HILBERRIA. Sarah Maldoror

Askatasunaren zinemagilea

BERRIA.
aitor biain
2020ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Kontinente oso baten ikurra izan zen Sarah Maldoror. Afrikako lehen zinemagile handitzat hartu izan dute askok, aurrenetarikoa izan baitzen bertako filmetan kolonizazioaz, esklabotzaz, iraultzaz eta feminismoaz hitz egiten. Bere egin zuen erabat XX. mendearen hasieran Aime Cesaire, Leopold Senghor eta Leon G. Damas idazleek sortutako Négritude mugimendua, eta ardatz horren bueltan filmatu zituen ia berrogei pelikula. Afrikaren askatasunaz mintzatu zen horietan guztietan.

Sarah Durados zen jaiotzez, eta literaturatik hartu zuen izen artistikoa, Maldoror, Lautreamont poetaren Chants de Maldoror lanetik. Okzitaniako Condom herrian jaio zen, 1938an, eta gurasoak Guadalupekoak zituen. COVID-19 gaitzaren ondorioz hil zen astelehenean, Parisen, 90 urte zituela.

Hasi, antzerkigintzan hasi zen Maldoror. Aktorea izan zen, eta Les Griots taldea sortu zuen 1956an, Parisen, beste aktore afrikar batzuekin. Beka bati esker, Moskura joan zen zinemagintza ikasketak egitera. Bertan ezagutu zuen Ousmane Sembene zinemagile senegaldarra. Hark bezala, Maldororrek ere zinema «iraultza tresnatzat» zuen, eta «kontzientziak eraldatzeko hezkuntza» gisara zituen filmak. Gizartean aldaketa sakonak sustatzeko «pentsamendua deskolonizatu» beharraz hitz egiten zuen zinemagileak. «Nire arbasoak esklaboak izan ziren. Nork kontatuko du hobeto Afrikako historia guk geuk baino?», errepikatzen zuen elkarrizketetan.

Dimentsio politikoak eragin nabarmena izan zuen haren lanetan. Horren adibide da, esaterako, Afrikako askapen mugimenduen borrokaren aitzindariekin bat egin izana Ginean, Aljerian eta Ginea Bissaun. Haren bikotekide Mario de Andrade olerkari eta politikari angolarra izan zuen bidelagun. Bi alaba izan zituzten.

Gillo Pontecorvo zinemagile italiarraren La battaglia di Algeri (1966) filmean egin zuen lan. Hura izan zen industrian bere aurreneko esperientzia. Lehena izateaz gain, eragin nabarmena izan zuen lanak haren ibilbidean, eta, hain zuzen, bi urte geroago bertan filmatu zuen bere aurreneko filma: Monangambee (1968). Jose Luandino Vieira politikari eta idazle angolarraren bizitzan oinarritutako hogei minutuko filma da, zuri-beltzean, eta aktore ez-profesionalekin filmatua. Haren lehen lan luzea ere, Sambizanga (1972), Vieiraren bizitzan oinarritutakoa da.

2011n Frantziako Merezimenduaren Ordena Nazionalaren saria jaso zuen. «Errebeldea», «bidegabekerien aurkako borrokalaria» eta «humanista argia» izatea eskertu zion orduan Frederic Mitterrand Kultura ministroak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.