteratik Irurtzunera arteko AP-15ean, berriz, bidesaria badago.

EBko 2004ko zuzentaraua oinarri hartuta, «erabiltzen duenak ordaintzen du eta kutsatzen duenak ordaintzen du» printzipioari erreparatu diote, Zirizaren esanetan. Europako Batasunean, ahalmen handiko errepideetan «guztiz hedatua» dago ibilgailu astunei bidesariak jartzea: %100ean Alemanian, Herbehereetan, Portugalen, Txekian, Belgikan, Suedian eta Danimarkan, eta oso hedatua Frantzian eta Italian. Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak errepide nagusietan antzera jokatzen dutela deritzo gobernuak, eta, Nafarroa Europaranzko pasabide izanik, norabide bera hartu behar duelakoan dago.

Bidesarien bilketa kudeatzeko sozietate publikoa sortzeko asmoa azaldu du. Gastu propioez gain, bost errepide horietako mantentze lanez eta inbertsio berriez arduratuko litzateke. Uneotan, hain zuzen, gobernuarentzat lehentasunezkoa litzatekeen obretako batez arduratuko litzateke, adibidez: N-121 2+1 erraileko eredura egokitu eta Belate eta Almandozko tuneletako obrak. Kalkulatu du sistema horrekin urtero mantentze aurrekontuetatik bost milioi euro aurrezteko aukera legokeela; haatik, zehazteko dute nola eta zenbat finantzatuko den sozietatea. Arkuak eta bidesariak martxan jartzeak hamabost milioi euro inguruko kostua izan dezake.

Uneotan, Nafarroako errepide sistemaren zuloak handiak dira. Murrizketen garaiak min handia egin zuen. Iragan legealdian, obra publikoen orduko arduradunak,Manu Aierdi kontseilariak, hamaika bider ohartarazizuen desoreka handia zegoela mantentze lanetan inbertitu beharrekoaren eta egiazki inbertitzen zenaren artean. Urtero, 72 milioi euro inguru behar dira Nafarroako errepideak taxuz mantentzeko, baina azken hamarkadan batez beste 36 milioi inbertitu dituzte. Barkosen agintaldian, 31 milioitik 47 milioira igo zen ahalegina, baina oraindik ere ez da aski.

Mantentze lanez harago, Miguel Sanzen azken agintaldian,errepideen plan zuzentzailea egin zen, 2010etik 2018ra artekoa. Epe hori amaituta, egitasmo horretan jaso ziren asmoak urruti geratu dira, eta 200 obra ez dira egin. Orduko hartan aurreikusi zen urtero 100 milioi euro inbertitu behar liratekeela, eta iaz, kasurako, bederatzi milioi baizik ez ziren inbertitu.

Bi autobideen gainkarga

Azken hamarkadan, esfortzu publikoa batik bat itzalpeko bidesarietara bideratu da. 2007an Bideko autobidea eta 2012an Pirinioetako autobidea eraiki zirenetik, 525 milioi eta 127 milioi ordaindu dituzte nafarrek, hurrenez hurren —55 milioi urtean, eta, kontratua amaitu bitartean, kalkulatzen da bien artean beste 1.377 milioi pagatuko dituztela —urtean 90 milioi—. Faktura horretan mantentze lanak sartzen diren arren,zama handiegia da.

Kontratuok bertan behera uztea aztertu du gobernuak, baina baztertu egin du: kontzesio enpresei kalte-ordainetan 512 milioi inguru pagatu beharko lieke. Hortaz, zuloak estaltzeko ardura kamioien esku utzi nahi du, baina garraiolarien haserrea piztu du. Auzia hasi besterik ez da egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.