Txema Ramirez de la Psicina

Aukerez eta mehatxuez

2020ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun

Amorragarri batzuetan, zirraragarri besteetan. Denetik izan zen Espainiako Kongresuko azken bilkuran. Espainiako betiko eskuinaren belztasuna inoiz baino beltzago ageri zen. Haien esanari sua ez ezik, gorrotoa ere darie. Matonismoa egoera puruan. Gogoeta hagitz distiratsu eta ausartak ere entzun ziren, baita bihotzetik ateratako maitasunezko adierazpen ederrak ere.

 

Pedro Sanchezen hautaketak zer ekarriko duen asmatuko banu, honez gero think tank famatu horietako batean soldatapeko analista nintzateke. Ez da hori nire asmoa. Har itzazue, beraz, ondorengo gogoetok politika eta komunikazioa modu berean maite dituen behatzaile xume baten burutazioak bezala.

Aukera bat

EAJ, ERC eta EH Bilduk apustu ausarta egin dute. Beraiei esker Pedro Sanchez presidentetzan dago. Berarengan gutxi asko sinesten badute ere, aukera bat eman diote, gerora inork ez dezala esan... «aukerarik ere ez zenioten eman; orain zoazte pikutara eta jaso dagozkizuen ordainak!».

Objektiboki aztertuta etapa berri bat ireki da Espainiako politikagintzan eta behar bezala balioetsi behar da. Bigarren Errepublikaz geroztik, Madrilen ez da inoiz koalizio gobernu bat izan, ezta PSOEtik ezkerrerago dagoen indar politiko baten ministroak ere. UPren presentzia gobernuan oso garrantzitsua da. Maiatzak 15eko mugimenduaren indarra —kalearen indarra— ministroen kontseiluan jesartzea sekulako garaipena da. Bertan Manuel Castells bezalako ministroa unibertsitate sistemaren arduraduna izatea (bere izendapena berresten bada) luxu bat da. Mundu mailako erreferente progresista da, prestigio handikoa eta produkzio akademiko izugarria du. Independentista ez bada ere, 2017ko urriaren 1eko erreferenduma babestu zuen pertsona da, errepresioa aho bilorik gabe publikoki kritikatu duena.

PSOE eta UP alderdiek sinatu duten hitzarmenari erreparatuta, bertan ageri diren neurriak beteko balira —lan erreformaren indargabetzea, mozal legearen ezeztapena, emakumeen eskubideak legez bermatzea, gutxieneko soldata igotzea, pentsioen igoera ziurtatzea, aberatsenen zergak igotzea, etxebizitzen alokairua arautzea, etab.— estatuko klase txiroenen egoera dezente hobetsiko litzateke inolako zalantzarik gabe. Ez hori bakarrik, hitzarmen hori erreferentziala izan daiteke Europako ezkerrarentzat.

PSOEren traiektoria eta botere faktikoen indarra ikusita, ordea, zalantzak ikaragarriak dira. Auzitegi Gorenak egunotan hartutako erabakiak dira lekuko. Zer gertatuko da Kataluniako auziarekin? Eta gure autogobernuarekin? Non dago boterea? Egun boterea oso sakabanatuta dago. Agintea dute elite finantzario eta ekonomikoek, estatua menperatzen duten botere faktikoek, nazioarteko erakundeek, instituzio politikoek baita kaleek ere.

Bi preso

Kaleak aipatzen hasita, atzo Bilbon eta Baionan hamarnaka milaka pertsona manifestatu ginen euskal presoen giza eskubideen alde. Noiztik ari gara urteroko erromesaldia egiten eta nola erantzun dute instituzioek? Seguru asko Bilbon urtero egiten den manifestazio hori izango da azken hiru hamarraldietan eta modu jarraituan Euskal Herrian egiten den bilkurarik jendetsuena. Zer lortu den? Frantzian gutxienez, Bakearen artisauek egunotan azpimarratu duten bezala, zenbait lorpen atxiki dira: gizonezko presoak Mont de Marsaneko presondegian (Durangotik 227 km.ra) biltzea kasu eta, emakumezkoen kasuan, Ipar Euskal Herrian beraientzako modulurik ez dagoenez,Roazhon-en (Durangotik 740 km.ra). Eta Hegoaldean? Hurbiltzeak eta espetxe-baimenak gutxika eman dira, ia tantaka.

Sanchezen gobernuak espetxe politika aldatu eta presoei ematen zaien tratu desberdinarekin amaitu beharko luke. Gabon hauetan Gasteizen diskriminazio hori islatzen duten bi kasu paradigmatiko ikusteko aukera izan dugu. Bata, Iñaki Urdangarin; bestea, Ekaitz Samaniego. Odol urdineko presoak lau eguneko baimena izan zuen Gabon Gauetik hasita. Tartean, «ongi etorri» publikoa ere egin zitzaion (nik dakidala Dignidad y Justiziak ez du salaketarik jarri). Han ziren telebistako kamerak eta prentsako kazetariak, den-dena hartzeko prest. Lehenik lagunak agurtu eta besarkatu zituen; ondoren, meza santura joan zen bere emazte Cristina Borboiko infantaren eskutik helduta, harmonia ezin ederragoan. Hola-ko erreportariak bakarrik falta ziren. Urdangarin bost urte eta hamar hilabeteko zigorra betetzen ari da Brievako (Avila) kartzelan. Bere delituak: bidegabeko diru erabilera, prebarikazioa, administrazioari iruzur egitea, bi delitu fiskal eta influentzia-trafikoa. Auzitegi Gorenak ebazpena berretsi artean ez zen kartzelara joan. Bizkitartean, Suitzan bizi izan zen eta ez zuen fidantzarik ordaindu. Zigorraren laurdena bete ondoren eman diote lehenengo espetxe-baimena.

Odol gorriko presoaren kasua oso desberdina da. Zortzi urteko kartzela zigorra zuen eta espetxealdi osoa bete du bere ziegan azken egunera arte, hilaren 5ean Zuerako (Zaragoza) kartzelatik libre artera arte. Ez du baimenik izan. Bat bera ere ez. Ebazpenean esleitutako delituak, hauek: Segi erakundeko kide izatea (sei urteko kartzela) eta tranbiako markesina baten kontra Molotov koktelak jaurtitzea (beste bi urte).

Urdangarin eta Samaniegori emandako tratuan dagoen injustizia mingarria da oso. Eta kasu bat baino ez da.

Hiru mehatxu

Pedro Sanchezen exekutiboak mehatxu askori egin beharko die aurre. Nik hiru hauek azpimarratuko nituzke: botere faktikoak (epailetzan, polizia-kidegoetan, elite ekonomiko eta mediatikoan dauden estatuko aparatuak), sektore ultrakoenen zaunkak eta etxe barruan (PSOEn nahiz exekutiboan) azaleratuko diren desadostasunen kudeaketa.

Zorterik onena opa diot Sanchezen gobernuari. Ausardia ere beharko du mehatxu horiei aurre egiteko. Hala ere, nire eszeptizismoa erabatekoa da, ongi asko baitakigu Espainiako ezkerrak ez duela inoiz estaturik gabeko nazioen autodeterminazio eskubidea onartu, behintzat agintean egon direnean. Asmatuko al dute oraingoan? Garbi dagoena da hurrengo hilabeteetan ere Kataluniak jarraituko duela agenda politikoa markatzen.

Thomas Stearns Eliot poetaren esana da hau: «Soilik urrutira joateko arriskua hartzen dutenak jabetzen dira zein urrunera ailegatzeko gai diren». Arriskuak hartzeko garaia da, baita jokalekuak zabaltzeko momentua ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.