Nola ondu hezkuntza lege bat

Katalunian, adostasun zabal batekin onartutako hezkuntza akordioa eta legea dituzte. Eztabaidarik ez zen falta izan: itunpeko eskolen ingurukoa, autonomiarena... Adostasun osoa puntu bakar batean izan zuten: katalanezko murgiltze ereduan.

Hezkuntza legearen aurka antolatutako protesta bat, Katalunian. TONI GARRIGA / EFE.
Irati Urdalleta Lete.
Bartzelona
2022ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Urteak dira Katalunian hezkuntza egungo erronketara egokitzeko bideari ekin ziotela. Badute esperientzia horretan, eta Arabarako, Bizkairako eta Gipuzkoarako hezkuntza akordioa eta legea ondu nahian ari direnean, hara erreparatu du Eusko Legebiltzarrean ituna lortzeko sortutako lantaldeak. 2006an onartu zuten Hezkuntzarako Itun Nazionala, eta 2009an Kataluniako Hezkuntza Legea, ondoren, hainbat dekreturen bidez garatu dena.

Babes zabala jaso zuten batak zein besteak. 21 eragilek baiezkoa eman zioten akordioari, tartean, Kataluniako Gobernuak; guraso elkarteek —publikoetakoek nahiz itunpekoetakoek—; itunpeko ikastetxeen patronalek; eta CCOO, UGT eta USOC sindikatuek. Hutsuneak ere egon ziren, ordea: ikastetxe publikoetako irakasleen artean gehiengo duen USTECáSTEs. Akordioa oinarritzat hartuta, hiru urteren buruan, legea adostu zuten: PSCk, ERCk eta CIUk testu osoaren alde egin zuten, eta ICV-EUiAk orokorrean legearen alde egin bazuen ere, puntu batzuen aurka bozkatu zuen. Laurak kontuan hartuta, parlamentarien %89k babesa eman zioten legeari. Garai hartan, Ernest Maragall (PSC) zen Hezkuntza kontseilaria.

Hezkuntza komunitatearekin «eztabaida luzea» izan ostean lortu zuten ituna, Francesc Colome hezkuntza ikuskari eta Espainiako Gobernuko Hezkuntza Ministerioko Lanbide Heziketako zuzendari nagusi izandakoak eta orduan Hezkuntza departamentuko Hezkuntza Politikako idazkari zenaren arabera: «Saiatu ginen eduki zezan mundu guztiak nahi zuena». Ez dago ados Rosa Canadell, USTECáSTEs sindikatuaren bozeramaile ohia—Legebiltzarreko eta Jaurlaritzako kideak ez dira haiekin bildu—: «Hainbat bileratan egon ginen, baina ez ziguten kasurik egin». Onartu du «maila politiko-sozialean babes handia» izan zuela, baina sindikatuak orduan izan zuen jarrera babestu du: «Gu oso kritikoak izan ginen, eta historiak arrazoia eman digu». Colomek, berriz, haien jarrera deitoratu du: «Ez zuten posizio oso eraikitzailea izan».

Eztabaidak eztabaida, lortu zuten akordioa, eta legera jauzi egiteko garaia izan zen orduan. Colomek gogoan du ez zela samurra izan itunean idatzitakoak legera eramatea: «Ituna dokumentu bat da, ados gauden dena idazten dena. Legeak, berriz, izan behar du dokumentu bat esan nahi duena oso ondo esaten duena. Ezin da interpreta litekeen gauza bat izan». Halere, hezkuntzan egonkortasun bat mantentze aldera, malgutasunaren aldeko apustua egin zutela azaldu du: «Gure ideia zen gobernu desberdinek kudeatu ahal izango zuten lege bat izatea». Argi zuten helburua zein zen: Kataluniako hezkuntza «modernizatzea». Legearekin ere ez zegoen ados USTECáSTEs, eta haren aurkako zenbait protesta ere antolatu zituzten: «Ziur nago itun eta lege horiek eskuinak aurkeztu izan balitu, ezkerreko guztiek aurka egingo zuketela».

Eztabaidagai nagusia itunpeko sarearena izan zen. Legeak sare publikoa eta itunpekoa mantentzeko modua ematen du. Colomek esan du ez zutela horretan zalantzarik izan, eta, besteak beste, arrazoi hau eman du: «Nahi dut sektore publikoak lehiatzea eta jarraitzaileak irabaztea kalitatearengatik, ez sektore pribatua ixten ari naizelako». Itunpeko ikastetxe horiei hainbat betebehar ezartzen dizkie legeak: besteak beste, eskola publikoek nahiz itunpekoek leku kopuru jakin bat gorde beharko dute hezkuntza behar espezifikoak —egoera sozioekonomiko zaurgarrian daudenak, Kataluniara iritsi berriak...— dituzten ikasleentzat eta, ezingo dute kuotarik kobratu. Colomek ez du oso argi ikusten lekuak gordetzeko sistemaren eraginkortasuna: «Zalantzarik gabe, legean ipini beharra geneukan, funtzionatu dezakeen neurri bat delako, baina ez du nahitaez funtzionatzen». Neurria ezartzeko «zailtasun handiak» ikusten ditu: «Saiatzen ari zara pertsonak eskolatzen eskatu ez duten zentroetan edo horiek edukitzeko interes berezirik ez duten zentroetan».

Canadellek azaldu du itunpeko sarea mantentzearen aurka zeudela, «segregatu egiten duelako» eta gurasoei «kobratu behar ez lizkieketen kuotak» kobratzen dizkietelako: «Diru publikotik eta gurasoei kobratutakotik, finantzaketa bikoitza du, beraz, guztien artean ordaintzen ditugu pribilegiatuenen pribilegioak».

Bazegoen, ordea, inolako zalantzarik eta eztabaidarik eragin ez zuen puntu bat: katalanezko murgiltze eredua. Colomek azaldu duenez, PPk esan zien ez zeudela horrekin ados, eta prozesutik kanpo geratu ziren. Beste guztiak ados zeuden: «Gai honetan ez zen zailtasunik egon». Arlo horretan ados zegoen USTECáSTEs ere. «Erabat ados nago murgiltze ereduarekin».

Autonomia handiagoa

Gainontzean, ikastetxeentzako autonomia handitzea, irakasleak aukeratzeko irizpide berri batzuk jartzea, ebaluazioa indartzea... Aldaketa asko eta askotarikoak proposatzen zituen hezkuntza legeak, batzuk gehiago eta beste batzuk gutxiago garatu direnak.

Ikastetxeen autonomia areagotzearena da aldaketa garrantzitsuenetako bat. Colomek defendatu egin du: «Gertutasuna beti da neurri ona». Haren irudiko, egungo egoerak argi utzi du funtsezkoa dela, adibidez, curriculuma edo ordutegiak egokitzeko gaitasuna izatea. Erantsi du legearen bidez autonomia pedagogikoa, antolatzeko autonomia, kudeaketarako autonomia eta kudeaketa ekonomikorako gaitasuna garatu dituztela eskolek. Langileen kudeaketari dagokionez, esaterako, badute autonomia bat Katalunian. Zuzendariek zenbait lekuren profila zehaztu dezakete: «Zuk esan dezakezu: 'Behar dut ingelesez dakien matematikako irakasle bat', edo 'esperientzia handia duena immigratutako kolektiboekin aritzen, immigrazio handia daukan ikastetxe bat daukadalako'». Gero, Kataluniako Generalitateak plaza horiek publiko egiten ditu, eta ikastetxeetako zuzendariek ere parte hartzen dute irakasleak aukeratzeko prozesuan. Canadellek, berriz, ez du begi onez ikusten neurri hori: «Profil profesionalen aitzakiarekin, zuzendaritzak nahieran aukeratzen ari dira langileen ia erdiak». Kudeaketa ekonomikorako gaitasunaz ere aritu da Colome: «Kudeaketa ekonomikorako ere gaitasun pixka bat eduki behar duzu, gaitasun pixka bat aurrekontuak edukitzeko, ahalbidetuko dizutenak erabakitzea interesatzen zaizun dirua gastatzea robot batzuk erosteko edo euskara, espainiera edo dena delakoa ikasteko tresna batzuk erosteko».

Ebaluazioa izan da legearen bidez garatu nahi izan duten beste puntuetako bat: zehazki, irakasleen ebaluazioan urratsak egitea proposatzen du. Colomek azaldu du diseinatu zutela ebaluazio institutu bat, baina gobernutik atera zirenean, krisi ekonomikoa tarteko, bertan behera utzi zutela. Halere, ikuskariek ikastetxeak eta irakasleak ebaluatzen dituztela adierazi du, eta Katalunian badago ebaluazio batzorde bat ere, «sistemaren ebaluazio orokorrak» egiten dituena. «Nahiko neurri garatu genituen ebaluaziorako, eta hor gaude. Niri falta zait ebaluaziorako agente globalago bat —nahiz eta ebaluazio batzordeak ondo egiten duen—, denalotuago egongo dena».

Aurrera begira

Kataluniako ereduari erreparatuta, orain, Eusko Legebiltzarrari dagokio bere bide propioa egitea. Aste honetan Eusko Jaurlaritzako eta Eusko Legebiltzarreko ordezkariek Kataluniara egindako bidaian jasotako «irakaspenak, ahuleziak eta indarguneak» Hezkuntza Batzordearen esku utziko dituzte, eta horrek bere «gogoetarekin» jarraituko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.