Akordioa Nafarroako metalgintzan; Bizkaikoan, grebak indarrean dirau

CCOOk eta UGTk bost urterako lan hitzarmena sinatu dute. 35.000 langileri eragiten die

Bizkaiko metalgintzako langile batzuek atzo goizean Tecnichapa Igorreko enpresan eginiko protestaldia. A. LOIOLA / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
2022ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Akordioa Iruñean, eta urruntzea Bilbon. Horrela laburbildu daitezke atzo Nafarroako eta Bizkaiko metalgintzako lan hitzarmenak berritzeko egindako bilerak. Nafarroakoan, CCOOk eta UGTk akordioa sinatu zuten, eta bost urterako lan hitzarmena adostu. Bizkaian, berriz, FVEM patronalaren eskaintza berriak ez zituen sindikatuak gogobete, eta aste amaierarako greba deialdiei eutsi diete. Bilerak, halaber, xehetasun kezkagarri bat utzi zuen: ez dute datarik jarri berriz elkartzeko.

Nafarroako metalgintzak badu lan hitzarmen berria. CCOOk eta UGTk bost urterako akordioa sinatu dute APMEN eta ANEM patronalekin. Lehen hiru urteetarako (2022, 2023 eta 2024) soldatak %4,5 eguneratzea onartu dute, eta hurrengo bietakoak, %2. Tartean gutxieneko soldatak bi aldiz eguneratuko dituzte KPIaren arabera, eta 400 euroko bi ordainketa egingo dizkiete langile guztiei. Ituna 1.500 lantokiren eta 36.000 langileren baldintzen oinarria da.

11 hilabeteko negoziazioak atzo amaitu ziren. Irailaren 26ko bileraren ondoren, patronalek esan zuten prest zeudela CCOOren eta UGTren eskaintzak aztertzeko. Bi aldeen arteko zubi bat ireki zen, eta akordioa gertu zegoela zirudien. Beste bi bilera nahikoa izan dira hura mamitzeko. Negoziazio mahaian hamabost ordezkari daude, eta CCOOk eta UGTk launa dituzte (ordezkaritzaren %53), nahikoa ituna ofizial bilakatzeko. ELAk ere lau ditu (%27,61), eta LABek, hiru (%14,59).

Akordioa CCOOren azken eskaintza baino pixka bat xumeagoa da, hark %5eko eguneraketa eskatzen baitzuen lehen hiru urteetarako, baina trukean 400 euroko bi ordainketa onartu ditu patronalak. Bileraren ondoren, Alfonso Huizi APMENeko idazkari nagusiak UGTren eta CCOOren jarrera goratu zuen, eta «elkarrizketa sozialaren eredu» direla nabarmendu. Aldiz, kritika gogorra egin zien ELAri eta LABi: «Beste sindikatuak beren propaganda sindikala egitera mugatu dira, langileen eskubideak hobetzeko negoziatu beharrean».

ELAren eta LABen ezezkoa ulertzeko, kontuan hartu behar da, besteak beste, akordioan ez dela ageri azpikontraten subrogazio eskubidea. Bizkaiko eta Gipuzkoako itunek jasotzen duten eskubide bat da, eta sindikatu subiranistek Nafarroara zabaldu nahi zuten. Bi sindikatuek salatu dute langileen erosahalmena ez dagoela bermatuta, eta «atzerapausoak» eman direla malgutasun neurrietan.

Ordu erdiko bilera

Bilboko eta Iruñeko bilerak giro oso ezberdinean garatu ziren. Bilbokoan, FVEMek beste eskaintza bat egin zuen: %6,5eko soldata eguneraketa 2022an (iazko KPIa), %2,5ekoa 2023an, %2koa 2024an, eta %1ekoa 2025ean. Patronalak, halaber, beste aldagai bat erantsi zuen: lau urte horietan KPIa %12 baino gehiago igotzen bada, %2ra arteko igoera bat gehituko du 2025ean.

Sindikatuek ez zuten onartu, ez duelako eragozten erosteko ahalmenaren galera eta hainbat «atzerapauso» dituelako 2019an sinatu zuten lan itunari dagokionez. CCOOk, LABek eta UGTk ere beste eskaintza bat egin zuten. Hamalau puntuko agiri batean, bi dira deigarrienak: soldata KPIaren arabera igotzea eta ABLE aldi baterako laneko enpresen erabilera hiru hilabetera mugatzea. FVEMen ustez, eskaera plataforma hori «onartezina» da.

Horrela azalduta, bilera luze eta mamitsua izan zela dirudi, baina ordu erdi eskasekoa izan zen. Bi aldeen proposamen zehatzek berehala jaso zuten aurkako erantzuna. Gainera, giroa beste bilera batzuetakoa baino zakarragoa izan zen —negoziazio epeko hamabosgarren bilera zen—. Azken egunetan, sindikatuek protestaldiak egin dituzte FVEMen zuzendaritzako kideen enpresen aurrean, eta patronalak gaitzetsi egin zituen. Atzo goizean, esaterako, elkarretaratzea egin zuten Tecnichapak Igorren (Bizkaia) duen lantegiaren aurrean. Giro txarraren erakusgarri da bi aldeek ez zutela hitzartu beste bilera bat egiteko datarik. Dena den, litekeena da urtea amaitu aurretik berriz ere esertzea.

Atzoko bilera aste amaierarako deituriko greba indargabetzeko azken aukera zen. Ondorioz, lau sindikatuek lanuzteak egingo dituzte bihar, etzi eta azaroaren 2an. Tartean Domu Santu eguneko zubia dagoela kontuan hartuta, ekoizpenean etenaldi luzea egiteko aukera ikusi dute. Batetik, LAB, CCOO eta UGT mobilizatuko dira, eta, bestetik, ELA.

ELAk dagoeneko zehaztu du non eta noiz egingo duen lehen mobilizazioa. Bihar izango da, Erandion (11:30). 52.000 langile daude deituta grebara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.