Osasungintza euskaldunaren aldeko sinadura bilketa

Unai Larrinaga Torrontegi
2020ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Zenbait eragilek Osakidetzari, EHUri eta Eusko Jaurlaritzari zuzenduriko sinadura bilketa jarri dugu martxan, euskara gaixorik baitago osasungintzan. Ospitaleetan, osasun zentroetan, herriz herri eta baita formatu digitalean ere berauek biltzen ibiltzeko asmoa dugu.

Osasun arloko hezkuntzari dagokionez, ez dago ikasketak euskara hutsean burutzeko aukerarik. Ipar Euskal Herriko ikasleek unibertsitate frantsesetara jo behar izaten dute ikasketak burutzera. Hego Euskal Herriko Unibertsitateek, alderdi batetik, ikasketa batzuk bakarrik gazteleraz eskaintzen dituzte, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Erizaintza gradua kasu. Eta, beste alderdi batetik, euskaraz eskaintzen diren lerroek ez dute bermatzen ikasketak euskara hutsean burutzeko aukerarik, Euskal Herriko Unibertsitateko Medikuntza gradua, kasurako.

Osasun arloko lan munduan erdarak dira hizkuntza hegemonikoak: komunikazio formala, hizkuntza zientifiko-teknikoa, profesionalek idazten dituzten bilakaera orriak, espezializazio planak... Erderen hegemoniak ondorio bat du: paziente euskaldunek ez dute bermaturik osasun arreta euskaraz jasoko dutenik. Aurten jakin izan dugu Aizarnazabal, Getaria, Zestoa eta Zumaiako osasun etxeetan euskaraz ez zekien pertsona bat kontratatu dutela urtebeterako; eremu honetako herritarren %80 baino gehiago euskalduna izanik.

Egoera honen guztiaren jakitun den langile talde batek bere ekarpena egin nahi izan du arreta osoa euskaraz eskainiz, bai ahozko komunikazioan eta baita idatzizkoan ere. Horretarako, larrialdi zerbitzuetako alta txostenak euskaraz idazten hasi ginen. Bidea ez da erraza izan, eta oztopo berriak ditugulakoan gaude. Osakidetza testu kliniko libreak automatikoki euskaratik gaztelerara itzuliko dituen Itzulbide izeneko egitasmo bat lantzen ari da, 2021. urtean martxan jarriko litzatekeena.

Itzultzaile neuronal automatiko batek, mauka dirudien arren, euskararen normalizazioaren ikuspuntutik ertz asko ditu. Hasteko, Itzulbide euskarazko testu librea gaztelerara itzultzeko helburuarekin ernaldu da, euskaraz izango ditugun eremu urriak erdaldunduz. Hortaz, ez ditu langileak edota osasun ikasleak euskara ikastera, praktikatzera edota hobetzera animatzen; euskaraz dagoena gazteleraz eskainiko baitzaie. Hau da, osasun profesionalen euskara ezagutza ezinbesteko egin beharrean, hautazko bihurtzen du. Hori horrela izanik, ez ditu hizkuntza dinamika hegemonikoak iraultzen, ezta pazienteen euskarazko arretarik bermatzen ere.

Osakidetzako II Euskara Planaren helburu nagusia euskararen presentzia eta erabilera handitzea da, eta frogatu beharra dago tresna honek lagunduko ote duen helburu horretan. Itzulbidek euskaraz idazteko bidean gatazka edota konfrontazio zuzena baretu ditzake, baina euskara hautazko hizkuntza bilakatzen badugu, egungo gaixotasuna kronifikatzera kondenatuta gaude.

Konponbidea epe luzerako plangintza egitean datza, eta hurrengo puntuetan laburbiltzen ditugu osasun egituretan euskara normalizatzeko proposatzen ditugun lan-ildoak:

Itzulbide proiektua behin-behinean etetea hurrengo proposamenak garapen bidean jarri arte:

Ikasketak eta formakuntza euskara hutsean egiteko aukera bermatu.

Hizkuntza zientifiko-teknikoa euskaratu eta estandarizatu.

Proba osagarriak eta proba diagnostikoak euskaraz jaso.

Esparru formal orotan euskaraz idazteko aukera ziurtatu: ibilbide elebidunen gisako formatuak landuz, adibidez. Osasun arreta maila guztietan, euskarazko zerbitzu integrala eskainiko duten profesionalen katea.

Euskaraz ikasi nahi dugu. Pazienteak euskaraz artatu nahi ditugu. Euskaraz azaldu nahi ditugu gure ondoezak gaixoaldian. Osasungintzako paziente, ikasle eta langileak gara eta osasungintza euskalduntzera gatoz.

SINADURA BILKETARA HONAKO ERAGILE HAUEK ATXIKITU DIRA:Aintzat Osasungintza Euskalduntzeko Mugimendua, MedikuntzakoAsanblada, Euskal Herrian Euskaraz,ELA sindikatua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.