Gazteen borroka garaia

Lemoako Gazte Topagunean hainbat mugimendu sozialen arteko elkarlana goraipatu dute «olatu emantzipatzailea» sustatzeko. Ekitaldiak jendez bete dira
Lemoako Gazte Topagunean izan zen Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia solasaldi batean.
Lemoako Gazte Topagunean izan zen Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia solasaldi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU

Lander Muñagorri Garmendia -

2019ko apirilak 21
«Gure garaia da, gazte belaunaldi berri batena; Euskal Herri askearen aldeko borrokari hauspo berritu bat emango dion belaunaldiarena». Milaka gazteren aurrean egin zuten baieztapen hori atzo iluntzean Lur Albizuk, Aitor Servierrek eta Izar Hernandok. Gazte Topaguneko karpa nagusiko oholtza gainean zeuden Ernai eta Aitzina gazte erakundeetako ordezkariak Lemoan (Bizkaia), eta haien parean, jendetza. Ekitaldi nagusiko adierazpen horiek egin, eta txaloak jendearen artetik. «Askapen prozesuari bultzada berri bat emateko garaia da; horretarako jaio ginen». Txalo gehiago. Topaguneak bigarren eguna zuen atzo, eta gain egin zuen, kalean eta antolatutako ekitaldietan gazte eta helduxeagoak erruz inguratu baitziren Lemoara.

Goizetik hasi zen biltzen jendea. Batzuk bezperako ajea gainetik kentzeko antidotoa topatu zuten hitzaldi, tailer edo marianito musikatuetan, baina biharamunik gabe zeudenak lasaiago ibili ziren, eguneko plana eginez. «Beste modurik ez dago berarekin», zioen Amaia Gutierrezek, alboan zuen seme txikiari begira. «Aspaldiko partez etorri gara Gazte Topagunera, lagunekin plan bat egin eta belaunaldi ezberdinen arteko topagune bat izango delakoan». Gazte eta ez horren gazteen plaza izaten ari baita Lemoako Topagunea.

Julen Bonbin gasteiztarrak ere hala zioen, txanda batera sartu aurretik: «Harremanak egitera etorri gara hona, eta, bide batez, baita antolakuntzan gure ekarpena egitera ere». Alde horretatik belaunaldi zaharragoetakoen laguntza ezinbestekoa izan dela onartu zuen: «Bulkada berrien garaia delako ideia horrekin, asko lagundu digute; egindako lan guztia eskertu behar diegu. Ezinbestekoa izan da».

Tabernako barran txanda egitera joan zen, eta handik gutxira hasi zen Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiaren hitzaldia. Akeita-Naiz guneko karpa jendez lepo, eta, hitz egiten hasi bezain pronto, ohartarazpena egin zuen, ironia puntu batekin: «Kanpaina egiten hasiko naiz». Espainiako Kongresurako hauteskunde kanpainan buru-belarri dabiltzan seinale. Azken boladan Espainiako alderdi eskuindarrak ezker abertzalea hainbeste aldiz aipatzen ari direla eta, horren inguruko hausnarketa egin zuen Otegik: «Guretzat ohorea da espainiar faxistek gutaz gaizki hitz egitea, gauzak ondo egiten ari garen seinale baita». Adierazpen horiei ere txaloak.

Borroka kolektiboak

Baina protagonismoa atzo gazteena izan zen, borrokarako ekimena euren gain hartu baitzuten ekitaldi nagusian: «Miseriazko espektatibak inposatu dizkioten belaunaldia gara; alternatibarik ez dagoela diote, baina gu geu gara alternatiba. Prekaritatearen eta esplotazioaren aurkako borroka pizteko unea da, kolektiboki basakeria hau geratzekoa». Guztiek bat egin eta borroka kolektibo baterako deia egin zuten Gazte Topaguneko oholtza nagusiaren gainetik: «Sistemaren porrota gara. Inposatu diguten sistemaren porrota; kolektiboki borrokatzen jarraituko dugu».

Horretarako, azken boladan Euskal Herrian piztu diren hainbat mugimendu sozialen eta borrokaren arteko elkarlanerako deia egin zuten gazteek: «Jadanik badira hamaika borroka esperientzia Euskal Herrian prekaritatearen eta esplotazioaren aurka antolatzeko. Pentsiodunen eta feministen olatuak ikusi ditugu azken urte eta hilabeteetan; aipatu borroka horiek guztiak batu eta gazte olatu emantzipatzailea altxatzea dagokigu orain». Txalo gehiago jendearen artetik. «Herri honen askapen borroka, ordea, iturburu anitzeko erreka izan behar da, eta esperientzia anitzetatik edan behar du horretarako: borroka feminista, euskararen aldeko borroka, langileon borroka eta beste hainbat uztartuz».

Hainbat borrokaren arteko elkarlanaz gain, jasotako ondarea eta lekukoa ere goraipatu zuten gazte erakundeetako ordezkariek: «Oso harro gaude, 60 urtez ezker abertzaleak egindako borrokak ekarri duelako herri hau honaino; argi dugu ezker abertzalearen borrokak eta bultzadak eramango gaituela Euskal Herria askatzera». Etorkizunerako ezinbestekoa baita iragana.