Euskal presoen sakabanaketa amaitutzat eman dute Sarek eta Etxerat-ek. 34 urteko ibilbidea izan du, eta min eta sufrimendu handia eragin. Andoni Ortuzar EAJko EBBren burua beren etxetik urruti preso egon direnei eta haien «inguruari» —tartean haien senitarteko eta lagunak bisitatzera joateko milaka kilometroak egin dituztenei— mintzatu zitzaien, atzo:«biktimei eta gizarteari sortutako min bidegabea aitortzeko» eskatu zien, hori urrats garrantzitsua izango delakoan«euskal herritarren arteko elkarbizitzan». Iraganaren irakurketa kritikoa egin al du Ortuzarrek? Egin al du EAJk? Non ziren duela 34 urte?
Eta non hori baino bost urte lehenago? Orduan Pasaiako Badian sarraskia egin zuen Espainiako Poliziak. Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kide hil zituzten, 113 bala zauri zituzten lauren gorpuek, eta haiek tiro egin zutela esateko frogarik ez dago. Asteon jakin da EAJren eta PSEren esku dagoen Jaurlaritzak berak eskatuta EHUko Unesco giza eskubideen eta botere publikoen katedrak egindako txostena ez diela eman segadan hildako lau lagunen senideei, han jasotako gomendioei bizkar emanda. Eta, noski, haiek minduta eta haserre daude.
Euskal herritarren arteko elkarbizitzan gauza askok dute eragina. Biktima batzuk besteen desberdin sentiarazteak ez du laguntzen. Eta biktimei berez duten mina areagotzeak ere ez.

HIZPIDEAK
Iragana gaur
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu