HILBERRIA. Richard Attenborough

Etenik gabeko zinemagilea

Araitz Muguruza.
2014ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Ordurako izen handiko zinemagilea zela, Richard Attenboroughek baiezkoa eman zion Steven Spielbergen proposamenari, eta aktore lanak egin zituen Jurassic Park filmean (1993). Ofizioak hainbeste poz ematen zionez, hori eta beste zenbait gauza eman behar zizkiola pentsatzen zuen zinemagile, aktore eta ekoizle ingelesak; atzo hil zen, 91 urte betetzeko bost egun falta zitzaizkiola, Londresen.

Aktore hasiberria zen Attenborough Bigarren Mundu Gerra hasi zenean, eta gerra propagandarako egin eta erabili zuten film batean jokatu zuen lehenengo rola—In Which We Serve (1942)—: marinel desertore batena. Baina gerra garaiaz antzeztu bakarrik ez, Attenborough aliatuen aireko indarreko kide izan zen. Gerraostean iritsi zitzaion bere lehenengo protagonista rola, The Man Within filmean (1947), Graham Greene idazlearen izen bereko nobelaren egokitzapenean. Horren ondotik, ibilbidea sendotuz joan zen.

Antzerkigintzan ere aritu zen. Agatha Christie idazlearen The Mousetrap obran parte hartu zuen Sheila Sim emaztearekin batera. 60ko hamarkadan, berriz, Hollywoodera joatea erabaki zuen. Hara iritsi berritan, John Sturges zuzendariak The Great Escape filmeko protagonistetako baten rola eman zion. Kide izan zituen Steve McQueen, James Coburn, James Garner... Robert WisenThe Sand Pebbles pelikulan (1966) McQueenekin lan egin zuen berriro, eta bigarren mailako aktore onenaren Urrezko Globoa irabazi zuen lan horrekin. Hurrengo urtean ere sari bera jaso zuen, Doctor Dolitte-n egindako lanagatik, hain zuzen ere. 1979tik aurrera aktore lanak albo batera utzi, eta zinemagile hasi zen Attenborough.

Horrela, bere ametsetako bat betetzeko aukera izan zuen. Gandhiren bizitza pantaila erraldoira eraman zuen, eta behar zuen finantzaketa eta gustuko aktore nagusia aurkitzeko bederatzi urte eman ondoren, 1982an estreinatu zuen desio handiz egindako pelikula hura, Gandhi. Harekin lortu zituen zuzendari onenaren eta film onenaren Oscar saria, bere ibilbideko lehenengoak, hain zuzen ere. Beste hainbat film zuzendu zituen; besteak beste, Cry Freedom (1987), Hegoafrikako apartheid-aren aurkakoa. Donostiako Zinemaldiak atzera begirakoa eskaini zion 1991n.

Grey Owl (1999) eta Closing the Ring (2007) izan ziren Attenboroughek zuzendutako azken bi lanak. 2008an buruko isuri bat izan zuen, eta gurpil aulkian gelditu zen. David Attenborough naturalista anaia zuen. Hiru seme-alaba zituen. Horietatik zaharrena eta haren alaba Indiako ozeanoko tsunami baten ondorioz hil ziren, 2004an. Haren omenezko fundazio bat jarri zuen martxan Swazilandian. Zahar etxean eman ditu azken urteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.