Espetxe politikan arbitrariotasuna amaitzearen alde

Iñaki Lasagabaster eta Ramon Zallo
2023ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Espetxe politikan arbitrariotasuna desagerrarazi nahiak erabat justifikatzen du jendeak horren inguruko kezka agertzea eta horretarako manifestazio eskubidea erabiltzea. Estatuaren botereek salbuespen politika bihurtu ohi izan dute espetxe politika, eta hala aitortu dute mota askotako hainbat erakunde eta sektorek. Hori dela eta, adierazten dugu espetxe politika ezin dela egon zuzenbide estatuaren printzipio juridikoetatik kanpo. Espetxe politika ezin da egon indar politiko edo sozial bakoitzak unean-unean beharrezkotzat jotzen duen akordio edo adostasunaren menpe.

Espetxe arloko erabakiek errespetatu egin behar dituzte legezkotasun printzipioa eta oinarrizko eskubideak, eta haiei jarraitu behar diete. Hain zuzen, espetxeratuta daudenek ere onartuak dituzte oinarrizko eskubide horiek, demokrazia batean eskubideak ezin baitira kartzelako atean geratu. Hala ere, luzaroan zain egon behar izan dute eskubide horiek aitortuak eta errespetatuak izan daitezen. Giza Eskubideen Europako Auzitegiak emandako sententziak aintzat hartu gabe aplikatu da euskal presoen urruntzea —ez sakabanaketa—, eta ez dira errespetatu hori egitea eragozten duten arauak, hainbat motatakoak. Hala izan da luzaroan: isiltasuna izan da nagusi, eta ez du inolako justifikaziorik. Gaur egun, gai hori ia konpondutzat jotzen da.

Dena dela, beste kontu batzuk argitzeko daude. Politika diskriminatzailea ez da bukatu. Horren adibide da preso gaixoen egoera: kartzela ez da lekurik egokiena gaixoak behar bezala artatuak izan daitezen. Legedian ezarritakoa bortxatuta, interpretatu izan da euskal presoek ez dutela merezi legean bildutako inongo espetxe onurarik gaixo terminalak ez badira. Gaur egun, ikusi izan dugu —eta ontzat jotzen dugu— tratamendua behar duten zenbait gaixo larri ez direla espetxean sartu (Andaluziako lehendakari ohia, adibidez), baina hori ez da hala izan euskal presoei dagokienez.

Badirudi zigorren metaketa ere ahaztua dutela; izan ere, Europako zuzenbideari jarraikiz, euskal presoei ere aplikatu behar zitzaien hori. Auzitegi Gorenaren eta Auzitegi Nazionalaren sententziak gorabehera, Alderdi Popularrak aldaketa bat egin zuen legedian, eta, hori dela eta, moldaketa bat izan zen lehen ebazpen judizial horietan. Ondorioa: Frantzian betetako espetxe urteak ez ziren aintzat hartzen Espainiako Estatuan oraindik betetzeko zeuden urteak kontatzeko orduan. Europako zuzenbidearen aurkakoa da kondenak horrela luzatzea, eta zera esan nahi du, bai lehen eta bai orain: kartzela zigorrak ez direla behar bezala betetzen.

Azkenik, beste kontu garrantzitsu bat ere gogorarazi beharra dago: baldintzapeko askapena eta gradu progresioak aplikatzeari buruzkoa. Gradu progresioak, printzipioz, dagokion espetxeko tratamendu batzordeak ematen ditu. Haiek daude presoengandik gertuen, haiek dakite ondoena nola dauden, eta, beraz, haiek erabakitzen dute ea presoek baldintzak betetzen dituzten gradu progresioak lortzeko. Hala ere, gaur egun, fiskaltzaren politika hau da: errekurtsoa jartzea euskal presoak baldintzapean aske uzteko ia erabaki guztiei. Zaila da modu ulergarri eta justifikagarrian azaltzea esku hartzeko era hori. Are, etengabe entzuten dugu nola oso mediatikoak diren pertsona batzuei (denok ditugu buruan haien izenak) onartzen zaien baldintzapean aske geratzea.

Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegiak ebatzitako kasuei dagokienez, presoa aske ez uzteko arrazoiak batzuetan ez daude jasoak legean, eta ezin aurreikusizko moduan interpretatzen dira beste batzuetan. Hala, fiskaltzaren erabakiek, batzuetan espetxe zaintzako epaileen erabakiek lagunduta, zaildu egiten dute, baita eragotzi ere, espetxe politika erabat garatzea indarrean dagoen araudia errespetatuz. Biktimenganako «enpatia» handiagoa izateko ere eskatu izan da, baina, maiz asko, kaltetuari leporatutako delituan ez zen biktimarik izan. Bestalde, epaileak nola egiaztatu dezake «enpatia» hori ba ote dagoen? Justiziaren eta fiskaltzaren arbitrariotasunak joera politiko edo ideologiko bati segitzen dio, eta normaltasun juridikoaren kontrakoa da. Hain zuzen, normaltasun juridikoa lege arruntaren fruitua da, zuzenbidearen fruitua, interpretazio juridikoan aitortutako arauen fruitua; arbitrariotasun hori, gainera, legezkotasun printzipioaren kontrakoa da, eta oinarrizko eskubideen errespetuaren aurkakoa.

Gogoeta horiek zera baieztatzen dute: espetxe politikan hainbat arazo larri daudela oraindik konpontzeko, eta denek zerikusia dutela legedia errespetatzearekin eta kartzelatuta daudenen oinarrizko eskubideak aitortzearekin. Urruntzea laster amaitzekoa bada ere, politika diskriminatzailea ez da desagertu oraindik. Are, oraindik uzkur dago presoei hirugarren gradua aplikatzeko, nahiz eta legez merezia izan eta tratamendu batzordeen txostenetan ere hala bilduta egon; izan ere, tratamendu batzordeek aztertzen dituzte eragindako kaltea eta mina aitortzeko deklarazioak. Ez dira pribilegioak; kontrara, salbuespenik ez egitea da kontua.

Bilbon urtero egiten den manifestazioan hori baino ez dute eskatzen, legea errespetatuz eta botere publikoen esku hartzeei kontra eginez, bereziki fiskaltzaren eta Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegien esku hartzeei kontra eginez; izan ere, erakunde horiek eragotzi egiten dute espetxe politikak oinarrizko eskubideak errespetatzea eta politika hori bat etortzea Euskal Herriaren nahiarekin eta bertan hasi berria den itxaropen aldiarekin. Sare Herritarrak gonbidatuta, milaka eta milaka herritar biltzen dira eskatzeko aurrerantzean ez daitezela berriz gertatu eskubide urraketa horiek; horrek agerian uzten du oraindik badagoela konpondu beharreko arazo bat, eta salbuespen politika amaitzea dela irtenbide bakarra.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.