Petrolioaren inpunitatea

Leire Urkidi
2019ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Ingurumen gaietan lanean hasi nintzenetik, nire aitak beti esan izan dit jendeari ez diola axolarik ingurumenak. Atzo, zerbait aldatzen ari zela esan zidan: kezkatuago ikusten duela jendea eta berri gehiago entzuten direla medioetan. Klima aldaketa, gure haurrek jaten duten arrainen plastikoak, eta abar. Zerbait aldatzen ari dela argi dago. Agian ingurumenaren narriadura ezkutaezin eta ukaezin bihurtzen ari da.

Gaur egun, gure energia eredua dago ingurumen arazo askoren oinarrian. Klimatik hasi eta petrolio isurketetaraino, beste eragin askotik pasata. Martxoaren 10ean, Arroxelan sua hartu eta hondoratu zen merkantzia-ontziak petrolio isurketa garrantzitsu bat ekarri du Bizkaiko Golkora. 2.200 tonelada gutxi dira Prestige-ren 77.000-ekin (2002) edo Urquiola-ren 100.000-ekin (1976) alderatuta. Baina gehituko bagenitu mundu mailan gertatzen diren eta ezaguten ez ditugun isurketa «txiki» guztiak Prestige asko izango genituzke. Izan ere, Arroxelakoa bezalako isurketa txikiak ez dira mundu mailako berri bilakatzen.

Gainera, arazoa ez da ontzien istripuetara mugatzen: esplorazio putzu baten eztandak 530.000 tonelada isuri zituen 1979.ean Mexikoko Golkoan eta Deepwater Horizon plataformaren hondoraketak 750.000 tonelada 2010.ean, adibidez. Horri gatazka zonaldeetan (Golkoko gerra kasu) eta petrolioa erauzten den lurralde orotan ematen diren istripuak eta isurketa «kontrolatuak» kontuan hartzen baditugu, kopurua handitzen doa. Nigerian Shellek milioi t'erdi petrolio tonelada isuri omen ditu 1960tik. 20 Prestige baino gehiago. Arduragabekeriaz edo istripuez hitz egin dezakegu, baina arazoa estrukturala da: erregai fosiletan oinarritutako ereduak ingurumen kalte handiak sortzen ditu bere fase guztietan. Hori da esperientziak erakusten diguna. Eta ereduarekin aberasten direnek ez dute kalteengatik behar bezala ordaintzen.

Izan ere, inpunitateak milaka aurpegi ditu. Nigerian petrolioak 600.000 milioi dolarreko etekinak sortu omen ditu gutxienez, Shell izanik onuradun nagusia. 2010.ean, Shell 1.000 milioi ordaintzera kondenatua izan zen, baina alegazio infinituen gurpilean dirau sententziak. 2015ean, 83 milioirekin konpentsatu zituen bertako kaltetu batzuk, salaketak saihesteko: konparaezina bertan eragindako pobreziarekin eta narriadura ekologikoarekin. 2011. urtean, Ekuadorreko justiziak ebatzi zuen Chevronek 9.500 milioi dolarreko isuna ordaindu behar zuela, Lago Agrioko erauzketan sorturiko kutsadurarengatik. 2018.ean, Hagakoarbitraje auzitegiak sententzia hori deuseztatu zuen. Gertuago, Prestigeren isurketen kasuan, kapitaina kondenatua izan zen, baina ez erabaki lotsagarri eta arduragabeak hartu zituzten politikariak.

Inpunitatearen arkitektura da hau, Juan Hernández Zubizarretaren (OMAL) hitzetan. Zaila da petrolio multinazionalak salatzea, oso zaila haien defentsen aurka epaiketak irabaztea eta ia ezinezkoa irabazitako epaiketak betearaztea. Giza eskubideen zuzenbide internazionala oso ahula den bitartean, multinazionalen eskubideak gero eta babestuago daude itun ekonomiko transnazionaletan. Auzitegi pribatuen existentzia bera da beste adibide bat. Ondo eraikitako arkitektura judizial bat dago etekina atera dutenen inpunitatea bermatzeko.

Datuak aldakorrak dira, baina, antza, Arroxelako fuel-oilezko isuria, oraingoz behintzat, ez da euskal kostaldera gerturatuko. Hori bai, animaliek ekar dezakete txapapotea gurera, Hendaiara heldu den hegaztiak bezala. Dena den, kostaldera heltzen ez bada, kaltea txikiagoa izango da, eta gu lasaiago egongo gara. Izan ere, ikusten ez dena ez da existitzen, edo bai? Gure energia ereduaren inpaktuak anitzak dira eta mundu mailan sakabanaturik daude. Kontua da, gure kanpo menpekotasuna hain handia denez, ez ditugula gure kontsumoak sorturiko kalteak ikusten, gure inguru hurbilean daudenak salbu.

EEEren datuen arabera, EAEko energia eskari osoaren %78 erregai fosilei dagokie eta %13 inportazio elektrikoei. Gure lurraldean ez dagoenez erauzketarik, argi geratzen da zein mailakoa den gure energia menpekotasuna. Horrek zor ekologiko handi bat sortzen du petrolioa ateratzen eta garraiatzen duten lurraldeekin eta Planeta osoarekin, gure energia kontsumoak eragiten duen klima aldaketaren parteagatik. Arroxelako isurketa kalteen argazki txiki bat baino ez da.

Gauzak aldatzen ari direla zioen nire aitak atzo. Azken urtetan, Naomi Klein esaten dabil klima aldaketak dena aldatzen duela. Gure eredu energetikoak dena aldatzen duela gehituko genioke guk. Dena aldatze horretan, oinarrizkoena azpimarratzen zuen Kleinek, kapitalismoa, alegia. Ezin omen da klima aldaketa moteldu edo txikitu (ez dugu hitz egingo jada geratzeaz) edo gure eredu energetikoa eraldatu kapitalismoaren barnetik. Sistema ekonomikoa aldatu behar dela dio Kleinek. Lurraldea eta bizitza eredua aldatu beharko dela gehituko genioke guk egia borobil horri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.