joxerra senar
GEURE KONTU

Motorra, inbertsio; Keynes, alderantziz

2022ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Asteon, Nafarroako Gobernuak salgai jarri du Los Arcoseko zirkuitua. Ez dirudi berehalakoan eroslerik topatuko duela, baina iragarpena bera porrot politiko baten egiaztapen argia da. «Motorraren erreferente» izateko asmoz bultzatu zuen proiektua Miguel Sanzen gobernuak, eta, hamarkada bat geroago, 69 milioi euro inguru xahutu dira. Beste hainbat gairekin hain suhar ageri izan diren UPNko agintariek, ordukoek zein oraingoek, ez dute hitz erdirik esan. Ez dute esango ere, oposiziora eraman zituen garai baten ikurretako bat baita.

2006an, Logroñon (Errioxa, Espainia) egoitza zuen Construcciones Samaniego eraikuntza enpresak zoruak erosi zituen Los Arcosen, eta enpresaren arduradun Jesus Samaniegok zirkuitu bat eraikitzeko proiektua proposatu zion herriko UPNko alkateari. Enpresaburuaren enkarguz aholkularitza etxe batek egindako azterketaren arabera, zirkuitua hiru urteren buruan errentagarri izango zen, bere kabuz finantzatuko zen, eta aberastasuna sortuko zuen eskualdean. Eraikuntzaz, jakina, ideiaren sortzailea arduratuko zen, eta, negozio hari bultzada politikoa eman asmoz, sozietate batean sartzea proposatu zion gobernuari: %45en truke, SPRIN sozietate publikoak 900.000 euro jarri beharko zituen soilik. Zirkuituak sei milioi euroko aurrekontua zuen hasieran. Paperak dena jaso dezakeenez, alkate baten edo, okerrago, gobernuko lehendakari baten belarriak goxatzeko zifrak eman zituen Samaniegok, eta, eskualdeko herritarren boto ehizan, aise erosi zion UPNk ideia.

Errealitatea bestelakoa izan da. Hasieratik argi geratu zen hori, hasi eta gutxira obrak eten behar izan baitzituzten finantzaketa faltaren ondorioz. UPNren gobernuak aurrera jotzea erabaki zuen. Aurrekontua 16 milioi eurora igo zen; gero, 32 milioira, eta, azkenik, 62 milioira BEZa aintzat hartu gabe, 55 milioi. Ondorengo bi urteetan, gobernuak kapital zabaltzeen eta maileguen bitartez finantzatu zuen zirkuitua, eta beste behin agerian utzi zuen eskuinak ez duela erreparorik sektore publikoaren eskuetan uzteko eurek eragindako galerak. Los Arcoseko zirkuituari dagokionez, onuradun bakarra ideiaren bultzatzailea izan zen: 1,6 milioi baino ez zituen jarri, eta, trukean, 33,4 milioi euro poltsikoratu zituen Samaniegok. Ziurrenik, higiezin sektorearen krisiaren erdian egindako opari hark bere amaiera atzeratu besterik ez zuen egin, 2016an hartzekodunen konkurtsoa deklaratu baitzuen. Gerora, likidazioa etorri zen.

2010ean inauguratu zen zirkuitua. Ondorengo hamabi urteetan argi geratu da ez zela negozio errentagarria. 2014tik 2020ra, gobernuak zirkuitua Los Arcos Motorsport enpresari alokatu zion. Kontratua amaituta, enpresak aukera zuen zirkuitua erosteko hamabost milioi euroren truke, baina ez zuen gauzatu. Aurten Nafarroako Kontu Ganberak egindako txosten baten arabera, 72 milioi euro inguru kostatu zaio orain arte alor publikoari: 55 milioi euro obra, zirkuituaren ustiakuntza sozietate publikoen eskuetan geratu den urteetan 6,7 milioi euroko defizita eragin du, interes tasetan 9 milioi euro ordaindu dira, eta urteotan 720.000 euroko abal bat gauzatu da. Gobernuaren asmoa da 15 miloi euroren truke saltzea, baina parlamentuan onartu du egun zirkuituaren balorazioa sei milioi eurokoa dela.

Ezin da ahaztu ia-ia hasieratik argi zegoela iragarritakoa baino nabarmen gehiago ordaindu beharko zela, eta aurrera jo zela: Navarra plana izeneko inbertsio plan zabalago baten zakuan sartu zuten zirkuitua UPNk eta haren bazkide PSNk, beste hainbat proiekturekin batera (Nafarroa Arena, AHT, Garraioaren hiria, ubidea...). Finantza krisitik ateratzeko zementuzko hauspoa izan zen hura. 1930eko hamarkadan Depresio Handitik ateratzeko inbertsio publikoaren irtenbidea proposatu zuen Keynesek; ia 80 urte geroago, muturrera eraman zuten ideia hura UPN-PSNk. Inbertsioa ekonomiaren motor izan ordez, motorra inbertsio. Okerrena da oturuntza hura garesti atera zela eta amaitu zenean etorri zirela murrizketak eta inbertsioaren lehortea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.