Albistea entzun

'Latinoamerikaren zain urratuak'

Memoriaren ahotsa

Galeanok bere obra ezagunena izango zena argitaratu berritan akademiak bizkarra eman zion, besteak beste, generoen arteko mugak gainditu zituelako, eta, beraz, ezinezkoa zelako hari etiketa bat jartzea.
Eduardo Galeano, 2012an, Buenos Airesera egindako bidaia batean.
Eduardo Galeano, 2012an, Buenos Airesera egindako bidaia batean. ALBERTO ESTEVEZ / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Cecilia Valdez -

2021eko urriak 17 - Buenos Aires

Latinoamerikaren zain urratuak liburuaren lehen edizioak 50. urteurrena du —1971n argitaratu zuten aurrenekoz—, eta urtemuga hori aitzakia egokia izan da berriz ere gogora ekartzeko ez soilik idazlana bera, baita Eduardo Galeanoren obra osoa eta, zergatik ez, idazlea bera ere. Haren inguruan murgiltzen denak pertsonaia eklektiko bat aurkituko du, bikaina, obsesiboa, bizi-bizia, pasioz betea eta, batez ere, oso gauza garrantzitsua hauxe, bereziki kontu egiten zuena edonork ulertzeko moduan eta batere hantusterik gabe idaztea, nahiz eta haren obra ez den beti erraza digeritzen. Latinoamerikaren zain urratuak atera zuenean, ordea, akademiak ez ikusia egin zion Galeanori, molde hartan idatzita zegoelako hain justu ere: liburua ez omen zen haren beste obrak bezain ona. Aldi berean, dena den, errekonozimendu bitxi bat ere izan du idazlanak: Latinoamerikako historiaren parte handi baten memoriaren ahotsa bihurtu da, bai behintzat ezkerrerantz lerratutako aldearena.

Joan den ekainean, Udelarren, Uruguaiko Errepublikako Unibertsitatean, jardunaldi batzuk egin zituzten lana gogora ekartzeko, eta ederki laburbilduta geratu ziren liburuaren nondik norakoak. Jardunaldi haietan, ezin konta ahala ahots aritu ziren liburuak munduan han-hemen izan zituen eta gaur egun oraindik dituen interpretazio eta ikuspegiak jorratzen, eta hori, obraren gaurkotasunaren erakusgarri ez ezik, haren garrantziaren eta ibili dituen bide askotarikoen isla ere bada. Jardunaldi haietan zehazki, akademia interpelatuta zegoen gai jakin batengatik: Helena Villagrak, Galeano hil arte haren bizikidea eta editorea izandakoak, dohaintzan eman zion Udelarri Galeanoren artxibo bat, haren obra eta ibilbidea erakusten dituena. Orain arte, artxibo horretako funts pribatuak irakasle nabarmenenak izan dira beti. «Galeano ez zen izan ez ikasle eta ez gradudun; bera izan da lehena erakunde honetako funtzionario tekniko izanda funts pribatu moduan sartu dena», kontatu du Vania Markarianek, Historia doktore eta artxiboaren ikerketa historikoaren arduradunak.

Ibilbidearen hasiera

Istorioa, gutxi-asko, hauxe da. Galeano Montevideon jaio zen, 1940an, eta eskola ingeles batean ikasi zuen, bigarren hezkuntzako bigarren mailara arte. 14-15 urte zituela, alderdi sozialistaren El Sol egunkarian kolaboratzen hasi zen, marrazkilari, eta, garai bertsuan, Marxen Kapitala irakurtzeko lantegi batean parte hartu zuen Herriaren Etxean, alderdiaren egoitzan. «Eduardok esaten zuen hantxe konturatu zela ekonomia ulertu ezean ez zuela ezer ulertuko», kontatu du Roman Cortazarrek, Galeanoren obra aztertu duen idazle, kazetari eta irakasle mexikarrak. «Ekonomia politikoan oinarri sendo-sendoa zuen Galeanok. Bost urte eman zituen hitzarmen ekonomikoak aztertzen. Bizi guztian ibili zen ekonomia testuak irakurtzen, eta NDFren eta Munduko Bankuaren txostenak». Liburuari egin zaizkion kritiketan gogorrenetakoa da iturriak ez direla zorrotzak eta karga politiko handia daukala, baina, berez, 480 ohar baino gehiago ditu idazlanak, eta hortxe aurkitu daiteke Galeanok erabilitako iturri eklektikoen arrastoa.

Literatura eta kazetaritza uztartu izana liburuari kateatuta geratzeko motibo izan da irakurle askorentzat, baina arazo ere izan da kritikari zenbaitentzat, baita akademiarentzat ere. Galeanok 60ko hamarkadaren hasieran eman zituen lehen pausoak kazetaritza idazkuntzan, Marcha astekarian. Garai hartakoak dira, hain zuzen, kazetaritza kronika gisa idatzi zituen liburuak: China (Txina), Crónica de un desafío (Desafio baten kronika) eta Guatemala: Clave de Latinoamérica (Guatemala: gakoa Latinoamerikan). Cortazarrek dioenez, azken horretatik atera zuen Galeanok Latinoamerikaren zain urratuak izenburua. Gutxienez hamar urte daramatza Cortazarrek Galeanoren obra ikertzen, eta, bide horretan, idazle uruguaitarraren adiskide ere egin zen azkenerako. Hasieran, gutxienez behin kale egin zuen Galeano aurrez aurre ezagutzeko saioan, baina, aurrerago, Mexiko Hiriko prentsaurreko batean sartu zen baimenik gabe, eta, nahiz eta orduan ere ez zuen lortu harekin aurrez aurre hitz egitea —Galeano atzeko atetik irten baitzen—, lortu zuen bere lanaren aurrerapen bat hari helaraztea. Geroxeago, ostatu hartuta zegoen lekura itzuli zenean, Cortazarrek ikusi zuen Galeanok mezu elektroniko bat bidalia ziola, elkar aurrez aurre ezagutzera gonbidatzeko. Hala egin ziren lagun, eta Galeanok gonbita egin zion Uruguain jarrai zezan bere ikerketarekin. «Behin kontatu nion Latinoamerikaren zain urratuak izenburua urte batzuk lehenago aurkitua nuela Guatemala liburuan (1967). Obra hartarako, Galeanok elkarrizketak egin zizkien gerrilla batzuen buruzagiei, eta orduan hurbildu zen lehen aldiz Latinoamerikako politikaren berezitasunetara. Hura izan zen, era berean, gero Latinoamerikaren zain urratuak izango zenaren aurrerakina; izan ere, liburutxo haren 10. orrialdean, kontatzen du nola behin mendira igo zen isilean, nekazari batzuek lagunduta, eta nola gaua han eman ondoren eguzkia atera zen, eta pasarte horrexetan zera dio: 'Eguna argitu du, zainak urratu zaizkio isilari...'».

Fikzio idazle

1964tik aurrera, Galeano Época egunkariaren zuzendari izan zen bi urtez, eta fikzio idazle gisa ere hasi zuen ibilbidea, Los días siguientes (1963, Hurrengo egunak) eta Los fantasmas del día del león eleberriak idatzita (1967, Lehoiaren eguneko mamuak). 1965ean, Udelarren hasi zen lanean. «Guk zera azpimarratu ohi dugu: harentzat hau ez zela izan enplegu huts bat, garai hartako beste intelektual askorekin gertatu zen bezala; izan ere, beste hainbatek banku batean lan egiten zuten, eta hori zuten dirubide, baina, horrez gainera, idatzi ere egiten zuten», azpimarratu du Markarianek. «Galeanok, bi postu haietan, lehendik zekartzan jakintza eta esperientzia batzuk zabaldu zituen, eta unibertsitateko bizimodu kulturalari eta intelektualari eman zizkion jakintza haiek».

1971n, zuzentzen zuen argitaletxe unibertsitarioan bertan argitaratu zuen Latinoamerikaren zain urratuak obraren Uruguaiko edizioa, mundu osoan ospetsu bihurtu zuen liburua. Uruguaiko estatu kolpearen ondoren (1973), berriz, Buenos Airesera joan zen, eta Crisis aldizkariaren zuzendari hasi —aldizkari hark ere markatu zuen garai hura—. 1976an, herrialde hartan ere estatu kolpea izan eta gero, Kataluniara alde egin zuen, Villagra abokatu argentinarrarekin jada. Kataluniako erbestealditik aurrera, Galeano idaztera emana bizi izan zen erabat. 1985aren hasieran, Villagra eta biak Montevideora itzuli ziren, Uruguaiko diktadura orduantxe bukatu berri zela, eta, urte hartan bertan, Marcha-ko kazetari izandako batzuekin eta beste zenbait idazlerekin, Brecha astekaria sortu zuen.

Kritikoa

Cortazarrek dio Galeano gizon obsesiboa zela, testuen «aireaz» oso kezkatua. «Editoreek gogotik sufritzen zuten, entrenamendu bisual izugarria zuen eta. Kultura ezinago oparoko gizona zen, eta idazlan zeharo heterogeneoak eta heterodoxoak irakurtzen zituen. Berak pintorea izan nahi zuen, edo marrazkilaria, harik eta errealitateak beste bide batetik eraman zuen arte. Nolanahi ere, bizi guztian hartu zuen bere liburuak ilustratzeko lana. Oso kritikoa zen Brecha-rekin, esaten baitzuen irakurleak tormentatzen zituztela halako hitz parrastadekin».

Segur aski, poztuko litzateke jakingo balu Siglo XXIren edizio berriak bere ilustrazioak dituela, bai eta oharrak egiteko lekua ere, orri ertzean. Haren eskuizkribuetan ere agertzen dira halako oharrak, eta, orain, edonork kontsultatzeko moduan daude, Udelarren artxiboaren webgunean. 1976tik aurrerako testuak daude artxibo horretan. «[Galeanoren eta Villagraren] erbestealdiz erbestealdi, material asko galdu zen», azaldu du Markarianek. «Eskuizkribuak eder-ederrak dira, eta ia erabat galdu dugun idazkuntza: eskuzko idazkuntzarenak, hain justu». Liburuaren epilogoan, «Ni ez naiz historialaria» idatzi zuen Galeanok, baina tatxatu egin zuen gero. «Jardunaldietan, asko hitz egin zen horri buruz. Historialariek esaten zuten: 'Hau ez da historia liburu bat, zeren historiografia akademikoak ez baitu izaten halako harremanik ez artxiboarekin eta ez dokumentazio corpusarekin, eta ez baita militantea izaten', eta halakoak».

Akademiak erdeinatua

Uruguaira itzuli zenean, Gaceta Universitaria-ko batzorde editorialean sartu zen Galeano; demokrazia berrezarri zenean, Udelarren argitalpen instituzional berria izango zen batzorde hori. «Berriz ere batzorde editorialean sartu zen Galeano, baina lekuko gisa, gehiago. Izan ere, ordurako, Eduardo Galeano zen, pertsonaia, eta aldizkari hartan jada ez da nabari aipatu dudan horretatik ezer». Garai hartan, jori-jori segitu zuen liburuak argitaratzen, askotariko moduetan adieraziz bere konpromiso politikoa eta soziala; eta sari ugari ere eman zizkioten.

Markarianen ustean, Galeano ez zen outsider bat izan akademian, eta oso harreman estua izan zuen Uruguaiko akademiaren munduarekin. «Hasteko, Galeanok ez zuen harreman bat eta bakarra izan akademiarekin. 1970eko lehen urteetan, gure ingurumari intelektualak profesionalizatzen ari ziren arlo sozialaren azterketan, eta horrek berekin zekarren bazter uztea arlo soziala ezagutzeko lehengo moduak, saiakeragintzarenak batez ere. Galeano, berriz, aurreko modu haietan geratu zen… Baina, aldi berean, Latinoamerikaren zain urratuak-eko esker erakutsiari erreparatzen badiozu, ikusiko duzu harreman estua zuela Uruguaiko mundu akademikoarekin».

Bestalde, Cortazar pozik dago akademia denbora eskaintzen hasi zaiolako Latinoamerikarentzat hain garrantzitsua izan den obra horri, baina, era berean, iruditzen zaio asko falta dela liburua Galeanok nahi bezala irakur dadin, hots, dibulgazio obra gisa, Galeanok zioen bezala «iltzez eta giltzez» itxita eta soilik elite jakin batzuen esku dagoen jakintza bat zabaltzeko obra gisa. «Udelarrekoa aldaketa bat izan da kontuan harturik nolako destaina sufritu zuen Eduardok luzaroan bere herrialdean bertan, zeren kritikak eta akademiak modu sistematikoan erdeinatu baitzuten. Baina berari horrek ez zion askorik axola. Besterik gabe, liburua halakoxea izaki, hain irmoki politikoa eta ideologiara lerratua —jakinik ez dagoela ideologikoa ez den obrarik batere—, susmopean jarri zuten objektibotasunaren teorialariek eta statu quo-aren aldeztaileek».

Cortazarren iritziz, destaina hark zerikusia zuen sailkatu behar asegabe batekin ere. «Etiketa ekoizle sutsuak dira; eta Eduardorenaren gisako obra bat, generoen arteko mugak lasai ederrean hausten dituena, irakurtezina da akademiarentzat. Dena dela, hainbeste urteren ondoren, gauza bat argi geratu zait: Eduardo ez zen izan anomalia literario bat, baizik eta paisaia kultural baten parte. Bere narratibarekin egin zuena, gutxi-asko, Manuel Escorzak egin zuen gauza bera da, eta Juan Gelmanek egin zuena, eta Rodolfo Walshek, kazetaritzaren eta literaturaren arteko nahas-mahas horren bidez. Beraz, esan daiteke garai baten argazkia dela gehiago: funtsezko galdera ugariz oparo apaindutako garai baten irudia. Zeren, galdera bat baldin badago Galeanoren eta beste autore haien guztien obran ardatza izan zena, hauxe izan zen: norentzat idazten ote duen idazleak, eta zer harreman duen artistak bere herriarekin. Eta idazleak, elitearen parte izanik, egitura hura eta pribilegio haiek osorik desegin zituen planteamendu haren ondorioz, bestelako lengoaia bat ikasi nahian».

Galeano Montevideon hil zen, 2015eko apirilaren 13an, eta ohore osoz egin zioten hil beila, Uruguaiko Botere Legegilearen egoitzan. Udelarreko jardunaldiak, nolabait, omenaldi bat izan ziren, baina, Markarianen hitzetan, nahiz eta ez zaion uko egin behar alderdi horri, batez ere pentsatu zuten jardunaldi haiek «aukera bat» izango zirela «testu huts bat baino askoz gehiago den legatu baten azterlan kritikoa egiteko: bai obraren interpretazioena, bai haren ibilbidearena, bai piztu zituen eta oraindik ere pizten dituen maitasun-gorrotoena». Eta erantsi du: «Guretzat, hain justu horixe izan zen lehen ondorioa, obra alimalekoa dela, ez liburuarengatik beragatik bakarrik, baita obrak azken 50 urteetan lortu duenagatik ere. Ez dago beste liburu askorik hainbeste bizialdi izan dituenik. Niri neuri, ez zait interesatzen gorespen hutsez omentzea, ezta Galeano bera ere, zeren, azken batean, ez liburuak eta ez autoreak ez baitute horretarako behar handirik. Zehazki, akademiaren adorazioaren beharrik ez daukat, eta hori, zinez interesgarria iruditzen zait».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Melillako hesiak marraztak izan ohi ditu goialdean, Marokok kontrolatzen duen aldean. ©MARIA TRASPADERNE / EFE

Itsasoak ere baditu mugak

Jone Arruabarrena

Burdinazko hesi batek inguratzen du Melilla; mendietatik hasi eta itsasoraino hedatzen da. Herritar batzuek ihesi datozen migranteei laguntzen diete.
AEBetako jatorrizko herrien protesta bat, artxiboko irudi batean. ©E. GARCIA / EFE

Ezin eska indigenei besteek ezin dutena

Urtzi Urrutikoetxea

Erreserbak lurralde subiranoak izanik, abortatzeko debekutik kanpo daudela iradoki dute, baina asko uzkur daude. Begiradak oraintxe bideratu dira jatorrizko herrietara, baina gogoratu ere ez dira egin haietaz hamarkadotan utzikeria sufritu dutenean.
Serko Kaniwar da Zarok TV telebista kateko aurkezleetako bat. ©BERRIA

Haurrentzako telebista kate batek bizirik eusten dio kurduerari

Lara Villalon

Zarok TV kateak emititzen jarraitzen du, Ankarak aginduta itxi zuten arren. Kurdueraren dialekto guztietan ematen ditu saioak, eta helduek ere ikusten dute, hizkuntza ikasteko.
Polizia operazioaren kontrako manifestazio bat. ©BERRIA

Erdoganek prentsa librea isilarazi du

Orsola Casagrande

Iragan ekainaren 8an polizia operazio bat egin zuten zenbait kazetariren eta hedabideren kontra, Diyarbakirko fiskalak aginduta: hogei kazetari hartu zituzten atxilo. Turkiako Gobernuak prentsa askea mugatu nahi du.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...