Pako Aristi

Herria postal batean

2022ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Euskal Herrian sentimendu nazionala desaktibatu den proportzio berean ugaritu dira kausa ezberdinen inguruko ekitaldi herrikoiak. Lehendik ziren ikastolen jaiei edo euskararen egunari gehitu zaizkie beste hainbat, Euskaraldia, erabakitzeko eskubidearena, edo gai puntualen ingurukoak, Elkano dela, Amaiurren suntsiketa eta beste asko. Ekitaldiok corpus teoriko ezberdinetatik sortuak dira, baina mobilizatze guztien ondorioa berbera dela esanen nuke: postal polit bat lortzen dute, euskal jaietako diseinuzko arkaismo hori bezalakoak, egun gogoangarri baten bideotxo koloretsua. Suziriak mendietan, puxika argitsuak gauean, kantuen koreografia ponpoxoak, dronez hartutako irudi ikusgarriak, flashmob irribarretsuak... Alabaina, niri umetan film baten bukaeran ernaltzen zitzaidan galdera bera datorkit beti halakoen aurrean: Eta gero?

Amaitu da ekitaldia. Izango zuen bere efektu lasaigarria parte hartu dutenen kontzientzian, gauza hutsala ez dena, baina ez da nahikoa. Agertuko da, agian, albistegietan, eta antolatzaileek balorazio baikorra eginen dute guztiz, iazko parte hartzea gainditu delakoz, hurrengo urterako indar berrituekin agertuko direla promes eginez. Biharamunean, ordea, jarraitzen dute betiko gabeziak eta ajeak pil-pilean. Postal polit bat osatu dute, tamalez errealitate sozio-politikoan eraginik izango ez duena. Funtsezko lotura bat falta da irudikatzen dugun etorkizun polit horren eta formulazio politiko sendo baten artean.

Energia sozial indartsua mantentzen du, oraindik ere, Euskal Herriak, baina horren atzean ez badago errealitatean eragiteko borondatea duen estrategia bat suzirien moduan desegiten da bere indarra, une batez gauean argi egin ondoren sutauts bihurtzeraino. Espiritu politikorik gabe, energia horren pindarrak emozioen mundura mugatzen dira. Eta emozioak ezinbesteko erregai izanik ere, badakigu helburu zehatzik gabe, eta ibilbidea zehaztuko duen definizio politikorik gabe bere horretan ahitzen dela haien sua.

Formulazio politiko bat falta da, errealitatean eragina izango duena, egoera subordinatuaren betikotzeko joera apurtuko duena, inertziak suntsitu; ukitu estetikoak baino zerbait gehiago behar dugu, aldaketa kualifikatuak ekarriko dituena.

Izan ere, ez jada gure egoeraren diagnostikoa egiteko unean bakarrik, baizik eta etorkizun batean irabazle behar lukeen estrategia bat diseinatzeko orduan ere, hemen sortu da terminologia narras eta nahasgarri bat azken hamarkadetan: eszenatokiaz hitz egiten zen lehen, aro berri batean geundela, manifestazio bakoitza inflexio puntua izango omen zen, markoa aldatu zela, gero soberania modan jarri zen, eta indar metaketa metrailetaren indarra baretu zenean, paradigma hitza ere bai, betidanikoa eta hain EAJkoa den autogobernuaren ondoan estatus berria asmatu zuten, Gernikako estatutua gaindituko zuena, konfrontazio demokratikoa agertu zen gero, edo desobedientzia Gandhiarraren aukera, laster baztertua gure otzantasunarekin talka nabarmenegia egiten zuelakoz, urte batzuetan erabakitzeko eskubidea izan da izarra...

Zer erabaki dezake, baina, menderaturik dagoen herri batek, aurrez menderakuntza hori gainetik kentzen ez badu? Zer da posible erabakitzea bi estatu inperialistaren artean zatitua eta estankoak diren hiru administraziotan sakabanatua eta zirtzildua dagoen herri batean?

Formulazio politiko honen gabeziak egoera paranoiko batera garamatza: kontzientzia inarrosirik duten euskaldun gehienak psikologikoki ez dira Espainiaren barne sentitzen; baina euren praktika politikoa asimilazioan amaitzen da, Espainia indartzen dute etengabe.

Esaterako, 2016ko ekainaren 5ean Gure Esku Dago plataformak galdeketak ospatu zituen 34 herritan, Nahi duzu euskal estatu independente bateko parte izan? galderarekin. Milaka lagun joan ziren bozkatzera, esatera nahi zutela euskal estatu independente bat. Handik hogei egunera Espainiako Kongresurako hauteskundeak ziren, eta euskal estatu independentea nahi zuten milaka pertsona horiek berriro bozkatzera joan ziren. Aste batean diote independentzia nahi dutela, hurrengoan Espainian nork gobernatuko duen erabakitzera doaz. Eta okerragoa dena: lehen bozketa sinbolikoa zen, ez zuen ezertarako balio; baina bigarrena serioa zen, loteslea. Espainiak lortu zuen, berriro ere, euskaldunen sostengua eta onarpena bere sistema politikoarekiko.

Euskal Herria, izen polita, xumea, borobila, zatitu da kontzeptu anitzetan: euskararen herria, euskal lurraldeak, errepublika ere pluralean deklinatzen dute batzuek, ez gara euskaldunak, hiritarrak baizik, eta balizko estatu bati erantsi zaizkio amaitu ezin adina adjektibo: feminista, sozialista, ekologista, parekidea, proletarioa. Euskal kulturari bezala: inklusiboa, anitza, mestizatua, homologatua... Eta euskal zinea Euskal Herrian euskaraz egin ez den film pila batek osatzen du.

Hitz eta kontzeptu asko sortzeak berak adierazten du Euskal Herrian ernaltzen diren planteamendu politiko askatzaileen ahulezia eta sinesgarritasun eza.

Energia sozial handikoa da gure herria, eta, zorionez, horri eusten jakin du gaurdaino. Baina energia hori ez bada helburu eta estrategia garbi bat lituzkeen paradigma politiko batean txertatzen, alferrik galtzen da, eta ez doa inora; alegia, ez du emaitzarik lortzen. Baina, era berean, energia hori ezin da politika konbentzionala praktikatzen dutenen esku utzi, desaktibatu egiten dutelako. Eta borondate ona daukatenek ere, ez dakite horrekin zer egin. Kataluniak hori garbi erakutsi digu; nola ahaztu pankarta hura: Politikorik gabe independenteak ginateke honezkero.

Euskal politika konformismoan murgildurik dago, eta atzerapausoak ere maiz sumatzen diren honetan, ezinbestekoa eta presazkoa dugu formulazio politiko bat diseinatzea asmo berak elkartzen gaituen guztion artean, gure herria ez dadin izan postal bukoliko batean margotutako irudi koloretsua soilik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.