Koronabirusa

Aldaera berriari hesia jarri ezinik

Ostalaritza 01:00ean ixteko foru agindua aurkeztu du Nafarroako Gobernuak. Labik ere neurriak zorroztuko ditu gaurko bileran. Telelanera behartu dute Ipar Euskal Herrian

COVID ziurtagiria. Osasun langile bat, paziente bati ziurtagiria eskatzen, artxiboko irudi batean. DAVID AGUILAR / EFE.
Jon O. Urain - Ion Orzaiz - Ekhi Erremundegi Beloki
2021eko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Omikron aldaerak hauspotutako olatuari neurria hartu ezinik segitzen dute Hego Euskal Herriko erakundeek. Egoerak ez du parekorik, lehen olatuaz geroztik erregistratutako transmisio daturik larrienak atzeman baitira azken egunetan. Administrazioek, baina, iazko neurri bertsuak jarri dituzte mahai gainean orain arte. Ipar Euskal Herrian, etxeratze agindua saihesteko neurriak hartu dituzte.

Nafarroako Gobernuak, adibidez, foru agindu bat bidali zuen atzo Nafarroako Auzitegi Nagusira, COVID-19aren izurriari aurre egiteko hartu nahi dituzten neurriak jasotzen dituena. Auzitegiak oniritzia emanez gero, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzean sartuko litzateke indarrean, urtarrilaren 14ra arte.

Neurri horien artean daude ostalaritza lokalak ixtea 01:00etik 06:00etara, mahaian eserita kontsumitu beharra, gehienera hamar pertsona elkartzeko muga ezartzea, eta ekitaldi sozial, kultural eta kirolari lotutakoak arautzea. Nafarroako Gobernuaren asmoa da «transmisio komunitario handia txikitzea eta orain presio oso adierazgarri bat duen osasun sistemaren egoera zaintzea, bereziki lehen arretan (osasun etxeak, detekzioa eta txertaketa) eta goranzko joeran dauden erietxe sarean eta zainketa intentsiboetako unitateetan».

Auzitegira igorritako arauan, gobernuak zehaztu du itxi beharrekoak direla saltokiak, dantzalekuak, kontzertuak egiteko aretoak, tabernak, kafetegiak, jatetxeak, bingoak, joko aretoak eta ostalaritza zerbitzuak eman ditzaketen lokalak; baita elkarte gastronomikoak eta peñak ere. Era berean, gogorarazi du debekatuta dagoela kaleko edana.

COVID ziurtagiriari dagokionez, gobernuak erabaki du hura eskatzeko derrigortasuna beste esparru batzuetara zabaltzea; adibidez, zahar etxeetan eta zentro soziosanitarioetan sartzeko; baita turismorako ostatuetarako, gimnasioetarako eta kirola esparru itxietan egiteko eremuetarako ere, lehiaketetarako salbu. Gainera, horretatik kanpo geratuko dira terrazak.

Jakina da Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ere urratsak egin nahi dituela COVID-19aren kontrako prebentzio neurriak zorrozte aldera. Atzo eman zuen lehenbiziko pausoa: lehendakariak jakinarazi zuen Labi batzordea gaur bertan bilduko dela mugak aztertzeko eta horiek gogortzea beharrezkoa ote den erabakitzeko. Arratsalderako zehaztu du hitzordua: 16:30ean bilduko dira, eta batzarraren ondotik emanen dute zehaztutakoen berri.

Baina zein dira Jaurlaritzak ezarri nahi dituen neurriak? Bada, gutxi gorabehera, Urkulluk autonomia erkidegoetako presidenteen bilerara eraman zituenak: tabernak 21:00etan ixtea abenduaren 31n eta urtarrilaren 1ean, 5ean eta 6an; eta barnealdean elkar daitezkeen jende multzoak hamar lagunekoak izatea gehienez.

Gabonetako neurri bereziez gain, beste batzuk gutxienez urtarrilaren 31ra arte ezarri nahi ditu Jaurlaritzak: gizarte eta kultur jarduerak 01:00a baino lehen amaitzea, barnealdeen edukiera %60ra mugatzea, tabernetan zutik kontsumitzea debekatzea, kirola gehienez ere hamar laguneko taldeetan egitea, edota aldagelen edukiera %50ekoa izatea.

Etxeratze agindurik ez

Ipar Euskal Herrian txertatzearen froga erakutsi beharko da hemendik aitzina. Atzo bildu ziren Frantziako Osasun eta Defentsa Kontseilua eta ministroen kontseilua, eta osasun ziurtagiria moldatzea erabaki zuten: txerto ziurtagiria bilakatuko da, eta txertoaren froga beharko da lortzeko. Jean Castex Frantziako lehen ministroak esplikatu du Frantziako Parlamentuak onetsi beharko duela neurria. Ziurtagiriiruzurren kontra ere zigor gogorragoak iragarri ditu.

Murrizketa neurriak ere aipatu ditu Castexek, bereziki garraioetan eta aisi eremuetan. Jende biltzeek bi mila pertsonako muga izanen dute eremu itxietan, eta 5.000 pertsonakoa eremu irekietan; jatea eta edatea debekatua izanen da garraioetan eta zinemetan; ostatuetan eserita egon beharko da. Bestalde, abenduaren 31rako babes neurriak hartzera deitu ditu herritarrak Castexek, «arriskuak mugatzeko»

Frantziako lehen ministroak esplikatu du etxeratze agindu neurri oro baztertu dutela oraingoz, baina telelan behartua iragarri du ondoko hiru asteetarako, hala egiten ahal duten langile guzientzat. Astean gutxienez hiru egunez aritu beharko dute telelanean herritarrek, eta ahal den heinean lau egunez.

Irakaskuntza zentroei dagokienez, Castexek azpimarratu du erabaki dutela azken aukera gisa baizik ez ixtea. Azken egunetan neurria aipatu bada ere, oraingoz oporrak luzatzea baztertu dute. Azkenik, maskararen erabilera hedatuarekin segituko dutela azpimarratu du: baitezpadakoa da hiri erdialde guzietan eramatea, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.