Pako Aristi

Askatasunaren gotorlekuak

2021eko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Bi lagunekin egona naiz oso denbora gutxian, eta gure jarrera sozio-politikoaren aurpegia eta ifrentzua erakutsi zizkidaten gure hizketaldi samurrean. Lehenengoak, gure endekapen historikoaren amildegira goazela aipatu niolarik, eskua jaso eta zuzen begiratu zidan: «Zu ere gizartea zara, asko egin dezakezu hori hobetzeko». Une historikoen aiduru egotea amaitu dela, gaineratu zuen, espektatiben morroi izateari utzi behar den aroan sartuak garela.

Bigarren lagunaren kezka beste bat zen, edo ez: zer erreferente geratzen zaigun paralisi egoera honetan, nola piztu Kataluniaren antzeko sumendia —orain itzalia—, nori jarraitu behar diogun estrategia kolektibo baten faltan: «Zer egin behar dugu?». Deblauki, lehen lagunaren erantzunak egin zidan oihartzun: «Zu ere gizartea zara, asko egin dezakezu hori hobetzeko».

Herri baten askapen prozesuan, eta, batez ere, prozesu hori blokeatuta dagoenean, gaur Euskal Herrian gertatzen den bezala, oso garrantzitsua da norberaren jokaera, norberak mantentzea, bere baitan, bere ideal guztien integritatea. Norberaren kontzientzia da gotorleku bakarra etsaia sartu ezin litekeena; saiatuko da, baina niri ez dit aldatuko ikuspegi zentrala, funtsezkoa: politikoki menderatua nagoela, eta beti egingo dudala herri honen askatasun prozesu baten alde, beti desiratuko.

Herriaren egoera txarra denean, norberaren kontzientzia bilakatzen da gotorleku, iparrorratz eta itsasargi. Kontzientzia gauza indibiduala da, behar du antzeko beste kontzientzia batzuen parte-hartzea indar kolektibo bihurtuko bada, indar eraginkor, ilusio eta aldaketa sortzaile, baina zeure baitan dagoen kontzientzia hori buruaskia da berez, baliotsua, ondo gorde beharrekoa, garai hobe batzuen esperoan. Egoeraren diagnostiko zorrotzak ematen dio kontzientziari gorputza, baina elikatu behar da egunero, batez ere egunero jasotzen dugun informazio uholdeak bere aurkako ideiak isurtzen dituenean etengabe.

Presio soziala izugarria da, kontzientzia abandona dezazun, bildu zaitezen taldera, etsipen baten onarpen isilera, aldika, urteko bizpahiru data berezietan itxaropen printza antzeztuak eskainiko dizkizuna, arra baretze aldera. Erosoagoa baita praktika, epika baino, erosoago moldatze-ariketa, etika baino, kolektiboa denean amore ematea duinagoa balitz bezala. Iraultza posible baten ziztada sentitu duzunean, niri behintzat ezinezkoa zait gutxiagorekin konformatzea, horizontean gure herriarentzat zelako onura ekarriko lukeen aldaketa baten bristada ikusi duzunean, ezinezkoa zait lurrera begira «hau da dagoena» sinestea; min ematen dit belarrian, eztarrian tapoi bat jartzen zait xuxurlatzea ere galarazten didana.

Hedabideak botere politikoaren meneko eta esatari dira, edo alderdi batek daraman ibilbidearen justifikagarri. Pentsamendu esparruak murrizten dituzte, eta haien inspiratzaile ideologikoei interesatzen ez zaizkien gaiak baztertzen dituzte, isilaraziz, garaia ez dela iradokiz edo, zuzen-zezenean, lortzen ezinezkoak direla baieztatuz behin eta berriz. Horietakoa da Euskal Herriaren independentziaren ideia, guztiz ezabatua ideien zirkulaziotik, atzendua, orain ezinezko eta beti gerorako marjinatua. Inoiz ez baitago, diote, masa sozial nahikorik, indar korrelazio egokirik, eraginkortasun ahalmenik eta nik dakit zer. Ukazioaren hitz dotoreak, kalamatrika hutsa, baina argia, bederen, bere alde ezer egiteko asmorik ez daukatela erakusten duena. Hori garbi esan gabe, eufemismoek egiten dute mezulariaren lana. Eufemismoa beti da deabrua, estaltzen du egia, esan ezin litekeena argudio leunak erabiliz, belarriak minduko ez dituztenak.

Duela denbora bat izan nintzen zinean, euskarara bikoiztu zuten nazioarteko filma on bat ikusten, eta hiru lagun soilik egon ginen aretoan. Non daude «zer egin behar dugu?» dioten horiek, film onak ere euskarara bikoizteko beharra erakusteko aukera alferrik galtzen utzirik? Edo %80a euskaraz mintzo den herriko tabernariak musika egunero espainolez jartzen duenean, «zer egin behar dugu?». Zertan gastatzen dugu gure dirua, nori eskaintzen gure denbora, zer ekimen eta zein hizkuntzetakoak legitimatzen ditugu gure parte hartzearekin, gure gastu kulturala bat al dator gure ideiekin? Koherenteak al gara eguneroko bizitzan pentsatzen dugunarekin? Galdera eta pasadizo zehatzak baino ez dira, baina etengabe eskaintzen dizkigu abaguneak eguneroko bizitzak gure identitatearen aldeko ildoak indartzeko, eta pasatzen uzten ditugu, halako gidari, profeta edo animalia politiko karismatiko baten zain gaudelakoz.

«Zer egin behar dugu?» horren erantzuna politika instituzionalak bahitu du, baina horretaz ohartzen bagara ez dute lortuko gaurko miseria autonomikoa baino urrunago, askoz urrunago joan nahi dugunon bizi-indarra lokartzerik, desbideratzerik, konformismo bihurtzerik. Asko gaudelako esparru horretan; gure ilusioa benetakoa delako, gure diagnostikoa zorrotza, eta gure irauteko determinazioa oso indartsua. Bakoitza da askapen bidean eraginkor eta ezinbesteko, zeure jarrera aukeratzeko eskubidea ezin dizu nehork ebatsi, zure idealek margotzen duten mundura daramaten ekintzak hobetsi, eta ez jarraitu gure mailan ez dauden buruzagien pausorik!

Ez zaigulako inoiz gure nahieran bizitzen utziko, gure praxi politiko guztia zuzenbidezko estatu arrotzen apurrak jasotzera mugatzen bada, gure borroka zeinek eserleku instituzional gehiago eskuratzera mugatzen bada. Realpolitik deitzen diote batzuek, inpotentzia mozorrotzeko eufemismo ustez dotorea erabiliz. Lur gaineko, are gehiago, lupetzetako politika horretatik landa begirada jaso eta hegaldatuz burutu diren estrategiek ekarri dituztelako, mundu osoan, benetako aldaketa geo-politikoak, kontrolatu ezin duten indar soziala baretu nahian «orain ezin dela» esanez dabiltzanak pikutara bidali ondoren.

Bi lagunak daude nire baitan, biak naiz ni, baina garbi daukat, Euskal Herriaren autodeterminazioa nahi badut, lehenengo neuk auto-askatu behar dudala, erabateko asimilazio espainolaren basamortura garamatzaten ibaiadar guztietatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.