Eider Goenaga Lizaso.
HIZPIDEAK

Eskandalua bikoitza da

2020ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Lurpean jarraitzen dute Zaldibarko luizian desagertutako bi langileek. Lurra mugitu ahala, zaborraren azpian gordetako hainbat eskandalu aireratu dira; amiantoa beste hondakinekin nahastuta, irregulartasunak erabileran, ustezko zigor espediente bat... Baina jada garbitu dute errepidea, autoek ia arazorik gabe egin dezakete bidea; normaltasuna itzuli da.

Baina non dira halako gertakari lazgarri baten aurrean aurpegia eman behar duten arduradun politikoak? Ingurumen Saila atera da zabortegiaren inguruko azalpen gutxi batzuk ematera. Baina eta desagertutako bi langileak? Haiei buruz hitz erdirik ere ez agintari politikoen ahotan. Ez agerraldirik, ez haien bilaketa lanen inguruko azalpenik, ezer ere ez.

Eta larriagoa dena: gizarteari azalpenik ez ematea gauza bat da, baina eta haien familiak? Zaila da irudikatzea nolakoa izan daitekeen familien sufrimendua egunotan. Zaborraren azpian harrapatuta daudela jakitea, hilik egongo direla pentsatzea, eta horren inguruan azalpenak eman behar dituen inork azalpenik ez ematea, inork elkartasun keinurik txikiena ez egitea. Eskandalua da zabortegian gertatzen ari zena eta gertatu dena, baina are eskandalagarriagoa da bi familien sufrimendua arintzeko keinu txikiena ere ez egitea. Ez zen hain zaila hori saihestea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.