jon ordonez garmendia
HIZPIDEAK

Ema(h)itza

2018ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Gogoratzeko egun bat da urriaren 1a 2017. urteaz geroztik. Memoria kolektiboan daude duela urtebete Kataluniako bozkalekuetan jazo ziren Espainiako polizia eta guardia zibilen oldarraldiak Kataluniako Gobernuaren erreferenduma galarazteko. Urtebete pasatu da, eta jazarpena ez da amaitu. Espetxeratuak, erbesteratuak, auzipetuak... Normaltasun demokratikoa hautsi egin zen Katalunian 2017. urteko urriaren 1ean, eta giro horretan ezinbestekoa da Kataluniako herritarrek egun horretan jasan zutena gogoratzea ondoren etorri dena ulertzeko. Urte honetan gertatu dena ez da ziurrenik erreferendumean botoa eman zutenek gertatzea espero zutena; zatituta ageri dira eragileak. Horregatik, orain, ezinbestekoa da gogoratzea zer gertatu zen iazko urriaren lehenean.

Baina, ostiko, kolpe eta beste edozein biolentziaren gainetik, bihar gogoratu behar da 2017ko urriaren 1ean herritarrek Katalunian euren etorkizuna bozkatzeko hautetsontziak jarri zituztela, baldintza oso zail batzuetan erroldaren %43k bozkatu zuela eta bi milioitik gora lagunek (hamarretik bederatzi boto-emailek) independentziaren alde bozkatu zutela. Carles Puigdemontek atzo Gernikara bidali zuen mezuan argi adierazi zuen zein den urte honetan gertatu den guztiaren muina: «Kataluniak bere eskubidea erabili zuen, eta hori errespetatzea nahi dugu». Ez diezaiola memorian jazarpenak itzala egin herritarren hitzari, emaitzari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.