Karmelo Landa.

Gernika eta Euskal Herria, munduaren aurrean

2020ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Gernika hiri irekia da, bonbardaketa haren 83 urtera. Irekia Euskal Herrira eta mundu osora. Gaurko Gernika, orduko hildako askoren gorpuzkinak estali eta gainean berreraikitzera behartu zutena, dena ezkutatu, dena gezurrez ilundu. Ordutik, Euskal Herriko etxeetan Gernikaren irudi sinboloa gordetzen dugu, hormetan edo bihotzetan. Gaur agintzen gaituen Estatu espainiarraren zutabe eta ekintza fundazionala da, esentzian, Gernikako bonbardaketa. Gaur, mundu osoan, euskaldunon erreferentzia ezagunena Gernika da, Picassoren koadro erraldoian betirako agertua.

Euskal Herria bere osotasunean ordezkatu eta mundu osoaren aurrean agertzeko sinbolo bizi egokiena da gaur egun Gernika. Euskaldunon pasaportea munduaren aurrean.

Nola gertatu da Gernikaren sinbolizazio prozesua? Herri oso baten ekarpenez, mundu zabaleko herritar asko eta askoren parte hartzeaz. Prozesu korala izan da.

Sortzez eta bizitzaz, Gernikan bertan, sinbolo da Asun Garmendia, egun zorigaiztoko hartan 17 urte zituena eta gerraren zein frankismoaren gau iluna gaindituz, 50 urtera Gernikan eta mundu osoaren aurrean salaketa argia egin zuena. Sinbolo bizia da gaur Juantxu Izagirre, bonben egunean amaren sabelean oraindik bost hilabeteko, aita Amaiur batailoian gudari Bizkargiko gudan betirako desagertua, Juantxu bizitza osoa oinarri berriak finkatzera emana.

Zergatik hautatu zuten Gernika? Zergatik halako amorruz, gorrotoz, birrintzeko erabakiz? Gernikan bertan osatu zen lehen euskal gobernua, hilabete batzuk lehenago, aurreko urriaren 7an, Agirre lehendakariaren inguruan; kontzentrazio gobernua, kolore politiko guztiak batuz. Horrek markatu zuen euskaldunon hiri lehendik ere erreferentziala.

Hurrengo udaberrian, apirilaren 26an, bonbardaketa suntsitzailea. Okupazioa berehala, eta gezurraren eta errepresio estremoaren garaiak. Zenbat kostatu izan zaigun, ondoren, hori iraultzen eta egia ekartzen! Bizirik atera ziren lekukoak; bertoko zein nazioarteko historialari prestigiodunenak. Egun haietan, Alberto Onaindia, Jose Labauria, George Steer kazetaria. Oraintsu, Gernikako bonbardaketaren Batzorde Ikertzailearen eskutik, Herbert Southworth, Tuñon de Lara, Angel Viñas, Garcia de Cortazar, Luis Ruiz de Agirre, Jokin Apalategi, Iñaki Egaña edo Ingo Niebel; Europako historialarien maisu Pierre Vilar, Gernikako Andra Mari kaleko babesleku hondoratuaren gunean negar malkoetan; eta orain, batez ere, Xabier Irujo, Estatu Batuetan, Nevadako unibertsitateko Euskal Ikasketen egoitzatik edota EHUko ikerketa taldeekin elkarlanean, bonbardaketen izugarrikeriaren dimentsioak neurtzen: bi milatik gora hildako Gernikan, baina, horrez gain, ehundaka bonbardaketa kriminal Euskal Herri osoan, herriz herri. Bizkaian soilik, 1937 hartako martxotik uztailera, 72 herri bonbardatu eta hildako asko eta asko. Ez zen gerra, txikizioa zen, hegazkin nazi-frankistak gure zeruen nagusi.

Egia eta oroimena ezinbestekoak dira bizirik irauteko. Gernikarrak baldintzarik okerrenetan aritu behar izan dira egoera beltza iraultzen. Guardia Zibilen Hidalgo kapitainaren garaiak. Oso latza, Iñaki Garai eta Blanka Salegi. Ezkutuan lehenengo, agerian gero, elkartu eta antolatu. Gernika Batzordea, Gernika Gogoratuz, Lobak, Astra, Guernica Gernikara, Oroiteria... memoria debekatua berreskuratuz. Izen eta eduki esanguratsuko gordelekuak: Bakearen Museoa, Euskal Herria Museoa, utopia debekatuak. Euskal Herri osoa inplikatu da lan horretan: Mikel Laboaren garrasia Gernikatik; Jorge Oteizaren etxe gernikarra, Remigio Mendiburu, Nestor Basterretxea eta Jose Luis Zumeta. Joxe Azurmendi. Gabriel Aresti, Bernardo Atxagaren markak eta Joseba Sarrionandiaren izen-deitura Gernikan galduak ekartzen, Eñaut Elorrieta gernikarraren kantuan. Iparralderaino doa Gernika, Bidasoatik harago egiten den lehen Aberri Egunean, 1963 urtean Itsasun.

Estatu espainiarrak, ordea, ez du inoiz aitortzen ez aitortuko. Dena gezurtatu, guztia ukatu. Errealitatea bihurritu, sinboloak manipulatu, hitzak eta arrazoiak bere egin. Gernika gudariek erre zuten. Gasolinaz. Agian, hegazkin batzuk, baina guk ez genekien. Atzerrikoak ziren, naziak, ez gu. Helburu militarra zen, Errenteriako zubia. Ondoren, Franco hil zela eta horiek kontu zaharrak dira, hobe ez aipatu, ez eragin hor. 78ko Erregimen berria, demokrazia omen. Eta Gernikaz zer? Bada, Picassoren Guernica hobeto dago... Madrilen, Reina Sofia museoan. Gernikari eta euskaldunei barkamena eskatu? Estatu erantzukizunak aitortu? Ez, guk ez dugu zerikusirik. Ezingo da inoiz ezer frogatu. Francoren artxiboak guztiz itxita, badaezpada.

Baina egia beste bide batetik doa, gernikarrek eta euskaldunok dakigunez. Gernikako bonbardaketa, Euskal Herri osoan egindako txikizioa, Estatu espainiar horren beraren ekintza fundazionala dira. Orduan jarri ziren estatu-zutabe nagusiak ez dira mugitu eta 78ko Erregimena deituak ez du zutabe horiek aldatzeko inolako asmorik, hori da egia, estatu horren oraingo jokabidean nabarmendu egiten dena.

Hobe dugu mundu zabalera begira jarri. Euskaldunon diaspora ere Gernika da. Euskal Herria munduan zehar. Picassok eman zion errepresentazio sinbolikoa, eta toki guztietara zabaldu da. Sinbolo abstraktua? Zehazgabea? Bai zera! Begira gertaera hau: 1955 urtean, Picassoren Guernica-ren kopia erraldoi bat Nazio Batuen Erakundearen New Yorkeko egoitzan jarri zuten, toki seinalatuan, Seguritate Kontseiluaren atarian. Han ordezkari guztien prentsaurrekoak, han nazioartera irudiak Guernica haren oinetan... 2003ko irailean, amerikarrek Guernica hura guztiz estaltzea exijitu zuten. Colin Powell eta enparauek Irakeko gerraren alde hitz egin behar baitzuten.

Euskaldunok mundu aurrean, Gernika, beraz. Aitaren etxea defendatu? Ikusi genuen hori ezinezkoa dela. Aitaren eta amaren etxea, seme-alabena, amona-aitonena, munduko toki guztietatik bertara etorritako euskal herritarrena, edo munduko tokietan bizi diren euskaldunena... eraiki egin behar dugu. Berria eraiki, guztiona, irekia. Gernikatik hasita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.