Zaporizhiako zentralaren egoera «prekarioa» dela ohartarazi du NBEk

Eraso baten ondorioz bederatzi pertsona hil dira Kievetik gertu. Hungariak adierazi du ez duela atxilotuko Putin, Hagak hala agindu duen arren

Erreskate talde bat Rzhixtxiveko erasoko biktima bat eramaten. O. PETRASIUK / EFE.
Igor Susaeta.
2023ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Zaporizhiako zentral nuklearraren (Ukraina) inguruan segurtasun nuklearrerako babes eremu bat sortzeko negoziazioak hasi zituzten IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak, eta Errusiako eta Ukrainako gobernuek, iazko irailean. Oraindik ez dute eremu hori sortu Europako instalazio nuklear handienaren inguruan, eta, gainera, NBE Nazio Batuen Erakundearen agentziaren zuzendari nagusi Rafael Grossik ohartarazi du zentralaren egoera «prekarioa» dela. Erreaktore guztiak itzalita daude, baina zentralak etengabeko argindar fluxua behar du, instalazioa hoztea bermatzeko. Grossik atzo kaleratutako oharrean nabarmendu zuenez, badira hiru aste kanpoko linea bakar baten bidez funtzionatzen ari dela. Inbasioa hasi eta gutxira okupatu zuen Errusiak instalazioa, eta haren bueltan bonbardaketa bat gertatzen denean, bi aldeek elkarri egozten diote erantzukizuna.

Eta erasoekin lotuta, Ukrainako iturri ofizialek atzo jakinarazi zuten Errusiak herenegun droneekin egindako eraso batean bederatzi pertsona hil zirela Rzhixtxiven, Kievetik 80 kilometrora. Ukrainaren arabera, 21 drone jaurti zituen Errusiak, eta aireko defentsa sistemek hamasei erorarazi zituzten.

Horiek horrela, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak gerra hegazkinak eta irismen luzeko misilak eskatu dizkio berriro Bruselari. EB Europako Batasuneko estatuetako gobernuburu eta estatuburuek bilera bat egin zuten atzo, eta Zelenskik hori eskatu zien, telematikoki. Bestela, gerra luzatuko delakoan dago. Polonia eta Eslovakia dira abioiak eman dizkioten herrialde bakarrak. Zelenski gerra frontean izan da: herenegun Bakhmutetik gertu, eta, atzo, Kherson eskualdean.

Bestalde, Hungariako Gobernuko bozeramaile Gergely Gulyasek atzo adierazi zuen Vladimir Putin Errusiako presidentea Hungariara joaten bada ez duela atxilotuko, nahiz eta Hungaria NZA Nazioarteko Zigor Auzitegiko kidea den. Kremlineko burua atxilotzeko agindu zuen organo horrek lehengo astean. Dmitri Medvedev Errusiako Segurtasun Kontseiluko presidenteak atzo esan zuen «gerra deklarazio bat»litzatekeela Putin atxilo hartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.