HIZPIDEAK

Jarrai dezala lasterketak

Eider Goenaga Lizaso.
@EiderGoenaga
2022ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Iritsi da amaierara Korrika. Lerro hauek noiz irakurri, bost edo bi kilometro falta daitezke, edo jada amaitua egon eta festa giroa nagusi izan Donostian. Herri baten ikurra da Korrika, euskara maite duen ororen harrotasuna, barrutik korrika zoazela edo kanpotik begira zaudela zerbait handia gertatzen ari den sentimendua, zirrara, malkoek bustitako begirada...

Lekuko barruan bidaiatu duen mezua irakurtzeko eguna iritsi da, nork idatzi duen eta zer idatzi duen jakitekoa. Maialen Lujanbio bertsolariak idatzi zuen azkena, 2019an. Mezu argia bidali zuen, giharrak gogortzen diren bezala, erabiltzen ez den hizkuntza ere galduz joaten baita: «Hizkuntza ez da edukitzekoa. Lizuna egiten zaio barruan gordeta, lika».

Euskarak badu giharra, baina giharra lantzen jarraitu daiteke oraindik. Joseba Sarrionandiak Lujanbioren aurretik esan zuenez, «euskararen alde egitea normaltasunaren kontra egitea da oraindik». Itsaslasterren kontra igerian egitearen antzekoa, beraz, euskararen alde egitea.

Eta igerian ez, baina lasterka osatu ditu Korrikak bi milatik gora kilometro, elur, euri, hotz, bero edo haizea gorabehera, aurrera beti, babesean une oro. Ariketa, ordea, ez da gaur amaitzen. Normalizaziora heltzeko lasterketa maratoi bat da, edo oztopo lasterketa. Hitz eta ekin, beraz,oztopo guztien gainetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.