Albistea entzun

LAUHAZKA

Elkarrizketa

ANE GARCIA Tamaina handiagoan ikusi

Ane Garcia -

2022ko urriak 23

Aspaldiko elkarrizketarik interesgarrienetako bat izan dut joan den udan. Elkarrizketa aberasgarri baten ezaugarri guztiak izan ditu: mintzagaiarekiko grina berpiztu dit, buruari eragin behar izan diot, nire aldetik agertu diren desadostasunak garatu eta horietan sakontzera bultzatu nau eta, batez ere, barre asko egin dut. Konpleto. A, eta liburu batekin izan da. (Jarraian datozenak nik irakurle gisa eraikitako inpresioak dira).

Irati Jimenezen Begiak irekiko zaizkizue mesanotxeko liburu-metatik erreskatatu nuenean ez nuen uste horren ongi pasako nuenik. Liburuaren tonuaren fan totala naiz, umorea, autodisekzioa eta zintzotasuna uztartzen dituelako (hau da, nire gauzarik faboritoenak). Literaturarekiko pasio ABSOLUTUA transmititzen du liburuak, eta irakurtzeko eta idazteko sekulako gogoa ematen du. Pentsa, azaleko Kixote bera irakurtzeko gogoa ere eman dit, niri, antikanonista sutsu honi! Grina horren altzoan, baina, euskal literaturaz eta haren sistemaz susmatzen nituen zenbait kontu ere botatzen ditu.

Irati Jimenezek eta biok ez dugu elkar ezagutzen, baina kafe baten bueltan euskal literaturaz lagun batekin sakonki ari nintzelako sentsazioa izan dut liburuarekin: sexu eta umore faltaz aritu gara, euskaldunon seriotasun erabatekoaz, irudimenaren automugez. Ez dizuet gezurrik esango, une batzuetan solaskideari kontra ere egin diot, lagun bati ezagutzen dizkiozun mania edo joerei barre egiten diezun moduan: «Tia, ezin dituzu gixon kanoniko hauek denak aipatu segidan, bazterreko beste batzuk izendatu gabe, eta kanonari berari kritika egin gabe» edo «Tia! Itxaro Borda sartzea ahaztu zaizu» edo «Tia, literatura feminista aldarrikatu ostean gizon zerrenda bat botatzea ere…». Baina lagunkoia izan da nire erantzuna; ez naiz nire irudimeneko kafetegiko mahaitik altxa eta haserre joan, iruditu zaidalako solaskideak uzten zidala lekua kontra egiteko, kontziente zelako haren jakintzak izan zitzakeen hutsuneez (eta ze garrantzitsua den hori!). Horregatik harritu naiz inguruko literaturzaleen artean liburu honi jarraitu dion isiltasunarekin. Izan ere, egileak meloi interesgarri bat zabaldu du, eta inor gutxi ausartu da zati urtsu eta likatsu bati kosk egiten, publikoki bederen.

Iruditzen zait Irati Jimenez ausartu dela esaten askok susmatzen edo pentsatzen duguna. Hona hemen zenbait adibide: «Diskurtsoetatik egindako literatura diskurtsia da gurea», «Literatura serioa da, eta barrea ez zaigu serioa iruditzen», «Gorputzak berotzen direnean egiten duten guztia falta zaigu», «Zer da guretzat liburu inportantea? Gai inportante bat jorratzen duena. Soziala eta politikoa» eta, nire faboritoa: «Adar bakar hegalari bat behar dugu». Beste hainbat eta hainbat lerro azpimarratu dizkiot liburuari, baina ez diot Irati Jimenezi baimenik eskatu bere testua kopiatzeko, eta, horrenbestez, nork zukutu dezala bere irakurraldia.

Baten batek pentsa lezake orokorkeria funsgabeak direla esaldi horiek (kontuan izan, testuingurutik aterata daude hemen), baina, esaldi orokortzaileak diren arren, izan badira esperientzia literarioan oinarritutako pertzepzio baten fruitu. Zorionez, pare bat lagunekin komentatu eta bat datoz horretan (lagun pare batekin nire iritzia kontrastatzeko beharrak ere badio zerbait sistema honen inguruan iritzi ez-serio eta mamarratxoak ditugunon ziurgabetasunari buruz). Nire susmoa da liburu honek zenbaiti eragin diezaieken deserosotasunak baieztatu egiten duela liburuak dioena: ez dakigu non kokatu euskal literatur sistemari egindako berrikuspen edo kritikak, are gutxiago tonu umoretsuan eta akademiako kodeez at eginda badaude, seriotasun normatiborik gabe.

Nire galdera da ea zergatik ez dien kultur munduak heltzen Irati Jimenezek askatu dituen hariei. Berdin dit harekin ados zaudeten edo ez; ni gauza zenbaitetan ez nator bat, eta, hala ere, inoizko autoelkarrizketa literariorik guapoena izan dut berarekin: horri esker zabaldu zaizkit begiak. Nik bakarrik zabaldu ditut, baina egilearen laguntzaz. Eta ez dakit zertan dabilen hori apreziatzen ez dakiena: solaskide grinatsu bat, bere esperientzia literario guztia baliatzen pixka bat gehiago zabaltzeko gure ikuspegiaren eta literaturaren mugak.

Literaturari eta haren politikari buruz modu dibertigarri eta sakonean mintzo da Begiak zabalduko zaizkizue. Haize bafada fresko bat da gure gela txikian. Libratu egin nau zenbait katetatik. Izan ere, lurralde (literario) zaila da gurea. Ez da arraroa kritikatu edo miretsi duzun norbaitekin aurrez aurre topo egitea (bi hilabete baino gutxiago falta dira Durangorako), eta, agian horregatik, elkarrengandik horren gertu gaudelako, denontzat leku gutxi dagoela sentitzen dugulako, ez gara gai elkarri behar bezalako lekua egin, elkarrekin behar bezala hitz egin, elkar behar bezala (eta umorez) kritikatu eta elkarren begiak miretsi eta zabaltzeko.

OHARRA. Testu hau Irati Jimenezi Euskadi saria eman diotela jakin aurretik idatzi nuen. Beraz, testuan aipatzen den isiltasun hori ez da horren isiltasun orain.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Herritarren mezu guztiak binilo batean eta MP3 batean jaso dituzte, eta kapsulan sartu, postalekin eta bi sortzaileen <em>selfie</em> batekin. ©ANDRES ETA MANOLO

Geroari orainalditik hizketan

Ainhoa Sarasola

'Ostempo Nuna' proiektuan, Imanol Espinazok eta Ander Fernandezek denborazko soinu kapsula batean bildu dituzte jendearen mezuak. Bidasoko uretan sartuko dute, bihar
Sustrai Colina eta Nerea Ibarzabal bertsolariak, atzo, Iruñeko Laba aretoan. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Mozorroak gardenak zaizkie

Uxue Rey Gorraiz

Sustrai Colina eta Nerea Ibarzabal bertsoaren eta fikzioaren mugez solastatu dira Iruñeko Laba aretoan antolaturiko mahai inguruan, Kalakak literatur zikloaren parte. Besteak beste, bertsolariek sakon gogoetatu dute sinesgarritasunaz. Dudak azaldu dituzte «azal batzuetatik» kantatzeko zilegitasunari buruz.

 ©JON URBE / @FOKU

«Orkestrak etxean egin duen lanaren ondorio da nazioartean egindako bira»

Miren Mujika Telleria

Arrakastatsua izan da Euskadiko Orkestraren 2022-2023ko denboraldia, eta halakoa izan dadin prestatu dute datorrena ere, sona handiko zuzendari eta musikariak izango baitituzte lagun.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...