Albistea entzun

Udal eta foru hauteskundeak. Araba

Arabako Errioxan, uzta berria

EH Bilduk Oionen eta Samaniegon irabazi du. EAJk Guardia eta Bastidako alkatetzak lor ditzake, eta PPk Mañuetari eutsiko dio soilik
Laura Perez (EAJ) eta Silvano Garcia (EH Bildu), 2019an, Bastidako alkatearen inbestidura saioaren ostean.
Laura Perez (EAJ) eta Silvano Garcia (EH Bildu), 2019an, Bastidako alkatearen inbestidura saioaren ostean. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Edurne Begiristain -

2023ko maiatzak 31

Udal hauteskundeek uzta berria utzi dute Arabako Errioxan. Batzuek espero ez zuten uzta oparoa eskuratu dute. Beste batzuei, aldiz, ozpindu egin zaie. EH Bilduk eta EAJk topa egiteko motibo bat baino gehiago dute kuadrillan. Garai batean PPren gotorleku izan zen eskualdean garaipen historikoak erdietsi dituzte bi alderdiek. EH Bildu gehien bozkatutako alderdia izan da Oionen eta Samaniegon. EAJk, berriz, erabateko nagusitasunez irabazi du Elvillarren eta Kripanen, garaipen historikoa lortu du Navaridasen eta PPri alkatetza kenduko dio, eta Ekoran, Lantziegon, Villabuenan eta Moredan ere alkatetzak mantenduko bide ditu. Txanponaren ifrentzuan dago PP: Navaridaseko alkatetza galduta, bakarrik Mañuetako aginte makilari eusteko moduan dago.

Ikusi gehiago: «Jeltzaleen kudeaketa kaskarra izan da; alderdia lehenetsi dute»

Oionen, aise nagusitu da EH Bildu, eta historian lehen aldiz boto gehien lortu duen indarra izan da. Gorakada nabarmena izan du: bost zinegotzi eskuratu ditu, 2019an baino hiru gehiago. Eduardo Terroba jeltzaleak politikatik erretiroa hartu ostean, Jose Antonio Tarragonak zuen alkate kargua berritzeko erronka, baina jeltzaleek zinegotzi bat galdu dute eta hirurekin geratu. Aginte makila eskura dezake EH Bilduk, baldin eta PPk (2), PSEk (1) eta EAJk bat egiten ez badute.

Samaniegon, berriz, ezustekoa eman du EH Bilduk, garaipena lortuta. Lehen indarra izan da lau zinegotzirekin, EAJk baino bat gehiago, eta alkatetza eskuratuko du berriro. Azken lau urteotan EH Bilduren esku egon da aginte makila, nahiz eta ez zen izan boto gehien lortu zuen zerrenda 2019an. Orduko hartan, PSE-EEk hautsi egin zuen EAJrekin zuen ituna, eta EH Bilduko hautagaia babestu zuen. Bigarren agintaldia izango du, beraz, EH Bildukoak.

EH Bilduk ez du hautagairik aurkeztu Mañuetan, Elvillarren, Kripanen, Lezan, Navaridasen eta Ekoran, baina bai Moredan, Lantziegon eta Eltziegon, lehen aldiz gainera. Moredan, bigarren indarra izan da, PSEren aurretik, eta Lantziegon, Gorka Mauleon ardogileak 51 boto eskuratu ditu, eta hirugarren indarra da PPren aurretik, eserleku batekin.

PP nagusi, baina ezin eutsi

Guardian, PP lehen indarra da lau zinegotzirekin, baina EAJk (3) eta EH Bilduk (2) gobernua osatzeko gehiengoa lor dezakete berriz ere. EAJk eskuratu zuen alkatetza 2019an, eta ikusi beharko da oraingoan ere bi alderdiek euren botoak batzen dituzten PPri alkatetza kentzeko.

Bastidan duela lau urteko emaitzak errepikatu dira, eserlekuei dagokienez. PPk lortu du boto gehien, eta horrek lau zinegotzi eman dizkio. Hortaz, EAJk eta EH Bilduk berriro bat eginez gero, jeltzaleentzat izan daiteke aginte makila atzera.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Zelaia eta Barbado, Gasteizko Gobernu Militarreko balkoian. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazteak atxilotu dituzte Gasteizen

Unai Etxenausia

Gasteizko Gobernu Militarreko balkoian atxiki dituzte, eta jendearen babes zabala jaso dute

Euskal Hirigune Elkargoak atzo bilera egin zuen Baionan. ©PATXI BELTZAIZ

«Madrilen euskaraz egin daiteke, eta Baionan ez», salatu dute elkargoan

Ekhi Erremundegi Beloki

Frantziako Estatuari gehiago eskatzeko agindu du Xabi Thikoipe Bil Gaiten taldeko hautetsiak, Euskal Hirigune Elkargoaren bileran

Iñigo Urkullu, atzo, Bilbon, Nueva Economia foroan. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

«Irudi katastrofista» hauspotzen dutenak kritikatu ditu Urkulluk

Gotzon Hermosilla

«Laino beltzez betetako Euskadi baten ideia» sustatzen dutenek «onura politikoa» lortu nahi dutela salatu du lehendakariak hitzaldi batean
Zaballako espetxea, artxiboko argazki batean. / ©Raul Bogajo, Foku

Bi urte pasatu dira Jaurlaritzak espetxe politika bere gain hartu zuenetik

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Basauriko, Martuteneko eta Zaballako espetxeetan 1.577 pertsona daude preso. Jaurlaritzak esan du azken bi urteotan «euskal espetxe eredua» garatzea baldintzatu dutela azpiegituren «gabeziek».

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...