Arantxa Tapia. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko sailburua

«Ez dugu baztertzen Euskaltelen akzioak erostea»

Tapia sailburua jakitun da munduan «egonezin handia» dagoela, eta uste du euskal enpresak, oro har, 2008an baino hobeto daudela krisi bati aurre egiteko.

JON URBE / FOKU.
xabier martin
Andoain
2019ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Mugimendu berriak iragarri ditu Arantxa Tapiak (Astigarraga, Gipuzkoa, 1963) euskal enpresa estrategikoen parte hartzeak erosteko inbertsio funtsean. Euskaltel begiz jota dauka Gasteizko gobernuak 2019. urterako, «ahal den neurrian» erabakiguneari eusteko. Enpresa historiko baten itxiera arriskua da txanponaren beste aldea.

Navaleko langileak kaleratuko dituzte aurki. Ez zen beste modurik ontziolaren jarduera berreskuratzeko?

Urrats normalak egiten ari dira; hasten baldin bagara atzera begiratzen, aurkituko ditugu enpresa horretan beste era batera kudeatzeko moduak, seguru. Kontua da iritsi garela hona, eta epaileak likidazio fasea irekiko duela.

Azalduko al da inor langilerik gabeko Naval erostera?

Erregulazioa judizializatzen bada, oztopa daiteke prozesu hori, luzatu egingo delako.

Baina azalduko dira inbertitzaileak?

Batzuk etorri dira zenbakiak jakitera, xehetasunak eskatzera, eta horrek esan nahi du agian badirela interes soil batetik harago jarduera berriak sor ditzaketen enpresak. Batzuk ontzigintzakoak dira, ontzi berriak egiteko edota zaharrak zaharberritzeko. Atzerritarrak ere badira. Eraikuntza metalikoan ariko liratekeenak ere bai. Offshore sektoreko plataformez ari gara. Eraikuntzaz ari garenean horretaz ari gara, ez beste ezertaz, lur horiek industrialak direlako. Espero dut interes horietako batzuk gauzatzea.

Jaurlaritzak garbi utzi du ez dela izango ezein proiektutako buru, baina laguntzea ez duzue baztertzen. Hori horrela da oraindik ere?

Eusten diogu: etorkizuneko proiekturik aurkezten bada, ateak zabalik ditugu parte hartze bat gure gain hartzeko, betiere gutxiengoan, eta, betiere, balizko inbertitzaileek horrela nahi badute.

Nolabaiteko lehentasuna lukete kaleratuko diren langileek lanera itzultzeko jarduera berri bat abiarazten bada?

Bi motatako langileak daude Navalen. SEPIkoak dira 150 bat, eta, beraz, lanerako itzulera Espainiako Gobernuarekin negoziatu behar dute; ari dira. Gainontzekoak kalera joango lirateke zuzenean; horiekin lan poltsa bat osa daiteke, beste kasu batzuetan egin den antzera.

Euskaltel da prentsan orri asko betetzen ari den beste enpresa bat. Beste euskal enpresa estrategiko baten erabaki gunea galduko da?

Telekomunikazioaren alorrean euskal enpresa bat edukitzea garrantzitsutzat jo zuten eragileek bere garaian, eta uste dut eredu bat dela erakusteko nola jokatu behar duen gobernu batek alor bat estrategikotzat jotzen denean. Bultzada bat eman eta martxan jartzen da enpresa, eta haur txiki bat zena, nerabe bihurtzean, erabaki propioak hartzen hasten da. Hori gertatu da Euskaltelen. Lortu da enpresa garrantzitsua izatea. Burtsara atera da, eta erreferentziazko akzioduna Kutxabank da. Zegona eta Orange izan nahi dutela? Gerta daiteke.

Eta zer egin behar du Jaurlaritzak bere haurra zenarekin?

Herri proiektu gisa jaio zenak horrela jarraitzea nahi dugu, hemengo biztanleei zerbitzua emateko, bai eta gure enpresei ere. Guretzat, garrantzitsua da enpresa horrek ibilbide luzea egitea, ikerketan inbertitzea eta jarraitzea hemen uztarturik, dituen inbertsioekin eta berriekin. Lagundu bagenezake horretan, lagunduko dugu.

Euskalteleko akzioak erostea da laguntzea?

Merkatuan martxan dago Eskaintza Publiko bat Euskaltel erosteko, akzioak gora eta behera dabiltza. Zer gertatuko den jakiteko momentua da orain.

Jaurlaritzak baztertu du Euskaltelen akzioak erostea?

Ez, ez dugu baztertzen akzioak erostea. Herri honek Euskaltel sortu zuen, eta, aurrera begira ere, behar dugu horrelako enpresa bat hemen egotea. Badakigu zein den enpresaren balioa, eta guk zer egin genezakeen, baina ez gaude itxita erostera, horrek laguntzen badu Euskaltelek hemen jarraitzea.

Bi funts sortu berri ditu Jaurlaritzak euskal enpresen errotzea sustatzeko. CAFen akzioak erosi zituen iaz. Antzeko mugimendu gehiago datoz aurten?

Baietz espero dut. Azterketa luzeak egin behar dira ezer erabaki aurretik, baina espero dut egongo dela zerbait, enpresa batzuekin harremanetan gaudelako jadanik.

Zeintzuekin?

Goizegi da ezer esateko.

%2,8 hazi da EAEko BPGa, baina moteltzea iritsi da. Agian, krisi batean bukatuko den fase berri bat abiatu da. Azken bosturtekoaren bitaminak baliatu dituzte enpresek eta erakundeek behar bezala prestatzeko?

Enpresek urrats handiak egin dituzte kudeaketaren alorrean, finantzaketan eta pertsonen kudeaketan. Bankari lotutako finantzaketaz gain, beste tresna batzuk badirela ikasi dute. 2008an, zor maila izugarria zuten, oro har, eta, orain, balantzeak hobeak dira, eta zorroztasunez kudeatzen da enpresa. Zer hobetua badago, baina ikasi da lezioa. Merkatu globalean gaudela ere ikasi dute, salmentak ez direla egin behar bakarrik leku batean edo bitan, askotan baizik. Teknologikoki ere aurrerapausoak eman dira.

Krisi baten beldur zaude?

Krisialdiak ez dira ikusten epe motzera, baina bada egonezin handi bat. Brexit-a, Txina, India, Trump, Italia, Alemania, Venezuela... Gauza asko dira, eta moteltzea iritsia da. Ez dakit noiz, baina krisi bat etorriko da, ziklo kontua delako azken finean. Ez diot deitu nahi, baina ezin da baztertu. Ematen du, hala ere, hazkunde txiki bati helduko diogula urte batzuetan.

Autogintzan dieselarena ez da laguntzen ari. Haserretu zara Espainiak erregai motorrei epemuga jarri diolako?

Bai, begira zer gertatu den. Badirudi diesela eta gasolina biharko desagertuko direla, eta etziko bakarrik auto elektrikoa egongo dela: hori ez da gertatuko. Ez da bakarrik Mercedes; autogintzaren sektore izugarria daukagu. Gure enpresek hornitzen dituzte denak, mundu osoan, eta honek asko eragiten digu. Trantsizioa egin behar da, bai, baina ez da egingo hamar urtean.

Venezuelan ere bada euskal inbertsioa. Aholkurik bai haientzat?

Ez dago inbertsio handirik, aspaldian delako konplikatua Venezuelaren egoera. Bat-batean eztanda egin du, baina urte asko daramatza egoera larriak. Gure enpresak ikasi dute zer dagoen han, eta poliki-poliki hasi dira erretiratzen. Proiektuak ahalik eta ondoena itxi, eta alde egitea da onena; baina joatea ere ez da erraza, Brasilen bezala, zabaltzea zaila bada, are zailagoa baita enpresa ixtea.

Urkullu lehendakariak ez al du konplikatu enpresa horien egoera Guaido aitortzeko bidean jarrita?

Jaurlaritzak ez du egingo Europan egiten ez dena. Lehendakaria oso Europazalea da.

Espainiaren ultimatuma garbia izan da...

Bai, Sanchezek horrela egin du... Dena den, gerra zibil baten arriskua badela ere kontuan hartu beharko da.

BRTA sortu duzue ikerketaren alorra ordenatu eta koordinatzeko. Beste sozietate bat sortu behar zen bikoizketak saihesteko?

Partzuergoaren egitura oso txikia izango da, zentroak baitira benetan sendoak direnak. Nazioartean marka ezagun bat behar genuen, gure herriari lotua.

Espainiaren tropelean joatea ez zaio komeni euskal ikerketari, ezta?

Gu erditik gora gaude, baina ez aurre-aurrean. Gure taldeak gurea izan behar du, eta argi adierazi behar dugu.

Euskal ekonomiarentzat ere bada garrantzitsua bake soziala. Elkarrizketa Sozialerako Mahaia dekretuz instituzionalizatzeak lagunduko du horretan?

Mahaiak lagundu beharko luke lortuko bagenu denok esertzea; eta egia da, beti bezala, bi sindikatu kanpoan geratu direla. Betikoari bueltaka gabiltza: bi horien zain geratuko gara, ala mahaia martxan jarriko dugu lanean hasteko? Ba, mahaia instituzionalizatu dugu, eta lanean hasi gara.

Mahai horretan sindikatu bakar bat, demagun UGT %10eko ordezkaritzarekin, nahikoa da atal sindikalaren oniritzia emateko. Zer zilegitasun sozial emango dio mahaiak proposamen bati, gehiengo sindikal batek babestu ez badu?

Ez dira planoak nahastu behar: mahai horrek ez du ia zer esanik negoziazio kolektiboari begira. Mahaiak aztertuko ditu, akaso, Jaurlaritzaren arautegi batzuk, baina proposamen horiek Legebiltzarrak onartu beharko ditu. Plan zehatzekin, gauza bera. Mahaiak onartu izanagatik, Legebiltzarraren erabakiguneak onetsiko du ala ez plan bat. Mahai horrek erabaki batzuk hartuko ditu, baina sindikatuei dagozkien eduki nagusiak, negoziazio kolektiboa edota Lanbiderekin lotutakoak, esaterako, beste erabakigune batzuetan finkatuko dira.

Mahaiaren zigilua lortzea, hala ere, sindikatu bakar baten esku egongo da. Zergatik?

Demagun mahai horretan sindikatu bakar batek onartu duela dekretu bat, edo plan bat, edo dena delakoa; ba, gauzatu egin beharko da gero, eta beste erabakiguneetara eramango da.

Baina zigilu batekin.

Bai, baina zigilu zoragarri hori izanda ere, onartu arte ez du eraginik izango.

Mahai instituzional horren garrantzia txikitzen ari zara?

Garrantzitsua da, eta balio dezake lan harremanak hobetzeko. Hortik ateratzen diren proposamen asko gero beste erabakiguneetan onartuko dira, seguru. Baina mahaia da mahaia, ez besterik.

«Ez dut aurreikusten AHTaren zatiak zaharberritu behar izatea»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.