Denis Itxaso. Espainiako Gobernuaren ordezkaria EAEn

«Erreparazioa, memoria eta justizia norabide guztietan aplikatu behar dira»

Itxasoren ustez, Espainiako Gobernuari aurrekontuak aurrera ateratzen lagundu dioten indarrek badakite egun ez dagoela beste «alternatibarik», eta 'Bateragune auziaz' dio «politikaren eta justiziaren bideak» batzuetan ez datozela bat.

ANDONI CANELLADA / FOKU.
gotzon hermosilla
Donostia
2021eko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Joan den otsailean izendatu zuen Espainiako Gobernuak Denis Itxaso (Donostia, 1975) bere ordezkari Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Ez da urte arrunta izan, tartean COVID-19aren krisia izan delako, baina Itxasok uste du balio izan duela lortu nahi duen xedean aurrera egiteko: alegia, kargu horrek historikoki izan duen behialako gobernadore zibilen kutsu hori atzean utzi eta bestelako edukiak ematea.

Asmo horri dagokionez, «pozik» dagoela dio: «Euskal gizartea ikusten ari da Espainiako Gobernuak euskal herritarren interesak babesten dituela eta bere aliatua dela».

Espainiako Gobernuarentzat urrats garrantzitsua da aurrekontuak onartzeko modua bilatu izana, ezta?

Beti da garrantzitsua edozein gobernurentzat, baina kasu honetan are gehiago. Alde batetik, [Espainiako Ogasun ministro ohi] Cristobal Montororen garaiko aurrekontuak luzatuta zeuden, eta horietan oso diferentea zen gobernu baten ikuspegia islatuta zegoen. Bigarrenik, gobernu berri baten lehenengo aurrekontuak dira. Hirugarrenik, Europatik iristekoak diren diru funtsak jaso behar ziren.

Azkenik, krisialdi honetan inor atzean gera ez dadin gure osasun eta hezkuntza sistema publikoak ase eta ondo hornitu behar genituen, eta gobernu berriaren agenda ezkertiarrak, eskubide sozial eta zibil berrien aitortzak ere dirua behar du. Helburu horiek guztiak ondo islatuta daude aurrekontu berrietan.

Gehiengo bat osatu da aurrekontu horiek aurrera atera ahal izateko. Gehiengo hori koiunturala da? Edo agintaldi osoa iraun dezakeela uste duzu?

Nik uste dut, oro har, inbestidura saioko bloke horrek oso argi duela [Espainiako] Kongresuan ez dagoela beste alternatibarik, eta egoera honi aurre egiteko, Espainia modernizatzeko eta hainbat erronkari aurre egiteko gobernurik egokiena dela. Gainera, aurrekontu hauek bloke hura baino babes zabalagoa lortu dute. Gobernu gisa legerik lege negoziatzen dugunean, zenbait momentutan, Sanchez presidenteak bere inbestiduran izan zuen baino babes zabalagoa lor dezakegu.

Bloke horretan ERC eta EH Bildu egonda, epelak entzun behar izan dituzue. Presio politiko eta mediatikoari eusteko prest dago gobernua?

Tamalez, ez dago ezer berririk horretan. Eskuinak ez du inoiz gaur egungo Espainia ondo ulertu izan, eta, bere garaian Zapatero presidentearekin gertatu zen bezalaxe, badago neurriz gorako diskurtsoak egiteko halako tentazio bat; eskuinak ez badu gobernatzen, Espainia beti dago amildegian. Historikoki, ezkerrak, eta alderdi sozialistak bereziki, erakutsi dute hori ez dela horrela, PSOEk ongi ulertzen duela Espainiak duen aniztasuna, eta are gehiago, PSOEk gobernatzen duenean, autonomia erkidegoen arteko elkarrizketa, sentsibilitate politiko eta sentimendu nazional ezberdinen arteko elkarrizketa areagotu egiten dela, eta Espainia bideragarri izateko politika ausart eta eraginkorragoak egiten dituela.

Orain, ERC eta EH Bildu babesa ematen ari dira gobernuaren zenbait neurriri; uste dut hori interesgarria dela estatuaren kohesiorako eta Espainiaren proiekturako.

Auzitegi Gorenak Bateragune auziaren epaiketa berriz egiteko agindu izana presio horren ingurumarian ulertu behar da?

Zuzenbide estatu batean justiziaren eta politikaren bideek ez dute zertan bat etorri, eta hori argi eta garbi geratu da auzi honetan. Ikuspegi juridiko batetik, Europak ez zituen errugabetu Otegi eta gainerakoak; esan zuena izan zen arazo formal batzuk zirela medio auzia baliogabea zela. Alde horretatik begiratuta, [Auzitegi] Gorenak ebatzi du logikoena dela epaiketa errepikatzea. Ikuspegi politiko batetik, egia da anakronikoa dela kondena bat jada bete duten pertsona batzuk epaitzea, baina berriro diot: zuzenbide estatu batean, politikaren eta justiziaren bideak batzuetan ez datoz bat.

Donostiako Udalak Mikel Zabaltzaren omenez egindako ekitaldian egon zinen. Zergatik?

Mikel Zabaltzaren senitartekoek eta beste askok aitortza behar dutelako, eta estatuaren eta gobernuaren konplizitatea eta babesa sentitzea inportantea dela deritzodalako.

«Biktimekiko enpatia» aipatu zenuen orduan. Mikel Zabaltza biktima da?

Dudarik gabe.

Oraindik indarrean dagoen bertsio ofizialak ez du halakorik adierazten. Hura sinestera, Zabaltza ihes egiten saiatu omen zen eta istripuz ito zen.

Nik uste dut inportantea dela justizia, erreparazio eta memoria prozesuak garatzea norabide guztietan. Nik hamar urte neuzkan hori gertatu zenean, baina hazi naiz pentsatuz Polizia indarkeriaren biktimek, GALenek, eskuin muturrarenek horrore jasanezin bat pairatu zutela, ekintza horiek samin handia sortu zutela, eta, gainera, akats izugarri bat izan zirela, ETAri berriro elikatzea erraztu ziotelako.

Eta bide horretan ez litzateke eraginkorragoa izango behingoz ofizialki aitortzea Mikel Zabaltzarekin benetan zer gertatu zen?

Berriro diot: beti pentsatu dut erreparazioa, memoria eta justizia printzipioak norabide guztietan aplikatu behar direla, etorkizunean elkarbizitza erein eta jorratu nahi baldin badugu.

Gobernu berria espetxe politika berria egiten ari da?

Ez nuke horrelakorik esango, azken finean presoen tratamendua indibidualizatua baita. Egia da tratamendu horretan, iraganean egindakoaren damua edo eragindako minaren aitortza eginez gero, eta birgizarteratze prozesuak aurrera egin ahala, badaudela graduz aldatzeko edo gerturatzeko aukerak, baina betiere kartzeletako tratamendu batzordeek adierazitakoaren arabera eta espetxe zaintzako epaileek erabakita.

Horrelako prozesuak aspaldikoak dira, baina baten batzuek, eskuinak batez ere, erabiltzen dituzte gobernuaren aurka egiteko. Gu egiten ari garena espetxe legea betetzea baino ez da.

Preso guztiak errotuta dauden lurraldeko espetxeetan egotea ere legea betetzea litzateke. Gaur egun zein da oztopoa hori gerta dadin?

Kasu gehienetan, presoek birgizarteratzeko prozesu horri ekiteko asmoa erakusten dutenean gertatzen ari da. Nik hori balioetsiko nuke: prozesu hori egiten ari dela eta horrekin batera preso asko egindako minaren aitortza egiten ari direla. Horrek balio terapeutiko handia du bizikidetza lantzeko.

Presoen alde lan egiten duten elkarteek ontzat eman dituzte urrats horiek, baina gutxi eta oso motelak direla nabarmentzen dute.

Gobernuak ez dauka botoirik prozesu horiei erritmo desberdinak emateko. Argi gelditu behar da aurrerapauso horiek guztiak tratamendu espezifiko eta indibidualizatuaren emaitza direla. EAEtik urrunago dauden pertsona horien birgizarteratze prozesuek emaitza batzuk izaten dituzte, eta horren ondorioz gertatzen dira gerturatzeak. Prozesu horiek azkarrago joan ahala, ez dut dudarik oraindik urruti dauden presoek ere etorkizunean izango dutela aukera gertuagoko kartzeletara bueltatzeko.

Oraindik transferitu gabe dauden eskumenen inguruko negoziazioa zertan da gaur egun?

Lan hori ez da eten. Bilerak egiten ari dira, bi gobernuek esparru bat adostu dute, eta hor bloketan sailkatzen dira oraindik transferitzeke dauden konpetentzia eta materia guztiak; kronologikoki ere lehentasunak markatuta daude, eta orain negoziatzen ari dira lehen blokean agertzen diren eskumenen transferentzia ahalik eta azkarren egin dadin.

Agintaldi hau izan daiteke autogobernua berriztatu eta gaurkotzeko agintaldia?

Euskal autogobernuari dagokionez, agintaldi honetan aurrerapauso galanta egingo da gelditzen diren konpetentziak eskualdatuta, baina EAEk baditu bere autogobernua sendotzeko eta sakontzeko beste etxeko lan batzuk. Barrura begira ere badago zer hobetu, eta horretan ez da gehiegi erreparatzen: konpetentzien banaketa euskal erakundeen artean, bikoiztasunak... Badago autogobernua modernizatu eta garatzeko aukera eder bat, eta hori euskal erakundeei dagokie.

Ondo egokitzen ari zara ardura berri honetan?

Egia da jende askok harriduraz hartu zuela nire izendapena, ez zuelako ematen nire profileko pertsona bat ondo egokituko zenik zeregin horretan, edo zeregin horrek historikoki izan duen kutsuan. Baina nire asmoa, hain zuzen ere, kargua eraldatzea zen. Historikoki, kargu horrek indarkeria eta terrorismoaren fenomenoaren inguruan lan egin izan du, baina, aro hori bukatuta, uste dut Espainiako Gobernuak ere bere egin behar dituela euskal gizarteak dituen agendak. Horregatik nahi izan dut hasiera-hasieratik agenda sozioekonomikoa, kulturala eta linguistikoa gureganatu, eta erakutsi euskal gizartearentzat hain garrantzitsuak diren gai horietan Espainiako Gobernuak zeresana baduela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.