Kataluniako prozesu subiranista

«Itxiera efektua» sortzeko epaia

Kataluniako buru subiranisten aurkako ebazpenaz jardun dute Ibarretxek, Iruinek eta Masvidalek

Iñigo Iruin, Juan Jose Ibarretxe eta Laura Masvidal, atzo, Kursaalean. JAGOBA MANTEROLA / EFE.
jon olano
<i>Donostia</i>
2019ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
«Espainiako Estatua bere baitara ixten ari da». Kataluniako buruzagi subiranisten aurkako epaiari begirada politikotik, juridikotik eta pertsonaletik erreparatu zioten atzo Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakari ohiak, Iñigo Iruin abokatuak eta Laura Masvidal Joaquim Forn preso politiko katalanaren emazteak. Demokrazia Bai plataformak antolatuta, mahai inguru bat egin zuten Donostiako Kursaal jauregian, Procesaren aurkako epaia eta demokrazia izenburupean, Elixabete Garmendia eta Irati Sarasua kazetariek zuzenduta.

Masvidalek nabarmendu zuen epaiak ez duela «ezertarako» balio, presoek «inoiz baino irmoago» dituztelako beren ikusmolde politikoak. Areago, uste du Espainia «bere kontraesanen aurrean» jarri duela ebazpenak: «Azkenean, politikaren bidez konpondu beharko da sortu duen anabasa guztia».

Jazarpenak jazarpen, Katalunian gertatutakoari «balioa» eman nahi izan zion Masvildalek: «Jendeak oso argi dauka nahi duena eta izan nahi duena: prozesua saihetsezina da, bidea mingarriagoa izango da, baina ez du atzera-bueltarik». Oinazea aipatuta ere, nabarmendu zuen «ilusioa» dagoela herritarren artean, «herritar sentitzeko, gizarte justu bat eraikitzeko». Ilusio hori belaunaldi artekoa dela erantsi zuen: «Alabarengan ikusten dut». «Hau guztia merezi izaten ari da» esanez amaitu zuen: «Gure egoera gogorra bada ere, soilik konpromisoa eta ilusioa antzematen diet nire senarrari eta espetxean dauden kideei».

Ondoren, Auzitegi Gorenaren ebazpenaren xehetasun juridikoak aletu zituen Iruinek. Batetik, gatazkaren abiapuntua Kataluniako estatutuaren aurka Espainiako Auzitegi Konstituzionalak emandako 31/2010 ebazpenean kokatu zuen, eta harrezkero abiatutako prozesu subiranistari bi erantzun eman izan dizkio Espainiako Estatuak, haren esanetan: «juridiko-konstituzionala» bat, 2013-2017 artekoa, Auzitegi Konstituzionalaren ebazpenen bidezkoa. Bigarrena, 2017ko urritik aurrerakoa, penala, Auzitegi Nazionalaren, Gorenaren eta Konstituzionalaren bidezkoa. Urriaren 1ean egin zuten autodeterminazio erreferenduma, eta handik bi egunera mintzatu zen Felipe VI.a Espainiako erregea. «Joko arauak aldatu ziren: erregeak esan zuen estatuko botereei dagokiela ordena konstituzionala bermatzea. 155.a aktibatu zen».

Hori horrela, sedizio delitua xehatu zuen Iruinek. Gogora ekarri zuenez, 2014ko azaroaren 9ko galdeketa desobedientzia gisa epaitu zuten, eta urriaren 1eko erreferenduma, sedizio gisa: «Zergatik? Mobilizazio masiboa eta erresistentzia pasiboa dagoelako bigarrenean. Horregatik egiten du Gorenak delitu batetik besterako jauzia». Iruinek, ordea, galdetu zuen: «Jauzi horrek errespetatzen al ditu oinarrizko eskubideak?». Ezezkoan da: «Legalitate penalaren eta proportzionaltasunaren printzipioak urratzen ditu».

Izan ere, Iruinek uste du Espainiak arazo bat zeukala: 1995ean baliogabetu zuen sedizio inpropioaren delitua, Kataluniako gertakarietara hobeto egokitu zitekeena. Hori ezabatuta, uste du Espainiako judikaturak behartu egin zuela sedizio delitua, haren interpretazio zabalagoa eginda, «indarkeria ez dadin beharrezkoa izan zigor epai baterako, eta erresistentzia nahikoa izan dadin».

Epilogo gisa, Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren doktrinari begira jarri zen Iruin: «Oinarrizko eskubideetan egon daitezkeen abusuek ezin dute eragin espetxe zigorrik; abusu horiek ere babestu beharra daude». Sedizio delitua baliogabetzeko eskatuz amaitu zuen hitzaldia.

Elkarrizketa eta itxaropena

Aipamen ugari baliatuta, Ibarretxek azpimarratu zuen «demokrazia legeaz harago» doala, eta gatazketako bat legalitatearen eta legitimitatearen artekoa dela: «Jose Maria Arizmendiarrietak zioen: ez dago elkarrizketarik itxaropenik gabe. Posible al da oinarrizko eskubideak urratzen dituena prest egotea erabakitzeko eskubideari buruz egiazko elkarrizketa bat zabaltzeko?», galdetu zuen, eta eskatu galderari zintzotasunez erantzuteko. «Bete daitezkeen utopiez» mintzatuz amaitu zuen, Bachelarden esan bat erabilita: «Ilusiook baliagarriak dira, edukiaren funtsari heltzeko hauspoa direlako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.