IKUSKARIAK, TANTAKA

Zenbait lan ikuskari berri iritsi dira Hego Euskal Herrira espedienteen azken lekualdatze kanpainan, baina oraindik hutsuneak daude betetzeko. Adituen ustez, bi dira arrazoiak: hautaproba gogorra eta baldintzak; batez ere, Nafarroan.

Lan ikuskari bat lantegi batera eginiko bisitan. BERRIA.
Imanol Magro Eizmendi.
2022ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herrian lan ikuskari edo ikuskariorde bat dago Gizarte Segurantzan izena emandako 12.270 langileko. Azken hilabeteetan Hego Euskal Herriko lau ikuskaritza bulegoak jendez indartu badira ere, oraindik ez da betetzen Lanaren Nazioarteko Erakundeak aholkatzen duen ratioa. Haren arabera, ikuskari bat egon behar da 10.000 langileko. Beraz, postu gutxiegi al daude? Berez ez, legez ezarritako guztiak beteko balira —130 dira— ikuskari bat bailegoke 9.816 langileko. Orduan, zein da arazoa? «Plazak betetzea oso zaila dela. Oposizioak gogorrak dira, eta ezin da behin-behineko ikuskaririk egon. Baina ez da gurean bakarrik dugun arazo bat». Erantzuna Elena Perez Barredo Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburuordearena da.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako egoera ezagutzen du Perezek, baina Nafarroan antzera daudela azaldu du Victor Garcia CCOO sindikatuko estatuko administrazioaren arloko koordinatzaileak. «Iaz, Iruñeko bulegoan behin-behinean jarduteko lau bulegari hartu zituzten, ez ikuskariak, bulegariak baizik, eta sekulako arnasa eman zieten lankideei. Aurten, berriz, espedienteen lekualdatze programari esker, bi ikuskariorde iritsi dira. Asko dira, pila bat». Gaia ezagutzen dutenek futbol fitxaketekin alderatzen dituzte ikuskarien joan-etorriak. Administrazioek hainbatetan espedienteen lekualdatzeekin lortzen dituztelako ikuskariak, eta horrek beste administrazio bati «kentzea» eragiten du.

Ikusi gehiago: Galbahea ordenagailuak egiten duenean

Sailburuordea pozik dago azken asteetan hainbat hutsune bete dituelako. Dioenez, Araba eta Gipuzkoako plazak betetzea kostatzen da gehien; Bizkaian, berriz, lortzen dute. Nafarroan, ordea, buruhauste handia da, eta, Garciaren iritziz, lan baldintzek eragina dute. «Soldata oneko postuak dira. Administrazioaren 27. eta 28. mailako funtzionarioak dira. Baina Nafarroako Gobernuko langileek Espainiako administraziokoek baino baldintza hobeak dituzte oro har, eta oposizio bide luzea egin nahi duen nafarrak Nafarroako Gobernuaren deialdiak lehenesten ditu». Horrek epe motzeko jario bat sortzen du: «Ikuskari gehienak Espainiatik datoz; urte bateko epea betetzen dute hemen, eta jaioterri ingurura itzultzen dira gero».

Jaurlaritzan arazo hori ez da hain larria; besteak beste, eskuduntza erdi bana dutelako Espainiako Gobernuarekin. Migrazio edo gizarte-segurantza auziak Espainiako Gobernuko funtzionarioek ikertzen dituzte; besteak, berriz, istripuen prebentzioa, lan harremanak, kontratazioa eta abar, Jaurlaritzako Lan Sailekoek. «Mahai berean, bi erakunde ezberdinetako funtzionarioak egon daitezke elkarren alboan. Araban, esaterako, ohikoa da», azaldu du Perezek. Jaurlaritzak eskuduntza osoa eskatua du, eta Auzitegi Konstituzionalaren aldeko ebazpen bat du. Eraginkortasuna hobetuko lukeela uste du. Eta Nafarroan? Garciak ere begi onez ikusiko luke: «Ondo bidean, lan baldintzak hobetuko lirateke».

Biak bat datoz oposizio zaila dela, eta Jaurlaritzak eskuduntza osoa hartuta ere hasiera batean behintzat oso zaila litzatekeela sarrera bidea aldatzea. Hasteko, Espainiako Gobernuak egiten duen deialdi bat da, barruti bakar batean. Eta, gero, ikasi beharrekoa dago. «Zaila da. Prestaketa handia dute ikuskariek; urte askoko bide luzea da. Prozesua hain da zorrotza, gaindituta ere gero hilabete askoko bidea baitute ikuskari eskolan eta praktikak egiten», nabarmendu du Perezek. Ikuskari izateko, unibertsitate ikasketak behar dira ezinbestean, eta ondorengo hautaprobak lau fase ditu, eta hainbat aurkezpen. Praktika garaia, azkenik, bost hilabetekoa da.

Lanik ez zaie falta

Sailburuordeak begi onez ikusiko luke hautaketa prozesua aldatzea: «Galbahe bat behar da, baina nik garrantzi handiagoa emango nioke geroko formakuntzari, azterketei baino. Esaterako, okurritzen zait epaileen laugarren txanda delakoaren sistemaren antzeko zerbait txertatzea. Alegia, prestigio jakin bateko legelariak sartu ahal izatea oposizio bide errazago batekin». Atzerrian, eremu pribatuko lan eskaintzen tentazioa handia da, azaldu duenez, baina Hego Euskal Herrian hori ez omen da arazoa.

Ikuskariei ez zaiela lanik falta esan dute biek. Bi modutara jarduten dute batez ere: salaketen ondoren, eta ofizioz; eta ofiziozko betebehar horretan arlo ezberdinak dituzte. «Norbanakoen eta epaitegietako salaketak lehenesten dituzte, premiazko kasuak direlako», azaldu du Garciak. «Baina, horrez gain, 105 ikuskaritza kanpaina dituzte Nafarroan. Lan pila bat da. Hortik aurrerako ekuazioa erraza da: zenbat eta ikuskari gehiago egon, ardura handiagoa hartu ahalko lukete».

Salaketak daudenean, bertaratu egiten dira ikuskariak. Lan istripu larri bat badago beti doazela azaldu du Perezek, horretarako dutela zaintza zerbitzua. Gehitu du greba deialdi gehienetan ere bertaratzen direla: «Ia beti egoten da greba eskubidea urratzen ari direlako salaketaren bat». Bestela, aletu du lurraldeen artean ere badaudela aldeak: «Bizkaian, esaterako, salaketa bidez jarduten da, sindikatuek salaketa asko egiten dituztelako. Gipuzkoan, salaketa gutxiago daude; gehiago jarduten dute kanpainen bidez».

Ikuskaria eta Osalaneko teknikaria elkarrekin ikustea ez da arraroa, baina Perezek zehaztu du ardura ezberdinak dituztela. «Osalanek istripuen prebentzioa lantzen du; ikuskariak, berriz, gauza askoz gehiagori erreparatzen die». Esaterako? «Demagun biak doazela obra batera. Osalanek prebentzio neurriak aztertuko ditu. Ikuskariak, berriz, segurtasunaz gain, kontratuak begiratzen ditu, langileak Gizarte Segurantzan izena emanda dauden, ordutegiak... Ikuskariak, gainera, isunak ezartzeko ahalmena du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.