Txekor tripaki eta muturrak saltsan

GORKA RUBIO /FOKU.
Iker Markinez.
2020ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
OSAGAIAK
Txekor mutur bat
Txekor tripaki kilo bat
2 tipula
2 porru
2 azenario
Tipulin sorta bat
6 baratxuri ale
Tomate heldu bat
6 piper txorizero lehor
Kaiena piper bat
Basokada bat ardo zuri
100 g urdaiazpiko, xerra lodietan.
Txorizo pusketa bat
Oliba olio birjina
Gatza

1. Txekor muturrak egosi lapiko batean. Lapikoan jarri ura, tipula bat, porru bat eta azenario bat. Bi orduz irakin. Presio eltzean ere egin daiteke: lapiko mota horretan, nahikoa dira 30 bat minutu. Muturrak atera, eta hozten utzi. Lapikoko salda iragazi beste lapiko batera, eta gorde.

2. Gauza bera egin tripakiekin.

3. Saltsarako, tipulinak garbitu, txikitu eta lapiko batean erregosten jarri, oliba olio txorrotada batekin. Bost bat minutu egin eta gero, gehitu baratxuri ale txikituak eta kaiena piperra.

4. Jarraian, gehitu laukitxoetan moztutako tomatea, eta gero ardo zuri basokada bat. Sua bizitu eta utzi irakiten, ardoaren alkohola lurrundu dadin. Orain, gehitu mutur saldaren hiru edo lau burruntzalikada, eta baita tripakien saldaren beste horrenbeste basokada ere. Gehitu bizkaitar kutsua emango dion osagaia: piper txorizero lehorrak, aurretik haziak eta txortena kenduta, jakina. Utzi irakiten hogei bat minutuz. Denbora hori pasatuta, atera piper txorizeroak, kendu daukaten haragi mamia eta bota berriro ere saltsara. Guztia txino batetik pasatu, eta bota gatza.

5. Bukatzeko, txorizoa eta urdaiazpikoa lauki txikietan moztu, zartagin batean frijitu (oliorik gabe) eta saltsara gehitu. Bota tripaki egosiak ere saltsara. Muturra bertara gehitu aurretik, moztu zati txikietan. Beharrezkoa izango da guztia beste hogei bat minutuz (taparik gabe) irakitea, osagai guztien zaporeak ongi nahasteko eta saltsa pixka bat gehixeago loditzeko. Horrela, gainera, errezeta askoz ere zaporetsuagoa aterako da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.