Gontzal Agote.
Oscar Sariak. IRITZIA

Mundua zabala eta arrotza da

2020ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Antza denez,boz emaileek ere Sarrionandiaren poemako maisuaren ahotsa entzun zuten, eta ikasi, hor nonbait badela mundu bat, jator eta emankorra.

Egia esatera, zabala zela jakin bazekiten, zinemak industria izena hartu zuen memento beretik negoziorako zein kolonizazio kulturalerako ezinbesteko tresna bihurtu baitzen. Mugaz gaindi, ametsak saltzeaz gain, mundu ikuskera bat zabaldu zuen.

Horregatik, Hollywoodi bere fokuetatik kanpo dagoen oro arrotz egin zaio, etaegiten zaio. Industria horrek mespretxatu izan du kanpotik etorri zaion ia dena. Kasurik onenean, bertakotu egin du, bertsio estatubatuarra sortuta. Beste batzuetan, berriz, kanpoko sortzaileak bereganatu ditu.

Jarrera horrek mundu mailako bokazioa duten Oscar sarietan du bere adierazpiderik gordinenetakoa: filmik onena saritzen dute (haiena), eta atal berezitu batean besteena.

Horrela, Mon Oncle, Otto e mezzo, Le discret charme de la bourgeoisie, Dersu Uzala, Fanny och Alexander eta gisako maisulanak ez ziren izan filmik onenerako hautagaiak ere. Horientzat, beste askorentzat bezala, bigarren mailako jostailua zuten nagusiek. Eta denok, iji eta aja. Munduak normaltasunez hartu izan du azpiratze iraingarria, eta pozarren hartu plater nagusitik erortzen ziren papurrak.

Logika suntsitzaile horrek eztanda egin behar zuen inoiz, eta, azkenean, egoerarik surrealistenera ailegatu ginen asteleheneko goizaldean: Parasite-ri bi aldiz eman zioten sari bera, film onenarena eta (izena estreinatu duen) nazioarteko film onenarena. Korearra izan, eta, gainera, doble!

Historikoa? Bong Joon Horena historikoa izanen da, baldin eta zilborrari begira bizi izan den mundu txiki eta murritza norabide berri batean jartzeko bada. Izan bedi saria globalizazioak soilik ekonomikoa izan behar ez duela ikusarazteko tresna; batez ere kulturala izan behar duela ulertzeko, betiere joan-etorriko norabidean.

Balio beza sariak Joon Horen eta bazterrean utzi dituzten beste askoren filmografia apartekin gozatzeko, Asiako zinemagintza aberatsa ezagutzeko, eta munduko ustezko periferia guztietan egiten diren filmetara kuriositatez, miresmenez eta errespetuz hurbiltzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.