Gobernantzarako zumitzak

2020ko azaroaren 22a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
«Izarren hautsa egun batean bilakatu zen bizigai/ Hauts hartatikan uste gabean noizpait ginaden gu ernai./ Eta horrela bizitzen gera, sortuz ta sortuz gure aukera,/ Atsedenik hartu gabe: lana eginaz goaz aurrera/ Kate horretan denok batera gogorki loturik gaude…»

Xabier Leteren poesiako letrak sakonak dira eta euskal kulturako iruditeriaren ikur garrantzitsu ere bai. Zein ahots jartzen diegun, pixka bat aldatzen da erritmoa, doinua eta tonua: Laboa, Ruper, Urdangarin, Anari,Elorrieta... edo Leterena berarena,aukeran daude. Gaurko gaiarekinjostea nahiko nuke, izan ere: Gu ere zerbait bagera-eta... saia gaitezen ikus(araz)ten.

Parte hartzea eragiten duen Gobernantzak kultura berri batera eramaten gaitu, eta herritarren soslaiaren zein lidergo eraren eremu berri batera. Edo alderantziz, herritar dinamiko, sortzaile eta konprometituek, konfiantzan eta lankidetzan oinarritutako lidergoa eraikitzen dute, eta aktiboak dira, erakunde publiko tradizionalek dena konpondu zain egon gabe. Arduraz jokatzen dute ondasun komunarekin, erakunde publikoen balioaz jabetu eta horiek eraldatzeko gai dira. Gainera, komunitate-zentzua dute, kolaborazioan saretuz gizarteko eraikuntza.

Herrialdeek desberdin egiten diete aurre erronkei; Txinak, Estatu Batuek edo Europak, esate baterako; bakoitzak bere erara. Formula guztiak ez dira toki guztietan baliagarriak, izan ere, gizarte bakoitzaren kulturak, pertsonak eta antolaketak zeresan handia baitaukate; estatu bakoitzaren estrategiek —edo munduan zer paper jokatu nahi duten— ere bai. Halere, hori ez da estatikoa, eraikiz doa. Erabakigarria da nola gertatzen den politikaren, ekonomiaren, zientzia eta teknologiaren, kulturaren eta gizartearen arteko engranajea. Gizartearen parte hartzea ere —haren prestakuntza eta lidergo erarekin batera— leku bakoitzean era batera edo bestera gertatzen da.

Europara etorrita, Europar Batasuneko politiken printzipioek hainbat gauza iradokitzen dizkigute honetan guztian, eta Partaidetzazko Gobernantzak eskatzen dituen soslaietarako gidatzat hartu beharko genituzke iradokizunok. Hezkuntza alorra —oinarrizko derrigorrezko hezkuntzatik, lanbide heziketa eta unibertsitateraino— azken hamarkadan buru-belarri murgildurik dago bizitzarako konpetentzietan oinarritutako irakaskuntzan. Europako Parlamentuak eta Kontseiluak, biak batera —Lisboako estrategiaren karira— hezkuntzarako erreferentziazko marko bakarra aurkeztu zuten 2006an eta bertan jaso zituzten zortzi konpetentzia nagusiak; Europako Batasuneko eremuan lan gehiago eta hobea zein gizarte kohesioa lortzea helburu.

Euskal Autonomia Erkidegoko derrigorrezko hezkuntza sistemako konpetentziak, adibidez, Heziberri2020 hezkuntza markoan jasota daude, eta baita horiekin lotutako ikaslearen irteera-soslaia ere, hala nola: 1) Pentsatzen eta ikasten jakitea; 2) Ekimenez jokatzenjakitea; 3) Elkarrekin bizitzen jakitea;4) Autonomia, norbera izaten jakitea;5) Komunikatzen jakitea eta konpetentzia digitala izatea. Horiekin batera daude espezifikoak, alegia: matematikoa; hizkuntzak eta literatura; zientzia zein teknologiakoak; artea, plastika eta ikusizkoak; eta motriza. Ikasgaietatik zein edukietatik harago doa irakaskuntza, helburua pertsonaren prestakuntza osotasunean izanik. Protagonismoaren karga irakaslearengandik ikaslearengana igaro da, eta auto-ebaluaketa zein konfiantza giltzarriak dira metodoan.

Horiek horrela, esan genezake Partaidetzazko Gobernantza zein gizarte eraikuntza inklusiborako zumitzak hor daudela, ikasle soslaia berri horietan. Horiez gain, deliberatzen eta eztabaidatzen jakitea zein porrotetatik ikasteko gaitasunak erantsi edo azaleratu beharko lirateke ikaskuntza prozesuetan. Izan ere, partaidetzazko kulturak eta politikek ez dituzte zertan adostasunak eskatu behar erabakiak hartu ahal izateko; bai, ordea, erabakiak hartu aurreko iritzi desberdinen arteko azterketa eta eztabaida ireki eta gardenak.

Ez genuke ahaztu behar hezkuntzarekin batera, lekuan lekuko kulturak eta horren transmisioak, sustraiak eskaintzen dizkiola gizarteari, eta sendotasuna zein harrotasuna. Era berean, kultura eta arteak sormenaren pizgarriak dira eta pentsamendu diseinuaren kontzeptua ekarri dute gizarte zein ekonomia jardueretara. Soslai hori duten pertsonek eta sistemek, gizarteko egoerei aurre egiteko, funtzioak eta irtenbideak irudikatzen dituzte era kolaboratiboan. Horiek horrela, zientzia, teknologia eta giza baliabideak funtzioen eta gizartearen mesedetan jarriz diseina daitezke irtenbideak. Oraindik asmatzeko dauden lan eta antolaketa proposamen berriak eta inklusiboak egiteko aukera ematen dute, gainera. Teknologia eta algoritmoak gizartearen mesedetara jarri behar dira. Bai baitakigu: «diru zakarrak bihotzik ez du, lotuko gaitu gogor ta estu». Eta teknologiak ere bai, lotuko gaitu gogor eta estu, ez bada era inklusiboan garatzen. Esan nahi baita eragileekin batera egin behar direla berrikuntzak eta garatu behar dela teknologia: eragileek beraiek euren espektatibak, eskaerak eta balioak mahai gainean jarriz, eta horien inguruan deliberatu eta eztabaidatuz.

Horrelako zumitzak behar dira, gizarteak era aktiboan parte hartuz, gobernantzaren saskia ehotzeko. Deliberazio eta eztabaidarako espazioak eta antolaketak beharrezkoak dira, politikak diseinatu eta erabakiak hartzeko; era horretara, polarizazioa, liskarrak eta elkarri erruak botatzeko dinamikak asko arinduko lirateke, eta gobernuek eta ekonomiek giza kapitala benetan barneratu eta partaidetzazko gobernantzara igaroko ginateke. Herritarroi, bestalde, irizpidez eta arduraz jokatzea dagokigu, kolaboratibo, eskuzabal eta emankor, politikaren, ekonomiaren, zientzia eta teknologiaren zein kulturaren ko-eraikuntzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.